Kriptoaktiboak eta Kriptotxanponak

Kriptoaktiboak aktibo birtualak dira, ez-ukigarriak, baina merkatuak emandako balioa dutenak. Kriptografiatik datoz.

Kriptotxanponak kriptoaktibo-mota bat dira, hau da, trukerako bitarteko digital bat, beharbada ezagunena. Honako helburu hauetarako erabil daitezke:

  • Ordainketak egiteko, beste aldeak onartzen badu
  • Balioa gordetzeko
  • Inbertsio espekulatiboak egiteko

Kriptotxanponik ezagunena bitcoin da, baina Ethereum, Litecoin edo Chainlink dira, besteak beste, existitzen diren 7.000 kriptotxanponetako batzuk (beste iturri batzuen arabera, 10.000 baino gehiago daude). Kriptotxanpon bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Bitcoin ia dibisa baten antzera dabil, baina kriptotxanpon guztiek ez dutela hala funtzionatzen. Batzuek helburu oso zehatzak dituzte (startupen finantzaketa, bideojokoak eta abar).

Kriptotxanponak beti dira birtualak. Ezin dira ukitu. Ez dira zertan osorik erosi; txanpon digital baten zatiak edo partaidetzak eros daitezke.

Espainian, ordainketak egiteko legezko bitarteko moduan baimenduta daude 2015etik, baina ez dago betebeharrik kriptotxanponak ordainketa moduan onartzeko.

  1. Beren balioak gorabehera handiak ditu, oso espekulatiboak dira, eta inbertitutako guztia galtzeko arriskua altua da.
  2. Beren zirkulazioa mugatua da. Egia da kriptotxanponen gaineko inbertsioa handitzen ari dela, baina oraindik mugatua da.
  3. Daukan likidezia zalantzazkoa da. Bere hegakortasun-maila altuaren ondorioz, kriptotxanpona legezko txanpon bihurtu nahi baduzu, zailtasunak aurkitu ditzakezu.
  4. Bere bermea alternatiboa da: ez dago estaturik kriptotxanponak babesten dituenik (salbuespenak dira El Salvador eta Erdialdeko Afrikako Errepublika), eta horietako asko ez daude aktibo fisikoen bidez babestuta.
  5. Ez dago gaiaren gaineko araudi argi eta osorik. Ondorioz, babesgabezia-maila altua da. Bankuko araudiak ez du babesik eskaintzen.
  6. Zaila da kontsumitzaileen eskubideak bermatzea. Espainiako ezein erakunde ikuskatzailek ez du igorpenik erregistratu, baimendu edo egiaztatu.
  7. Mugaz gaindiko izaera duenez, eta inplikatutako eragileak herrialde askotan daudenez, arazoak konpontzea zailagoa da.
  8. Anonimoak dira. Anonimotasuna handiagoa da banku-sistema tradizionalean baino. Horrek babes handiagoa eskain dezake legez kanpoko jardueren kasuan.
  9. Deszentralizatuta daude. Ondorioz, elementu demokratizatzaile gisa uler daitekeen hori elementu ez-arautu bihurtzen da, eta, beraz, babesa murriztuta geratzen da.

Kriptotxanponak truke-sistema deszentralizatuak dira, baina txanpon tradizionaletan ez bezala, bitartekariaren figura desagertu egiten da. Hau da, beste pertsona bati ordaindu edo dirua ematean, tradizionalki banku edo ordainketa-hornitzaile batek edo bik esku hartzen dute (ordainketa egiten duenak eta ordainketa jasotzen duenak). Hala ere, kriptotxanponen sistemarekin, bitartekariak desagertu egiten dira, eta, beraz, transakzioa pertsonatik pertsonara egiten da.

Orduan, zela bermatzen edo ziurtatzen da transakzioa? Kriptografiak ematen du segurtasuna, eta transakzioa milaka ordenagailutan berretsi eta zigilatzen duten “milaka pertsonek” ematen dute bermea. Azken horri, hain zuzen ere, blockhain teknologia deitzen zaio.

Kriptotxanponen hegakortasuna eta merkatuko espekulazio altua kontuan hartu beharreko arriskuak dira. Horietan esku hartzen duenak diru asko irabaz dezake, baina inbertitutako diru guztia azkar galtzea era gerta dakioke.

Erregulazio-faltak babesa galtzea dakar. Bankuko legediak ez ditu babesten beren dirua kriptotxanponetan duten pertsonak. Halaber, txanpon birtualen igorleek ez dute zertan ezagunak izan. Bitartekari baten bidez aritu bazara eta horrek porrot egin badu edo desagertu egin bada, ez duzu estatuaren babesik edukiko (banku bat behartuta dago bere eragiketak bermatzera, aktiboen kopuru batekin, legean ezarritakoaren arabera; halaber, estatuak ere babesten ditu banku tradizionalaren erabiltzaileak).

