Kontsumobide

Gipuzkoan ur-arazketako zerbitzuak saltzeko jardunbide komertzial oldarkorrak

Argitalpen-data: 

Añarbeko Urak enpresaren eta jasotako erreklamazio batzuen bitartez, Kontsumobidek jakin du ur-arazketako zerbitzuak ematen dituen enpresa bat, COVID19aren krisiaz baliatuz, jardunbide komertzial ez oso etikoak erabiltzen ari dela. Enpresak pertsonei hots egiten die, etxeko ura eta desinfekzioa aztertzeko euren etxera joango direla adieraziz. Zenbait kasutan, gainera, pertsona horiek ezetz esan arren, haiek behin eta berriz saiatzen dira.

Antza denez, enpresak egiten duen azterketa manipulatua dago eta, zerbitzua errazago saltzeko, arazketa talde baten beharra dagoela frogatzen dute itxuraz. Lan horrek 3.500 euro arteko gastua eragin dezake.

Egoera horren aurrean, Kontsumobidek honako hau gogoratu nahi du:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan ur-horniduraz arduratzen diren enpresek EZ dute mota horretako bisitarik egiten.
  • Ez dago komertzial bati atea zabaltzeko inolako obligaziorik.
  • Zerbitzua erabili nahi badugu, lehendabizi aurrekontua eskatuko dugu. Ondoren, aurrekontu hori aztertzeko egun batzuk hartuko ditugu; eta, ziur egon arte, ez dugu ezer sinatuko.
  • Enpresak ur-araztegi bat edo arazketa-sistema bat saldu nahi badigu, 14 eguneko epea dugu uko egiteko, inolako azalpenik eman beharrik gabe. Horretarako, beharrezkoa izango da araztegia erabili gabe edukitzea eta zigilatuta egotea. Eta, jakina, ez dugu hura instalatzeko baimena emango, ezta aurrekonturik ez duen edo sinaduraren bidez onartu ez dugun obrarik egiteko ere. 

Halako jokabideen edo antzeko beste batzuen biktima izan direnek, edo itzuli nahi duten produktu bat etxean jaso eta dagokion enpresak hura itzultzea onartzen ez dien pertsonek erreklamazio bat jar dezakete Web honetan edo kontsumo-bulego batean.

 

.