Kontsumobide

Kontsumobideko zuzendariak gogora ekarri duenez `erreklamazio posibleetarako oso komenigarria da eskaintzaren publizitate-foiletoa ere gordetzea´

Argitalpen-data: 

Adineko pertsonen kontsumo-ohituren azterlan batek, Kontsumobideko prestakuntza-jardueren erabiltzaileen artean eginak, agerian utzi duenez, erosketako tiketa gordetzeko ohitura zabalduta badago ere (azterlanean parte hartu dutenen % 75ek gordetzen dute) “ez da gauza bera gertatzen publizitate-foiletoekin, % 32ek bakarrik dute gordetzeko ohitura eta erreklamazio posible baten aurrean balio loteslea du enpresarentzat edo saltokiarentzat. Ez dago ezta ere eskaintzak konparatzeko ohiturarik, % 45ek bakarrik konparatzen dituzte, eta beste baliabide bat da ezusteko desatseginak eragozteko. Alderdi horiek indartu beharrean gaude” adierazi du Kontsumobideko zuzendari Olga Santamaríak.

Azterlanean 304 pertsonek parte hartu dute, 60 eta 91 urte bitartekoek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. “Halako azterlanek aukera ematen digute hobekuntza-guneak detektatzeko kontsumitzaileak kontzientziatzeko burutzen ditugun ekintzetan, eta garrantzi berezia hartzen dute adineko pertsonez ari garenean, lehentasunezko xede izan ohi baitira iruzurgileentzat eta batere etikoak ez diren praktikak egiten dituztenentzat”. “Atentzioa deitu digun beste alderdi bat izan da”, azpimarratu du Santamaríak, “pertsonek, oker, pentsatzea kontratu bat baliogabetzeko edo atzera botatzeko eskubidea erabiltzeko nahikoa dela dei batekin; hori ez da horrela. Formulario bat bete behar da kontratua atzera botatzeko. Antzeko zerbait gertatzen da itzulketa-gastuekin; gehienek uste ez bezala, enpresa ez dago behartuta gastu horiek beregain hartzera”.