Prezio baxuko jostailuen ikuskapen-kanpainaren emaitza (36 hilabetetik beherako haurrei zuzendutako jostailu piladunak aztertu dira bereziki)
Helburua
Xedea da aztertzea ea prezio baxuko jostailuek indarreko xedapenak betetzen dituzten etiketen, jarraibideen eta segurtasunaren esparruetan. Bereziki aztertu dira 36 hilabetetik beherako haurrei zuzendutako jostailu piladunak, haur txikienak bereziki zaurgarriak direlako.
Merkatuan sartzen diren jostailu guztiek bete behar dituzte Jostailuen Segurtasunari buruzko Errege Dekretuan (abuztuaren 26ko 1205/2011 ED) xedatutako arauak, bai eta produktuen segurtasunaren alorreko gainerako araudi aplikagarria ere.
Kanpainak izaera zehatzailea du.
Kanpainaren nondik norakoak
Kontrolatu beharreko jostailuak salgai zituen edozein saltokitara zuzendu da kanpaina, baina arreta berezia jarri da bazarretan.
Prezio baxuko jostailuak aztertzeko 50 ikuskapen egin dira, lurraldeka honela banatuta:
- Araban: 15 ikuskapen
- Bizkaian: 20 ikuskapen
- Gipuzkoan: 15 ikuskapen
Araban, jostailuetako bat kontrol-azterketa egitera bidali da, begiratu hutsez haren segurtasunari buruzko zalantzak ikusten baitziren.
Beste alde batetik, programazioaren arabera, 11 lagin hartu dira aztertzeko. Jarduera hori 36 hilabetetik beherako haurrei zuzendutako jostailu piladunekin egin da.
Honela banatu dira laginak:
- Araban: 3
- Bizkaian: 4
- Gipuzkoan: 4
Emaitzak
Egindako 50 ikuskapenetan, 47 ez-betetze hauteman dira; hortaz, guztizkoaren % 94ean.
Honako hauek izan dira ez-betetze nagusiak:
Etiketekin, erabiltzeko jarraibideekin eta oharrekin lotutako ez-betetzeak:
- Ez dago jarraibiderik gutxienez gaztelaniaz (% 21,43)
- Ez dago ohartarazpenik gutxienez gaztelaniaz (% 14,29)
- Jostailuak ez du CE markarik (% 8,00)
- Jostailuan, bilgarrian edo harekin batera doan dokumentazioan ez da ageri fabrikatzailearen, inportatzailearen edo banatzailearen izenik, izen komertzial erregistraturik edo marka komertzialik (% 4,00)
Erabiltzeko jarraibideekin eta oharrekin lotutako ez-betetzeak, jostailuaren kategoriaren arabera:
- Haurtxoentzako sehasken, parkeen edo haur-kotxeen gainean lokarri, soka, elastiko edo uhal bidez zintzilik jartzekoak diren jostailuetan, ez da honako ohar hau ageri: “Itotze bidezko kalterik ez gertatzeko, jostailu hau kendu egin behar da haurra altxatzen saiatzen hasten denean eskuak eta belaunak erabiliz” (% 50)
- Jostailu funtzionaletan ez da honako ohar hau ageri: “Heldu batek zuzenean zainduta erabili behar da” (% 28,57)
Kontrol-azterketa egin zaien jostailu piladunen multzoan, ez-betetze ohikoena da 36 hilabetetik beherako haurrek erabiltzeko debekuaren oharra ez dela behar bezala erabiltzen (% 36,36).
Hona hemen ikusitako beste ez-betetze batzuk:
- Berriz kargatzekoak ez diren bateriak ez dira berriz kargatu behar (% 18,18).
- Berriz kargatzekoak diren bateriak heldu bat bertan dela bakarrik kargatu behar dira (% 18,18).
- Berriz kargatzekoak diren bateriak jostailutik atera behar dira kargatu baino lehen (% 18,18).
- Agortutako bateriak jostailutik atera behar dira (% 18,18).
- Ez da ageri hondakin elektrikoen gaikako bilketaren ikurra (% 9,09).
Ondorioak
Ez-betetzeen kopurua oso handia da; hortaz, datozen urteotan ere berriz egin beharko dira ikuskapenak.
Izapidetu dira dagozkion espediente zehatzaileak.
Azken aldaketako data: