Kontsumobidek ez-betetze ugari antzeman ditu lekale lehor ontziratuen salmentan

Argitalpen-data: 

Kontsumobidek egindako hiru ikuskapen-kanpainetan, ez-betetzen handiak antzeman dira lekale lehor eta ontziratuen salmentan.  

Laborategian egiaztatu ahal izan denez, lekale lehor eta ontziratuek irregulartasun ehuneko handia dute, batez ere aleek dituzten akatsei eta ale osoen eskasiari dagokienez, eta horrek eragotzi egiten du etiketan agertzen den kategorian sartzea. Egindako analisien % 23,53an,larritzat jotako ez-betetze ehunekoa detektatu da: albumen alteratua edo parasitatua duten aleak, lizun edo usteldura eraso arinak dituztenak edo albumenean orban oso arinak dituztenak.

Etiketei dagokienez, ekologikoak ez diren eta kalitate bereizirik ez duten lekale lehor ontziratuek ez-betetze ugari dituzte (% 84,29). Ez-betetze aipagarrienak honako hauek dira: ontziratze-datarik eza (% 52,63) eta kategoriari buruzko informaziorik eza (% 42,11). Hala ere, badira beste ez-betetze batzuk, hain ugariak izan gabe aipagarriak direnak: ontziratze-data eta gutxieneko iraupen-data ez ziren ikus-eremu berean agertzen (% 28,57); edo nahitaezko nutrizio-informazioan ez ziren jasotzen balio energetikoa eta koipeen, gantz-azido aseen, karbohidratoen, azukreen, proteinen eta gatzaren kantitateak (% 15,79). Inportazioko lekaleei dagokienez, nabarmentzekoa da jatorrizko herrialdea ez dela adierazi kasuen % 8,33an.

Lekale ekologikoen kasuan, araua ez da betetzen etiketetan. Zehazki, kontrolatutako produktuen % 40k ez du betetzen produktu ekologikoak etiketatzeko betekizunen bat.

Online salmenta

Are larriagoak dira online salmentako produktuetan lortutako datuak. Kasuen % 100ean ez da ontziratze-datari buruzko informaziorik ematen, eta ez da balio energetikoari eta mantenugai-kantitateei buruzko informazioa behar bezala jasotzen.

Era berean, aztertutako online denden ez-betetzea nabarmentzen da: % 100ek urruneko salmentei buruzko informazio-betebeharrak ez ditu betetzen, dela kontsumitzailearen bizilekuaren forua ez errespetatzeagatik ( % 75), dela atzera egiteko eskubidearen berri ez emateagatik, dela atzera egiteko eredurik ez emateagatik ( % 50), dela entrega-epearen berri ez emateagatik ( % 25).

Emaitzak ikusita, Kontsumoko Euskal Institutuak lekale lehorren salmentaren gaineko kontrolak errepikatuko ditu, eta online salmentaren gaineko kontrola areagotuko du.

Kanpainarako lotura