Kontsumobide

Kontsumobidek bi dekretu-proiekturen kontsulta publikoa egin du

Argitalpen-data: 

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutua bi dekretu-proiektu izapidetzen hasi da, kontsumitzaileen informazio publikorako eskubidearen erregulazioa bermatzeko eta hobetzeko.

Dekretuetako bat kontsumitzaileek informazioa jasotzeko duten eskubideari buruzkoa da, irakaskuntza ofizialaren ziurtagiria lortzera bideratzen ez diren ikastaroak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen kasuan. Kontsumobideren ustez, 1997ko uztaileko dekretua zaharkituta geratu da, eta, beraz, errealitatera egokituko den beste bati ekin behar zaio. Proiektuak arreta berezia jartzen du urrutiko kontratazioetan, kontsumitzaileari ematen zaion informazioaren argitasunean eta nahasteak saihestean, bai eta prezioari buruzko informazioan eta izan dezakeen finantzaketari buruzko zehaztapenetan ere.

Bigarren dekretua automobilaren merkatuari buruzkoa da, eta ibilgailuen salerosketa-zerbitzuek (ibilgailuak berriak edo bigarren eskukoak izanik ere), kontsumitzaileei eman beharreko informazioa arautzen du. Kasu honetan, dekretu berri bat da, eta alderdi hauetan jartzen du arreta: kontratua formalizatzea eta idatziz eskatzea, beharrezko dokumentazioa, eskura ordaindutako edo finantzatutako ibilgailuaren prezio osoari buruzko informazioa, konturako ordainketak, atzera egiteko eskubidea eta bermea.

Bi kasuetan, proposamenak eta iradokizunak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Informazio gehiago: Irekian eta Kontsumobideren webgunean.