Produktuen etiketak
Produktuei etiketak jartzea nahitaezkoa da, kontsumitzaileen oinarrizko bi eskubide hauek direla eta: informazio-eskubidea eta segurtasun-eskubidea.
Etiketa da produktuei eta haien fabrikatzaileei buruzko informaziorik objektiboena izateko duzun biderik fidagarriena. Gainera, babes-tresna bat ere bada etiketa, eta produktuak konparatzeko eta komenigarriena hautatzeko aukera ematen dizu.
Etiketak erregulatzen dituzten arau ugari eta askotarikoak daude. Lor dezakezu informazio gehiago honako produktu hauei buruz: elikagaiak, jostailuak, altzariak, eta ehunak, oinetakoak eta osagarriak.
Europako ekologia-etiketa borondatezko programa baten parte da. Hain zuzen, 1992an sortu zen programa hori, enpresek ingurumena gehiago errespetatzen duten produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea sustatzeko. Ekologia-etiketa duten produktu eta zerbitzuek lore baten logotipoa izaten dute, erraz identifikatzeko. Gaur egun, Europako Batasuneko ekologia-etiketak hainbat produktu eta zerbitzu biltzen ditu (eta gero eta gehiago dira); besteak beste: garbitzeko produktuak, paperezko produktuak, ehunak, kosmetikoak, etxe eta lorategietarako produktuak, lubrifikatzaileak.
Europako Batasunean modu ekologikoan ekoitzi diren elikagaiak identifikatzeko berariazko etiketa bat ere badago. Etiketa hori, normalean 'euro-hosto' deritzona, 834/2007 (EB) Erregelamenduaren bidez onetsi zen, eta 2009ko urtarrilaren 1ean hasi zen erabiltzen. 'Euro-hosto' etiketa erabiltzeak ez du eragozten haren alboan beste etiketa batzuk estatu mailakoak edo pribatuak agertzea.
2013ko ekainaren 1etik aurrera, berriki eraikitako eraikinek nahiz saltzeko edo alokatzeko eraikinek eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta etiketa eskuratu beharko dute.
Apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak agintzen du eraikin berriek energia-eraginkortasunaren egiaztagiria eduki behar dutela. Betebehar hori bera daukate saltzeko diren eraikinek edo errentari berriari alokatzen direnek (osorik edo zati bat -pisuak, adibidez-), baldin ordu arte ez bazeukaten egiaztagirik.
Ziurtagiri horrek etiketa energetikoa ekartzen du, eta etiketa horretan dator adierazita eraikina edo bere zatiak zenbateraino diren eraginkorrak, hainbat parametroren arabera (energia-kontsumoa, kutsadura, etab.). Eraikina edo eraikin-zatiak saltzeko zein alokatzeko eskaintza, sustapen eta iragarki guztietan agertu behar da energia-etiketa. Eraikitzekoak diren eraikinen kasuan, eraikitzen hasi aurretik, proiektuaren energia-ziurtapena eskuratu behar da, eta, obra amaitzean, bukatutako eraikinaren energia-ziurtapena.
Gainera, kontsumitzaileak kontuan izan behar du 500 m2 erabilgarri baino gehiago duten salerosketa establezimenduek eta lokal ireki berriek ere ondo ikusteko moduko leku nabarmenean jarri behar dutela etiketa, baldin horren ziurtagiria edukitzeko betebeharra badute.
Informazio gehiago Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren webgunean.
Araudia:
- 2002/91/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2002ko abenduaren 16koa, eraikinen energia errendimenduari buruzkoa.
- 2010/31/EB Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2010eko maiatzaren 19koa, eraikinen energia-errendimenduari buruzkoa.
- 235/2013 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoa, eraikuntzen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duena.
- 226/2014 Dekretua, abenduaren 9koa, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzkoa.
- Agindua, 2015eko martxoaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien kontrola eta erregistroa arautzen dituena.
Etxetresna elektrikoen etiketatze energetikoak energia-kontsumoaren eta funtsezko beste baliabide batzuen berri ematen du eta, gainera, aparatu-mota bakoitzari buruzko datu osagarriak ere bai. Horrela, zure beharretara ondoen egokitzen den produktua hauta dezakezu. 2017/1369 (EB) Erregelamenduak arautzen du.
Etiketatze hori sinplifikatu egin zen, gardentasuna eta kontsumitzaileen ulermena areagotzeko. Desagertu egin da A++ bezalako balioen eskala. Gaur egun, Atik G-rako eskala bat da, berdetik (A) gorrira (G) doazen koloreekin.
A gradua efizientzia energetiko handienari dagokio, eta gorria edo G gradua, txikienari. Hasiera batean, A gradua libre egongo da etxetresna elektrikoen erabilera areagotuko duten berrikuntza teknologikoak sartzeko.
Energia-etiketak honako hauetan agertu behar du:
- Hozkailuak eta izozkailuak
- Etxeko danbor-lehorgailuak
- Etxeko garbigailuak
- Etxeko garbigailu lehortzaile konbinatuak
- Ontzi-garbigailua
- Telebistak
- Argiztapen-sistema berriak, hala nola lanparak eta bonbillak
- Aire egokituak
- Lehorgailuak
Etiketa energetikoaren informazioa hiru ataletan banatuta dago:
- Enpresa fabrikatzaileari eta etxetresna elektrikoaren modeloari buruzko datuak Qr kode bidez sartuko dira.
- Aparatuaren energia-efizientziaren mota: A motakoak gehieneko efizientziaren gamakoak dira, eta G motakoak, berriz, ahalik eta efizientzia txikienekoak.
- Etxetresna elektrikoan eguneratze teknologikoren bat gertatzen bada (adibidez, software-a) eta horrek energia-eraginkortasunari eragiten badio, nahitaezkoa da kontsumitzaileari jakinaraztea erabaki ahal izango duela.
- Etxetresna elektriko mota bakoitzerako datu espezifikoak, hala nola zarata-emisioak, programaren iraupenak, etab.
- Guztira, 7 etiketa daude gaur egun.
Enpresentzat nahitaezkoa da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017/1369/EB Erregelamenduak (energiarekin lotutako produktuek etiketen eta informazio normalizatuaren bidez energiaren eta beste baliabide batzuen kontsumoa adieraztea arautzen duena) araututako etiketa energetiko berria atxikitzea.
Eraginkortasun energetikoko 7 etiketa-eredu daude. Horietan, energia-eraginkortasunaren eskalaz gain (Atik G-ra), etxetresna elektriko bakoitzerako beste alderdi espezifiko batzuk ere islatzen dira, hala nola 100 garbiketako zikloko energia-gastua, ECO programaren karga, zarata-emisioa, eta abar.
Etiketa horretatik salbuetsita daude EBn merkaturatzen diren bigarren eskuko edo gehiagoko etxetresna elektrikoak; ez, ordea, bigarren eskuko etxetresna elektriko inportatuak, erregelamendu hau bete behar baitute.
https://www.label2020.es/la-nueva-etiqueta/grupos-de-productos/televisores-y-pantallas-electronicas/
Ontzi-garbigailuak
Hozkailuak
Ardotegiak
Telebistak
Garbigailuak
Gurpilen etiketak
2021ko maiatzaren 1ean jarri zen indarrean pneumatikoen etiketatze berria, Pneumatikoen etiketei buruzko 202/740 Europako Erregelamenduak arautzen duena, erregai-kontsumoaren eta funtsezko beste parametro batzuen efizientziari dagokionez.
Etiketan agertzen diren piktogramek honako alderdi hauek erakusten dituzte:
- Eraginkortasuna, erregai-kontsumoari dagokionez.
- Itsaspena gainazal bustian.
- Elurretan erabiltzea eta izotzari heltzea
- Pneumatikoaren kanpoko errodadura-zarata.
Azkenik, EBko produktuen datu-basera sartzeko QR kode bat gehitu da, pneumatikoaren identifikazio-zenbakia, pneumatikoaren neurriak, karga indizea eta abiadura.
Etiketatze hori nahitaez bete behar dute turismoek, furgonetek eta kamioiek.
Bideo-jokoak ikus-entzunezko entretenimendu-produktuak dira, eta, 2009tik, kultura-industriako produktutzat hartzen dira. Beraz, ez dira jostailutzat hartzen. Musika, liburu eta filmekin gertatzen den bezala, adin guztietarako bideo-jokoak daude, eta eduki oso desberdinak dituzte. Hori dela eta, ez lirateke zentsuratu behar, indarkeria edo sexu esplizitua erakusten duten liburu edo filmak zentsuratzen ez diren bezala.
Baina bideo-jokoek zenbait etiketa izan behar dituzte, adin txikikoak haientzat egokiak ez diren edukietatik babesteko. PEGI (Pan European Game Information) kodea deritzo markaketa horri, eta, zenbait piktogramaren bidez, informazio hau ematen du:
- Bideo-jokoa erabiltzeko gutxieneko adina.
- Bideo-jokoan dauden edukiei buruzko ohartarazpena.
"Bideo-jokoak" informazio-orria (pdf, 372 KB)
Informa zaitez erosi baino lehen, arazorik ez izateko. Gogora ezazu etiketa dela informazio jasotzeko elementu garrantzitsuena. Komeni da gomendio orokor hauek kontuan izatea:
- Erosi etiketatuta datozen produktuak, etiketa segurtasun-garantia bat baita.
- Etiketa aurkitzen ez baduzu, ondo itsatsita ez egoteagatik edo norbaitek kendu izateagatik, komeni da beste produktu berdin batzuek baduten ikustea, eta etiketa duen bat erostea.
- Etiketa bat ondo irakurri ezin baduzu edo zer dioen ulertzen ez baduzu, galdetu establezimenduan.
- Gogoratu etiketak parametro objektiboak eskaintzen dituela. Gama bereko bi produktu konparatu nahi baduzu, erosteko erabakia jakinaren gainean egonda hartzeko aukera ematen du etiketak.
- Gorde etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan, baliteke eta erosi ondoren behar izatea.
Azken aldaketako data: