Kontsumobide

Sonia Pérez Ezquerra sailburuak Alberto Garzón ministroak buru duen Sektoreko Kontsumoaren Konferentzian parte hartu du

Argitalpen-data: 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID-19aren inguruko 171 erreklamazio jaso ditu Kontsumobideren bitartez, gehienak garraio eta bidaiak ezerezteagatik.
Kontsumobideren webguneko bisitak % 42 hazi dira 2019aren aldean, eta gune zentralizatu bat du COVID-19ari buruzko guztirako.

Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Olga Santamaría Kontsumobideko zuzendariarekin batera, Kontsumo Ministerioak autonomia-erkidegoekin antolatutako Kontsumo Sektoreko Konferentzian parte hartu du. Bertan, erkidego bakoitzeko COVID-19aren egoera aztertu da.

Sailburuak azaldu du Alarma Egoera hasi zenetik Kontsumobideren eta Sailaren lehentasuna kontsumo-gaietan hauxe izan dela: “lehenik, pertsona kontsumitzaile eta erabiltzaileekin komunikazio eta informazio argi, zehatz eta eguneratu bat helaraztea”. Horregatik, webgune bateratu bat gaitu zen, bertan COVID-19ari buruzko informazio eta informazio-ohar guztiak biltzeko, kasu errealak eta erreklamazio, bidaia, kuota, gorabehera eta abarretako adibideak jarriz.   

Kontsumobideren webguneko bisitak % 42 hazi dira 2019aren aldean, eta horrek agerian utzi du pandemiari eta kontsumoan izandako eraginei lotutako informazio guztiak interesa piztu duela. Hain zuzen, urtarriletik, webgunera egindako 181.000 bisitetatik erdia eta gehiago martxotik apirilerako tartean izan dira. 

Halaber, aurrez aurreko arreta amaitzearekin batera, sendotu egin zen telefono bidezko arreta, hiru lurraldeetan telefono eta e-posta bidezko kontsulta-postontzi gehiago jarriz (helbide berezi berriak eskainiz).   

Merkatuaren kontrola 

Orain arte 14.808 kontsulta jaso dira 2020an (Kontsumobiden, KIUBetan eta elkarteetan), eta horietatik ia % 15ek, 2.208k, COVID-19arekin dute zerikusia. 

Kontsumobideko erreklamazioei dagokienez, 3.107 jaso dira, eta horietatik 518 Alarma Egoeran aurkeztu ziren, eta 171k zuzenean dute lotura COVID-19arekin. Horietatik, gehienak garraioekin (85) eta bidaiekin (57) dute zerikusia, batez ere ezereztu direlako, eta gainerakoak, berriz, neurri oso txikian, banku-zerbitzuei buruzkoak dira eta, batzuetan, ez direla bidalketa-epeak bete. 

Kontsumobidek koiuntura berrira egokitu du bere ikuskapen-lana, askotariko ikuskapenak eta informazio-kanpainak eginez: 

  • Informaziorako internet bidezko ikuskapen-kanpaina, internet bidez beren produktuak saltzen dituzten enpresei buruzko puntu hauek egiaztatzeko: kontratu elektronikoari buruzko informazio maila ona ematen duten, informazio hori nolakoa den, funtsezko ezaugarriak, produktuen prezioak, erosteko prozedurak eta abar. Bermatu egingo da, halaber, beren webguneetan, enpresek eguneratu egin dutela 8/2020 Errege Lege-dekretuak arautzen duen produktuak itzultzeko epeak eteteari buruzko informazioa. 
  • Internet bidez erabilera bakarreko eskularruak, maskarak (NBEak) eta gel hidroalkoholikoak saltzen dituzten plataformetan, abusuzkoak eta desleialak diren jardunbideak detektatzeko kanpaina, eskaintzen den informazioa egiaztatzeko. Gure asmoa da ingurune seguru bat bermatzea, pertsona kontsumitzaile guztiak babestuta senti daitezen, osasuna arriskuan jar dezakeen legez kontrako edozein jardunbideren kontra eta prezioak finkatzearen abusuetatik kontsumitzaileak babesteko.

Gainera, pertsona kontsumitzaileek, pertsona kontsumitzaileen elkarteek eta beste erakunde batzuek (poliziak, esate baterako) salaketak, erreklamazioak eta kontsultak jarri dituzte eta, ondorioz, internet bidezko ikuskapenak egin dira; EJko beste Sail batzuekin hainbat jardunbide koordinatu ditugu ere, egungo egoeran interes handia duten produktuen inguruan.

Bestalde, Kontsumobidek bitartekaritza-lanean jarraitzen du, Kontsumoko Arbitraje Batzordeak ez baititu prozedurak eten eta, urtarrilaren 1etik, 292 arbitraje-eskaera jaso dira (82 Alarma Egoeran), eta guztira 156 laudo ebatzi dira (32 Alarma Egoeran).