Kontsumobide

Kontsumoko arbitrajea, kalitate-bermea

Argitalpen-data: 

Kontsumobidek kontsumoko arbitrajea sustatzeko kanpaina bat jarri du abian, eta hainbat fasetan egingo da

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak Euskal Arbitraje Sistemari atxikitako saltokiak aukeratzea gomendatzen die kontsumitzaileei. Kontsumoko arbitrajea kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta enpresa, merkatari edo zerbitzu-emaileen artean sortzen diren gatazkak konpontzeko biderik sinpleena da. Judizioz kanpoko eta borondatezko sistema bat da, eta gatazkak 90 eguneko epean konpontzea ahalbidetzen du.

Kontsumobideko zuzendari Olga Santamaríak azpimarratu duenez, “Euskal Arbitraje Sistemari atxikitako saltokiek kalitate-plus bat eskaintzen diete kontsumitzaileei; gatazkak era adiskidetsuan konpontzeko konpromiso publiko eta loteslea da. Abantaila handia da kontsumitzaileentzat, eta, horregatik, arbitrajearekin konprometituta dauden saltokiak aukeratzea gomendatzen dugu”.

Arbitrajearekiko konpromisoa saltokiko erakusleihoan ipinitako identifikazio-pegatina baten bidez adierazten da, eta, gaur egun, 15.000 enpresa baino gehiago daude gatazkak konpontzeko sistema horri atxikita.

Kontsumobidek kanpaina bat jarri du abian, eta hainbat fasetan garatuko da. Lehen fasean, kontsumitzaileak izango dira Kontsumobideren informazioaren hartzaileak, eta, horretarako, irrati-iragarkiak, sare sozialak eta informazio-orriak erabiliko dira. Bigarren fasea, berriz, enpresei zuzenduta egongo da eta urrian egingo da.