Online merkataritza

Produktuak edo zerbitzuak Internet bidez saltzen badituzu, neurriak hartu behar dituzu kontsumitzaileek merkataritza elektronikoaren arloan dituzten eskubideak bermatzeko.

Online salmentan erosketaren segurtasuna erabakigarria da. Hona hemen kontsumitzaileari zerbitzu hobea eskaintzeko zaindu behar dituzun zenbait adierazle:

  • Zerbitzari segurua erabili. Kontsumitzaileak https:// letrekin identifikatu ahal izango du webgunean. Azken s horrek zerbitzaria segurua dela esan nahi du, halere, zenbaitetan, s hori ordainketa-orrian bakarrik agertuko da.

  • Pantailaren eskuineko beheko angeluan ageri den giltzarrapo itxi bat ere segurtasun adierazle bat da. Giltzarrapoa irekita badago, litekeena da webgunea ez izatea segurua.

  • Pantailaren eskuineko beheko angeluan giltza oso bat agertzen bada, webgunea segurua dela adierazten du.

  • Giltzarrapoaren edo giltzaren gainean klik bikoitza eginez gero, online dendaren segurtasun-egiaztagiriari buruzko informazioa izango dugu. Egiaztagiri horrek bermatzen du bidaltzen dituzun isilpeko datu guztiak modu seguruan egingo direla, datuak enkriptatzeko sistema baten bidez, normalean SSL (Secure Socket Layer).

Honako informazio hau eman behar duzu:

  • Enpresaren datu ofizialak: izena edo sozietate-izena, IFZ, helbidea, helbide elektronikoa eta enpresarekin harreman zuzena eta egiazkoa izatea ahalbidetuko duten bestelako datuak.

  • Jokabide-kodeak, merkataritza elektronikoan enpresaren jarduera etikoa bermatzen baitute, eta, hala bada, gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko zer prozedurari zauden atxikia.

  • Produktuaren edo zerbitzuaren fitxa teknikoa edo ezaugarriak.

  • Prezioa (aplikatzekoak diren zergak ere barnean diren adierazita) eta produktuaren bidalketa-gastuak; edo erosketak sor ditzakeen bestelako gastuen berri.

  • Ordaintzeko moduak

  • Entrega egiteko modalitatea eta epea.

  • Kontratua egiteko erabil daitekeen hizkuntza edo hizkuntzak.

  • Atzera egiteko eskubiderik ote dagoen, edo, produktua edo zerbitzu mota dela-eta, eskubide hori ez dagokion.

  • Kontratazio-prozedurari dagokionez: egin beharreko izapideak; kontratua jasoko duen dokumentu elektronikoa artxibatuko den eta dokumentu hori eskuragarri izango den; datuen sarbidean akatsak identifikatu eta zuzentzeko kontsumitzailearen eskura jartzen diren baliabide teknikoak eta kontratua zein hizkuntzatan gauzatu daitekeen.

  • Eskaintzak indarrean egongo dira aurretik zehaztutako epean edo kontsumitzaileek eskuragarri dituzten bitartean. Kontsumitzaileek kontratuaren baldintzak gorde eta erreproduzitzeko aukera izan behar dute.

  • Webgunean, esteka bat atxiki, ondo ikusteko moduan eta sarbide errazarekin plataforma honetara Online Dispute Resolution Platform (ODR Platform)

Erosketaren momentuan: datu pertsonalak, ordaintzeko moduak eta aduana-zergak.

Erosketa eta ordainketa egiteko eta produktua jasotzeko datu beharrezkoak baino ez dituzu eskatu behar. Horrez gain, webguneak informatu egin behar du zer erabilpen egingo duen datu pertsonalekin eta nola baliatu daitezkeen datuak irispidean izateko eskubidea, haien erabilerari aurka egitekoa, ezereztekoa eta zuzentzekoa.

Behin eskabide-agindua jasota, online dendak jakinarazi behar du, 24 orduko epean, hartu duela zure eskabidea. Jakinarazpenak produktuaren eta prezioaren inguruko informazio guztia jaso beharko du.

Online denda bakoitzak ordaintzeko modu bat baino gehiago izan dezake. Ohikoenak ondokoak dira:

  • Jaso ondoko ordainketa. Ezin da zerbitzu kontratazioetarako erabili.

  • Kreditu-txartela. Webgune seguru bat eman behar duzu.

  • Erosketa baten zenbatekoa iruzur bidez edo modu desegokian kargatu bada txartelean, kargua berehala bertan behera uzteko eskatu ahal izango du kontsumitzaileak.

  • Banku-transferentzia modu segurua da, baina ez du ezeztatzea onartzen.

  • Posta elektronikaren bidezko ordainketa: banku-kontu baten datuak posta elektroniko bati esleitzen zaizkio. Behin bakarrik erregistratu behar izango da banku-kontuarekin zein kreditu edo zordunketa txartelarekin, proposatutako online ordainketa-pasabidean - PayPal edo antzekoak-.

  • Beste modu batzuk: telefono bidezko ordainketa, txeke elektronikoak, bankuan helbideratzea.

  • Ordainketa-pasabideetan autentifikazio bikoitza ezarri behar duzu (kanpoko zerbitzu bat hautatzen baduzu, ziurtatu PSD2 Europako zuzentarau berria betetzen duela).

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik datozen eta 22 eurotik gorako balioa duten produktuak aduanako deklarazio formalaren menpe daude. Europar Batasuneko aduana-kodea onartzen duen Kontseiluaren urriaren 12ko 2913/1992 (EEE) Erregelamenduak ezarritakoaren arabera, aduanaren balioa zehazteko inportatutako merkantzien prezioari garraio- eta aseguru-gastuak gehituko zaizkio. Aduana-zergaren ehunekoa inportatutako merkantziaren arabera zehazten da.

Oso garrantzitsua da produktuaren jatorrizko herrialdea ezagutzea, izan daitezkeen gastu gehigarriak kontuan hartzeko.

Produktua entregatzeko epea 30 egunekoa da, gehienez ere, erosketa egin duzunetik; ez bada bestelako epe bat adostu duzula. Produktuarekin batera, faktura bidali behar da, atzera egiteko dokumentua eta enpresaren helbidea, erreklamazioak egin ahal izateko.

  • Ziurtatu produktuak betetzen dituela publizitatean eta kontratuan esaten diren ezaugarriak; esandako erabileretarako balio duela eta ez daukala ekoizpen-akatsik eta ez dagoela hondatuta. Horrela ez bada, produktua kontratuarekin bat ez datorrela iritziz gero, bermeen araudia aplikatu beharko da. Kontsumitzaileak eskubidea du produktua konpondu edo ordeztu diezaioten edo, bestela, prezioa merkatzeko edo kontratua bertan behera uzteko. Produktua dohainik konpondu edo ordeztu behar da, eta ezin izango da kobratu, ez bidalketa-gasturik, ez kosturik eskulanagatik edo materialengatik.

  • Zure enpresak ez badauka produktua edo zerbitzua:

  • Informatu egin behar duzu eta atzerapenik gabe dirua itzuli. Itzulketa arrazoirik gabe atzeratzen bada, kontsumitzaileak zordundutako kopuruaren bikoitza ordaintzeko eskatu ahal izango du. Gainera, zenbateko horiek gainditzen dituzten kalte- galerengatik kalte-ordainak eskatu ahal izango du.

  • Prezioa igo gabe, antzeko ezaugarriak dituen ondasuna edo zerbitzua entregatu ahalko da, horrela izan zitekeela aurretik jakinarazi bada, esanbidez. Halakoetan ere atzera egiteko eskubidea izango da, baina ezin izango dira itzulketaren zuzeneko gastuak eskatu.

Atzera egiteko eskubidea da kontsumitzaileak kontratu bat baliogabetzeko eta eskuratutako ondasuna edo zerbitzua itzultzeko duen ahalmena, arrazoia adierazi gabe eta zigorrik ordaindu gabe.

Urrutiko erosketa denez, eskubidea dago erosketarekin atzera egiteko 14 eguneko epean produktua jaso denetik edo kontratua sinatu denetik, zerbitzu bat ematekoa bada. Onlineko dendak epe handiagoa ezar dezake.

Kontsumitzaileak entitate saltzaileari jakinarazi beharko dio, hartarako jarritako epean, kontratuarekin atzera egin eta produktua itzuli nahi duela; entitate saltzaileak, produktuarekin batera, nahitaez, eman behar den atzera egiteko orriko jarraibideei jarraituta.

Eskubidea baliatuta, oro har, alderdien betebeharrak azkentzen dira. Ordainketak itzuli beharko ditu enpresak (entrega-kostuak barne, hala dagokionean), bidegabeko atzerapenik gabe eta, nolanahi ere, 14 egun igaro baino lehen, kontsumitzailearen atzera egiteko erabakiaren jakinarazpena jaso zenuen egunetik zenbatzen hasita. Hasierako bidalketa-gastuak zeure gain hartu behar dituzu, baina itzulketarenak ez dituzu zertan zuren gain hartu behar.

Gogoratu salbuespenak daudela eta ezin izango dela atzera egiteko eskubidea baliatu produktu batzuk erostean edo zerbitzu batzuk kontratatzean.

Internet bidez egindako erosketekin arazoren bat badago:

  • Lehendabizi, zure enpresarekin harremanetan jarri badira, saia zaitez akordio bat lortzen

  • Zure enpresak ikusteko eta erraz sartzeko moduan izango du EBko Online Gatazkak Konpontzeko Plataformarako esteka.

  • Erantsi Interneteko jardunbide onen bereizgarriak, “Onlineko Konfiantza Zigilua” esaterako, sarreratxo bat eta esteka hau: Onlineko Konfiantza Zigilua