Kontsumobide

Kontsumobideren txosten batek ziurtatu du jarraitu egiten dutela kontsumo-arauak betetzen ez dituzten Internet bidezko salmenta-orriek

Argitalpen-data: 

Abuztuan Kontsumobidek ikuskaritza-lana egin zuen Internet bidezko salmentako 50 webgune eta ataritan, 5 sektoretan (Arropa; Oinetakoak; Etxetresna elektriko txikiak; Elektronika; Jostailuak; Etxeko gauzak; Sukaldekoak; Altzariak) eta ziurtatu ahal izan zuenez, kontsumitzaileei eman behar dieten informazioari loturiko arau-hauste mailak altuegia izaten jarraitzen du.

Ikuskatutako webguneen ia erdietan (% 47,92) ez zen esteka bat agertzen sarbide erraza eta zuzena emango zuena auzien ebazpen-plataformara. Kasuen % 36etan ez zen ageri uko egiteko formularioa, eta eskubide horri buruz informatzen zen kasuetan, webguneen % 36,17ek ez zuten jakinarazten kontsumitzaileak ordaindutako zenbatekoa itzultzeko epealdiak ezin duela izan 14 egunetik gorakoa, uko egiteko eskubidea erabiltzen denetik hasita.

Kontsumoko Euskal Institutuaren ikuskaritza-kanpaina 10 salmenta-prozesurekin osatu zen, eta haietan ziurtatu ahal izan zenez kasuetatik erdian penalizazio bat ezartzen zaio (legez kanpo) kontsumitzaileari kontratu batean atzera egiteagatik. Gainera, ikusi zenez, ez da betetzen kontratuan atzera egiteko ezarrita dagoen 14 egun naturaleko gutxieneko epealdia (% 20) edo atzera egin ondoren 14 egun naturalak gainditu eta gero itzultzen da zenbatekoa. Gainera, nabarmentzekoak dira hainbat online denda, kontsumitzaileei inposatu dietenak atzera egitearen arrazoiak emateko betebeharra (legez kanpo).

Kontsumobidek gogora ekarri nahi du beharrezkoa dela ahalik eta arreta handiena jartzea Internet bidez erosketak egiten direnean. Hala, webgune seguruetan egin behar dira erosketak, helbidea ageri den barraren ondoan kandadu itxi baten ikurrarekin identifikatu ahal izango ditugun horietan. Uko egiteko eskubideak garrantzi handia du Internet bidezko erosketetan: kontsumitzaileak atzera egin dezake kontratuan edo erositakoa itzuli (ezin du izan produktu pertsonalizatu bat edo ematen hasia den zerbitzu bat) 14 eguneko epealdian eta inolako arrazoirik eman gabe –eta penalizaziorik jaso gabe– eta enpresak 14 egun ditu dagokion dirua itzultzeko. Kasu guztietan funtsezko aholku bat da eskaintzak konparatzea eta aldez aurretik informazioa biltzea erosketa seguru bat egiteko.

Teknologiak egin duen sarraldi nabarmena ikusita, eta Internet bidezko kontsumoa gero eta handiagoa dela kontuan hartuta, araua, estatala nahiz autonomikoa, betearaztea administrazioaren betebehar bat da kontsumitzaileen eskubideak bermatze aldera. Beraz, Kontsumobidek ezinbestekotzat jotzen ditu halako ikuskaritza-kanpainak.