Nola dakite nora noan?

Kasu errealak:

Nola dakite nora noan?

Aitziberrek hegaldi merke bat eta hotel oso polit bat erreserbatu zuen asteburu baterako.

Handik egun gutxira, bere sare sozialetako publizitatea aldatu egin zen: asteburua pasatzera zihoan lekuarekin lotutako bidaien eta hotel-erreserben iragarkiak bidaltzen zizkioten. Eta kontua ez zen hor amaitu: Interneten nabigatzen ari zela, gai horri buruzko iragarkiak ateratzen zitzaizkion. Hori gutxi ez eta, posta elektronikoko erretiluan, bere helmugaren inguruetan dauden zerbitzuetarako eskaintza eta sustapen esklusibo mordo bat jaso zuen.

Azaldu dugun egoera dirudiena baino ohikoagoa da, eta zuzendutako publizitatea esaten zaio.

Zuzendutako publizitateak publiko jakin bat du xede. Gure interesak eta ohiturak kontuan hartzen ditu guri produktu eta zerbitzu bereziak eskaintzeko, eta informazio hori hainbat bidetatik lortzen da.

  1. Cookie-en bidez. Izan duzu haien berri, eta onartu egin behar dituzu webgune askotan sartzean. Nabigazioa errazten dute, baina asko dakite guri buruz; jakin dezakete zenbat denbora igaro dugun webgunean, zein hizkuntza aukeratu dugun eta bestelako alderdi pertsonalak. Hirugarrenen cookie-ek arriskuan jar dezakete gure pribatutasuna. Erabiltzaileen profilak sortzeko baliatzen dira, gure gustu eta kontsumo-ohituretatik abiatuta, eta publizitate-helburuekin ustiatzen dira.
  2. Zure nabigatzailearen biltegiratze lokalaren bidez. Informazio hori epemugarik gabe gordetzen da, baldin eta ez badugu cachea ezabatzen gure nabigatzailetik, eta datu asko ematen ditu gure nabigatzaileari buruz, bilaketen historiari buruz eta Interneten egin dugunari buruz.

    Datu horietarako sarbidea murriztuta badago ere, baliteke nahikoa ez izatea; beraz, historia eta cachea noizean behin ezabatzea gomendatzen dugu.

  3. Zure gailu mugikorreko ahots-grabaketen eta beste aplikazio batzuen bidez.

Aholkuak

Ez eman zure daturik Interneten, eta inoiz ez behar-beharrezkoak direnak baino gehiago.

Ezabatu aldizka zure historia eta cache memoria.

Cookie-ei dagokienez, erabaki zein onartu eta zein ez.

Begiratu zure mugikorraren aplikazioetara sartzeko baimenak; askok zure argazkiak, bideoak, helbide-liburua eta abar atzitu nahiko dituzte. Askotan ez da behar-beharrezkoa; zeuk erabaki zer baimendu eta zer ez.