Kriptotxanponen babesaren arabera, bi mota bereizten dira:

Stablecoin

Egonkortze-mekanismo automatikoen eta aktiboen babesa dute. Ondorioz, txanponak igortzen dituztenek edo txanponak dituztenek eskariaren gorabeheren arabera egokitzen dute eskaintza. Batzuetan, jatorrizko igorleak esku hartu behar du. Txanponak igorri dituzten enpresa handien edo kriptoaktiboen babesa eduki dezakete, bai eta finantza-erakundeen edo aktibo fisikoen babesa ere, baina horrek ez du arriskua murrizten.

Arrisku horren lekuko, 2021eko ekainean Iron izeneko stablecoina kolapsatu egin zen. Kriptotxanpon honek bere balioa galdu zuen 24 ordutan.

Babesik gabeko kriptotxanponak, esaterako Bitcoin

Adostasun orokor batean babesten da. Bere balioaren atzean ez dago aktibo ukigarririk. Ondorioz, txanpon hauek hegakorragoak dira.

Baten edo bestearen merkatuetan negoziatutako balioa oraintsu igo egin da, modu desberdinetan: babesik gabeko kriptotxanponak hazi egin dira balio negoziatuan, beren balorazioa igo egin delako (bitcoinen kopurua berdina da, baina gehiago balio dute), eta stablecoinen balio negoziatua igo egin da, merkatuan dauden stablecoin unitateen kopurua igo egin delako.

Gaur egun, merkatu ez-arautu batean gaudela baieztatu dezakegu.

Europar Batasuna erregelamendu bat lantzen ari da. Zirriborroa dagoeneko onartuta dago, baina oraindik ez dago indarrean. MICA (Markets in Crypto Assets) Erregelamendua deitzen zaio.

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak 2022ko urtarrilaren 17an BOEn argitaratu zuen urtarrilaren 10eko 1/2022 zirkularra, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalarena, inbertsiorako aurkeztutako kriptoaktiboen gaineko publizitateari buruzkoa. Baina zirkular horrek ez ditu produktuak lantzen, ez igorleak, ez eta bitarteko erakundeak ere. Aitzitik, publizitatea jorratzen du (4/2015 Errege Dekretu Legegilea, urriaren 23akoa, zeinaren eranskina aipatzen baita zirkularraren 3. Arauko 2-9 puntuetan). 

Uztailaren 9ko 11/2021 Legeak (iruzur fiskala saihesteko eta haren aurka borrokatzeko neurriei buruzkoak) hainbat betebehar ezartzen ditu kriptoaktiboak edo kriptotxanponak dituzten pertsonentzat.

Foru Aldundiek neurriak hartu dituzte kriptotxanponen gainean eta horiek PFEZekin edo ondarearen gaineko zergarekin duten harremanaren gainean. Bizkaiko Foru Aldundiak, 2022ko maiatzaren 17an, kriptotxanponak edo kriptoaktiboak edukiz gero horiek aitortu beharra adierazi zuen ondarearen gaineko zergaren ondoreetarako. Bestalde, kriptotxanpon edo kriptoaktiboen salerosketak sortutako irabazi edo galerak PFEZaren ondoreetarako aitortu beharko dira, ondare-irabazi gisa. Erabaki hauek Gipuzkoa eta Arabako Foru Ogasunekin ere adostu dira.

Blockchain

Euskaraz, bloke edo multzoen katea esan genezake, horrek beharbada kontzeptua errazago ulertzen lagunduko baitigu. Elkarrekin lotutako multzoek osatutako kontu-liburu handi bat da. Bloke horiek enkriptatuta daude, beren segurtasuna bermatzeko. Hau da, datu-base seguru eta sakabanatua da.

Nahitaezkoa da transakzioa egiaztatzen duten hainbat erabiltzaile (nodo) egotea. Hainbat erabiltzailek egiaztatutako transakzioak multzo batean sartzen dira, eta, zigilatu direnean (milaka edo milioika transakzio bilduz), multzo edo blokeen katean sartzen dira.

Hau da, kriptotxanponak meatzea edo multzoak zigilatzea esaten zaio agertzen diren arazo matematikoak arrakastaz ebazteari.

Kontzeptu honekin lotuta daude DLT izenekoak, hots, datu-base sakabanatuak. Blockhain-en aldean, DLTek ez dute zertan egon multzotan kodetuta.

Meatzaritza

Multzoak baliozkotu edo zigilatzeko orduan esku hartzen dute “meatzari” izenekoek. Ordenagailu baten aurrean (berez, ordenagailuen “baserriak” dira) dauden pertsonak dira. Bertan, transakzioak baliozkotzen dituzte, eragiketa matematikoen bidez. Meatzariek transakzioen abisuak jasotzen dituzte, eta multzotan batzen dituzte. Hala, multzoak zigilatzen saiatzen dira eta, lortzen dutenean, multzo hori katera pasatzen da eta bere segurtasuna igo egiten da. Lan hau beste "meatzari” batzuekin lehian egiten da. Izan ere, lortzen duen lehenak konpentsazio bat jasotzen du erkidego birtualaren partetik edo erabiltzen ari den multzo-katearen partetik. 

Multzoak zigilatzea geroz eta konplikatuagoa da, eta elektrizitate asko behar du. Kontsumo energetikoaren arazoa ezin da blockchain teknologiatik aparte ulertu. “Lan-froga” (POW) izenez ezagutzen den balorazio-prozesurako kontsumo energetiko handia behar da. Prozesu horiek garatzeko, ezinbestekoak dira “ordenagailuen baserriak” izenekoak, ur eta energia izugarri kontsumitzen dutenak. 

Token

Tokena da “erakunde batek sortzen duen balio-unitatea, bere negozio-eredua gobernatzeko eta erabiltzaileei botere gehiago emateko bere produktuekin aritzean; era berean, onuren banaketa errazten du bere akziodun guztien artean” (William Mougayar). Hobeto ulertzeko, kasino bateko fitxa edo autotxokeen fitxa token bat dela esan genezake.

Beraz, bitcoina token bat da, baina tokenak ez dira txanponak bakarrik. Baliagarriak izan daitezke eskubide bat emateko, lan bat ordaintzeko, pizgarri gisa erabiltzeko... Tokenak sortzen dituen erakundeak berak erabakitzen du horien erabilera eta funtzionaltasuna zein izango den.

Tokenen gainean inbertitzea zilegi da eta onurak ekar ditzake, baina kriptoaktiboen gaineko erregulazio-faltaren ondorioz, horiek erosi eta erabiltzen dituenak arrisku handia hartzen du. Tokenak ez dira finantza-neurri tradizionaletan babesten (PER, Ebidta, sarrera garbiak, mozkinak…), baizik eta etorkizuneko promesetan.

Token-motak:

  • Currency Token:Horiei kriptotxanpon deitzen diegu. Bitcoin (letra larriz) sareari buruz ari da, eta, aldiz, bitcoin (letra xehez) kriptotxanpona da.
  • ‍Utility Token:Kripto-proiektu edo -erkidego baten kontu-unitatea dira. Zerbitzu jakin batzuetara sartzeko erabiltzen dira, eta ez daude inbertsio gisa diseinatuta.
  • Community Token:Kripto-plataforma baten erkidegoaren ideian oinarritutako onura gisa erabiltzen dira. Orokorrean, mozkin batzuk eskuratzeko aukera ematen dute: beherapenak, hobariak, eta abar.
  • Security Token:Finantza-irabazi bat eskuratzeko diseinatutako tresnak dira. Erregulazio gehiago dituzte. Inbertsio-kontratuen antzera funtzionatzen dute. Igorritako aktibo digitalaren jabetza bermatzeko balio dute. Akzio moduan ere erabil daitezke.
  • Asset Token: Mundu errealeko objektuak irudikatzeko pentsatuta daude, hau da, artikulu fisikoen merkaturatzea errazteko, alde batetik bestera mugitu behar izanik gabe. Abelburuak, urrea, jabetzak, automobilak, jostailuak edo liburuak saldu eta erosteko erabil daitezke, besteak beste. 

NFT

NFT edo ‘token’ ez-suntsikorrak aktibo digital apartekoak dira, beraien artean aldatu ezin direnak, ez daudelako bi berdin. Digitalki aurkeztu daitekeen orok NFT bihurtzeko aukera dauka: txio bat, meme bat, bai eta artelan digitalizatu bat ere. ‘Token’-en kriptografiari esker, pieza hori daukan pertsona bakarra jabea dela egiaztatu daiteke.

NFTen bidez, egiazkotasunaren ziurtagiri bakarra lotu daiteke edozein artxibo birtualekin. Gainera, ziurtagiria ez da akitzen erabili arren. NFT edo token ez-suntsikorrak arte digitalaren merkatuetan erabiltzen dira, besteak beste.

Azken aldaketako data: