Kontsumobide

Maskara higienikoei eta norbera babesteko ekipamenduei (NBE) buruzko informazioa

Aintzat hartuta zein den egungo egoera epidemiologikoa eta ikusita gero eta biztanle gehiagok eskatzen dituztela COVID-19tik babesteko produktuak edo haren kutsadura-arriskua murrizteko produktuak, batez ere merkaturatzeko diren maskara higienikoak eta FFP1, FFP2 eta FFP3 maskarak, zeinak norbera babesteko ekipamendutzat hartzen baitira (NBE), Kontsumobidek zera jakinarazten du:

1. Oinarrizko eskubidea

Osasunari edo segurtasunari eragin diezaioketen arriskuen kontra babestea oinarrizko eskubidea da, eta orobat eskubidea da, maskarak ongi erabili ahal izateko informazio zuzena izatea. Halako produktuak jendearen eskura jartzen dituzten establezimenduek edo enpresek ezin dituzte hornitu nahitaezko segurtasun-markak edo gutxieneko argibideak ez dituzten maskarak edo erregelamendu bidez baimenduta ez dauden edo debekatuta dauden produktuak. Gainera, erretiratu egin behar dituzte eskatutako betekizunak edo baldintzak betetzen ez dituzten maskarak edo, beste edozein arrazoi dela eta, pertsonen osasunerako edo segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeenak.

 

Bestalde, banaketa-enpresak produktu seguruak besterik ezin ditu banatu. Hortaz, baldin badakite, edo jakin beharko balute, produktu batek ez duela aipatutako betekizuna betetzen, ezin izango dute produktu hori hornitu. Espainian merkaturatu nahi den produktu bat segurutzat joko da, baldin eta osasun- eta segurtasun-baldintzak ezartzen dituen araudia betetzen badu. Horretarako, produktua merkaturatu baino lehen, alerta-sarea kontsulta dezakezu: https://www.mscbs.gob.es/consumo/redAlertas/home.htm

 

2. NBE maskarak 

Informazio hau agertuko da, nahitaez, kontsumitzaileari salduko zaion produktuaren enbalajean: 

  1. Produktuaren ohiko izena.
  2. Ontziaren edukia (ale kopurua).
  3. Fabrikatzailearen datuak, helbide osoa barne, eta EBn baimenduta dagoen inportatzailearen edo ordezkariaren datuak.
  4. Lotea edo serie-zenbakia, edo identifikatzeko balio duen beste edozein elementu.
  5. Berrerabilgarria den ala ez.
  6. Iraungitze-epea, baldin eta maskaran jartzen badu EN 149:2001 araua betetzen duela.
  7. Zein arriskutatik babesten duen azaltzeko piktograma edo informazioa, baldin eta maskara (EB) 2016/425 Erregelamenduaren araberakoa bada.
  8. Sinbolo, piktograma edo kodeen esanahia.
  9. Alderdi hauei buruzko jarraibideak: maskara nola ipini, egokitu, gorde, erabili eta garbitu, eta, berrerabiltzekoa bada, nola aztertu eta/edo desinfektatu.
  10. Produktuak EE marka badauka eta (EB) 2016/425 Erregelamenduaren araberakoa bada:
    1. Ontzian edo adostasun-adierazpenean –NBEarekin batera badoa– (EB) 2016/425 Erregelamenduaren erreferentzia agertuko da, eta NBEaren adostasun-ebaluazioan parte hartu duten organismo jakinarazien izena, helbidea eta identifikazio-zenbakia ere bai.
    2. EN 149:2001 Europako arau harmonizatuaren arabera zer babes-mota duen agertuko da (adibidez: FFP2).
  11. Produktuak EE marka badauka arau harmonizatuez bestelako zehaztapen teknikoen arabera:
    1. Araua eta dagokion araudiaren erreferentzia agertuko dira (adibidez: GB2626-2006), eta NBEaren adostasun-ebaluazioan parte hartu duten organismo jakinarazien izena, helbidea eta identifikazio-zenbakia ere bai.
    2. Arau harmonizatuez bestelako zehaztapen teknikoen arabera zer babes-mota duen agertuko da (adibidez: KN95).
  12. Produktuak ez badauka EE markarik, datu hauek jasoko ditu:
    1. Atzerriko araua eta babes-mota (adibidez: GB2626-2006 eta KN95).

 

Nahitaezko informazioa gaztelaniaz idatzita egongo da, gutxienez. 

Etiketa ontzian jarri behar da, argi eta garbi eta irauteko moduan, edo, bestela, produktuaren gainean jar daiteke, kontsumitzaileak aise ikus badezake enbalajea jarrita egon arren. 

Aipatu den informazio hori guztia etiketan agertuko da, produktuaren gainean, edo harekin batera kontsumitzaileari eman behar zaion liburuxkan edo dokumentuan. 

Horrez gainera, etiketako datuek ezin dute gaizki-ulerturik edo engainurik sortu, inskripzio, zeinu, anagrama edo marrazkien bidez, eta ezin dute sortu produktuaren benetako izaerari buruzko zalantzarik. Horren harira, ez da agertuko deklarazio inpliziturik, zeinurik, anagramarik edo marrazkirik, argudio sanitarioak jasotzen dituenik (prebenitu, sendatu, gaixotasuna hobetu) edo frogatu gabe dauden propietateak edo gomendio ez-ofizialak ematen dituenik. 

Merkaturatu baino lehen, enpresa banatzaileak ziurtatu behar du ezen enpresa fabrikatzaileak eta enpresa inportatzaileak bete dituztela (EB) 2016/425 Erregelamenduan eta/edo Industria eta Enpresa Txiki eta Ertainen Idazkaritza Nagusiaren 2020ko apirilaren 23ko Ebazpenean NBEak merkaturatzeko ezarrita dauden betekizunak; ebazpen hori COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren testuinguruan norbera babesteko ekipamenduak (NBE) erabiltzeari buruzkoa da. 

Adi: EE marka ez duten NBE-ek merkatua zaintzeko agintariaren aldi baterako baimena eskuratu beharko dute, osasun- eta segurtasun-maila egokia bermatze aldera. Beraz, EE marka ez duten NBE maskarak merkaturatzen dituen enpresak ziurtatu behar du hornitzaileak, inportatzaileak edo fabrikatzaileak merkatua zaintzeko agintariaren aldi baterako baimena duela. 

3. Maskara higienikoak. 

Halakotzat hartzen dira 93/42 Zuzentarauaren edo (EB) 2017/745 Erregelamenduaren arabera produktu sanitario ez direnak, edo (EB) 2016/425 Erregelamenduaren arabera NBE ez direnak. Legeriaren araberakoak diren maskarak bakarrik merkaturatu daitezke, eta, legeriaren araberakoak izateko, gutxieneko informazioa eman behar diete kontsumitzaileei. 

Maskara higienikoen etiketetan datu hauek jaso behar dira, gutxienez: 

  1. Enpresaren datuak: izena, sozietate-izena eta egoitza.
  2. Produktuaren ohiko izena; hau da, oro har nola esaten zaion produktu horri. Helburua da zer produktu-mota den zalantzarik gabe identifikatzea.
  3. Ontziaren edukia: ontzian hainbat maskara egonez gero, zehazki zenbat dauden.
  4. Konposizioa.
  5. Erabilera-epe gomendatua.
  6. Produktuaren oinarrizko ezaugarriak; beharrezkoa bada, maskararen neurria jarriko da, eta berrerabilgarria den edo behin erabiltzekoa.
  7. Ohartarazpenak; besteak beste, «Produktu hau ez da, ez norbera babesteko ekipamendu bat, ez produktu sanitario bat».
  8. Fabrikazio-lotea, baldin eta elaborazio-prozesua serie identifikagarrietan egin bada.
  9. Maskara jartzeko, erabiltzeko, mantentzeko, manipulatzeko eta ezabatzeko jarraibideak.
  10. Produktuaren jatorria, baldin eta datu hori ez jartzeak kontsumitzaileari gaizki-ulerturen bat eragin badiezaioke.
  11. UNE 0064-1:2020, UNE 0064-2:2020 edo UNE 0065:2020 zehaztapen teknikoak edo beste edozein arau baliokide betetzen dituen ala ez; zehaztapen horien bidez, maskara higienikoak, behin erabiltzekoak eta berrerabilgarriak diseinatzeko materialei, diseinuari, egiteko moduari, josteari, markatzeari eta erabiltzeari dagokienez bete behar diren gutxieneko betekizunak ezarri dira.
  12. Iragazketa bakterianoaren efikaziaren gaineko (BFE) eta arnasgarritasunaren gaineko (presio diferentziala, Pa/cm2) datu testatuak –baldin eta testa egin bada–, saiakuntza-zenbakia eta laborategiaren izena barne.
  13. Maskara higieniko berrerabilgarrietan, adierazi beharra dago gehienez ere zenbat aldiz garbi daitezkeen, bai eta garbitzeko eta higienizatzeko metodoa zein den ere.
  14. Azken prezio osoa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorraren testu bateginaren 20.c) artikuluaren araberakoa (testu bategin hori azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). 

Etiketa ontzian jarri behar da, argi eta garbi eta irauteko moduan –enbalajea merkatuan dagoen txikiena izatea gomendatzen da–; bestela, produktuaren gainean jar daiteke, kontsumitzaileak aise ikus badezake enbalajea jarrita egon arren. Maskarak Internet bidez salduz gero, informazio hori web-orrian ere agertuko da. 

Ontziratu gabe kontsumitzailearen eskura jartzen diren produktuek nahitaezko informazioa eraman beharko dute, dela produktuaren gaineko etiketan, dela produktuarekin batera erosleari entregatuko zaion liburuxkan edo dokumentuan. 

Nahitaezkoak diren azalpenez gain bestelakoak ere jar daitezke, betiere kontraesanik sortzen ez badute nahitaezko gutxieneko datuekin. 

Etiketako datuek ezin dute gaizki-ulerturik edo engainurik sortu, inskripzio, zeinu, anagrama edo marrazkien bidez, eta ezin dute sortu produktuaren benetako izaerari buruzko inolako zalantzarik; horrez gainera, ezin dute bidea eman NBE-ekin edo produktu sanitarioekin nahasteko. 

Iragazketa-efikazia eta arnasgarritasuna egiaztatzeko laborategiko saiakuntzarik egin ez zaien maskaren kasuan, etiketetan ezingo da ezer esan pentsaraz dezakeenik produktuak egiaztatu ez diren propietateak dituela. Adibidez: “birusaren kontrako babesa” edo antzekoak. 

Nahitaezko informazioa gaztelaniaz idatzita egongo da, gutxienez. 

Araudia: 

1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena. 

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko martxoaren 9ko (EB) 2016/425 Erregelamendua, norbera babesteko ekipamenduei buruzkoa eta zeinaren bidez Kontseiluaren 89/686/EEE Zuzentaraua indargabetzen baita. 

Ebazpena, 2020ko apirilaren 23koa, Industria eta Enpresa Txiki eta Ertainen Idazkaritza Nagusiarena. 

1468/1988 Errege Dekretua, abenduaren 2koa, Kontsumitzaileen zuzeneko salmentarako diren produktu industrialak etiketatzeko, aurkezteko eta iragartzeko Erregelamendua onartzen duena. 

1801/2003 Errege Dekretua, abenduaren 26koa, Produktuen Segurtasun Orokorrari buruzkoa. 

Ehunkiak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko irailaren 27ko (EB) 1007/2011 Erregelamendua –ehun-zuntzen izenei eta ehunkien zuntzetan konposizioaren berri emateko etiketei eta markei buruzkoa– eta abenduaren 26ko 1801/2003 Errege Dekretua , produktuen segurtasun orokorrari buruzkoa. 

SND/354/2020 Agindua, apirilaren 19koa, aparteko neurriak ezartzen dituena herritarrek COVID-19az ez kutsatzeko neurri higieniko gisa erabiltzeko gomendatzen diren produktuak eskura ditzaketela bermatzeko

* Eduki hau informatiboa da eta ez du balio juridikorik

Azken aldaketako data: