Kontsumobide

Kontsumobidek ibilgailuak konpontzeko tailerrak aztertuko ditu

Argitalpen-data: 

Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuak, datorren azaroaren 1ean, azterketa-kanpaina hasiko du Euskal Autonomia Erkidegoko ibilgailuen konponketako tailerretan. Guztira 70 tailer aztertuko ditu: Araban 16; Bizkaian 30 eta Gipuzkoan 24. Azterketa horien helburua da kontsumitzaileen eskubideak babesteari eta kontsumoari buruzko legeriari dagokionez, tailerrek indarrean dagoen araudia betetzen dutela egiaztatzea. 

Azterketa-kanpaina honen ondorioz, arauan jasotako moduan kontsumitzaileen eskubideak babesten ez direla egiaztatzen bada, zigor-espedienteak zabaldu daitezke. Azterketa bi fasetan egingo da: lehen fasean tailerra bisitatuko da, informazio guztia erabiltzaileak ikusteko lekuan jarrita dagoela, egokia dela eta erabiltzaileak jaso behar dituen dokumentuak zuzenak direla egiaztatuko da. Halaber, tailerrari hainbat dokumentazio aurkez ditzan eskatuko zaio, adibidez, fakturak, ordainagiriak, etab. Bigarren fasean, bildutako dokumentazio guztia aztertuko da, Legeak ezarritakoa betetzen ote duten egiaztatzeko. 

Azterketan kontuan hartuko dira, batez ere, dagokion plaka bereizgarria, erreklamazio-orriak edo hauek badaudela iragartzen dituzten kartelak ez edukitzearekin lotutako alderdiak. Egokia den kasuan marka oker identifikatzea, gordailuan dauden ibilgailuentzako frogagiririk ez edukitzea, faktura idatzia, sinatua eta zigilatua ez entregatzea eta bermeari aurre ez egitea ere zigor daitezke. Kasu horietan, arauak hausten badira, zigor-espediente bat zabalduko da. Bestelako arau-hauste batzuk hautematen badira, tailerrari jakinaraziko zaizkio, indarrean dagoen legeriaren arabera zuzendu ditzan.