Martxoaren 15a Kontsumitzailearen Mundu Eguna dela eta, Kontsumobidek – Kontsumoko Euskal Institutuak – "Ez jarri kontsumoa jokoan" kanpaina berria aurkeztu du gaur. Ekimen horren helburua da Euskadin kontsumitzaileen eskubideei buruzko informazioa, prebentzioa eta horien erabilera indartzea.
Ana Sánchez Herráez Kontsumobideko zuzendariak oroipen horren jatorria ekarri du gogora. 1962ko martxoaren 15ekoa da, orduan Estatu Batuetako presidente zen John F. Kennedyk kontsumitzaileen oinarrizko eskubideak aldarrikatu baitzituen Kongresuaren aurrean lehen aldiz, eta mugarria ezarri baitzuen ondasunak eta zerbitzuak eskuratzen dituztenen nazioarteko babesean.
Testuinguru horretan, Kontsumobidek data sinboliko hori baliatu du herritarrei mezu argi bat helarazteko: "Ez jarri kontsumoa jokoan".
Gero eta digitalagoa eta globalizatuagoa den merkatu batean, kontsumitzaileek arreta handiagoa eskatzen duten egoera berriei egin behar diete aurre: beti xehetasunez irakurtzen ez diren kontratuak, jarkiezinak diruditen eskaintzak edo automatikoki berritzen diren harpidetzak.
Errealitate horren aurrean, kanpainak kontsumo arduratsuko eta informatuko ohiturak hartzearen garrantzia azpimarratzen du, herritarrek erabakiak segurtasun eta ezagutza handiagoarekin hartzeko aukera izan dezaten.
Ekimen horren bidez, Kontsumobidek gogorarazi du egunero lan egiten duela herritarrei kontsumitzaile gisa dituzten eskubideen berri emateko, kontsumoarekin lotutako gatazkak konpontzen laguntzeko, kontsumoaren arloko prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko eta kontsumo arduratsu eta iraunkorraren garrantziaz sentsibilizatzeko.
Kontsumitzaile informatu batek — azpimarratu dute erakundetik — zure ekonomia babesteaz gain, zure segurtasuna, denbora eta eskubideak ere babesten ditu.
Aurten, Kontsumitzailearen Mundu Egunaren ospakizuna datorren ostiralera, martxoaren 13ra, aurreratuko da. Egun horretan, Kontsumobide kalera aterako da Gasteizen, Bilbon eta Donostian standak jarrita, herritarrei gomendatzeko erosi aurretik informazioa aztertu, kontratuen letra txikia irakurri, kontsumo kontzientearen aldeko apustua egin eta, beharrezkoa denean, erreklama dezaten.
Kanpainaren helburua argia da: kontsumitzaileak ahalduntzea, erosketa-erabakiak kontrola ditzaten eta ekonomia bidezkoagoa eta gardenagoa lortzen lagun dezaten.


