Zure aseguru-konpainiak galarazi dizu zure polizaren benetako estaldura ikustea. Kalte jakin batzuk estalita zenituelakoan zeunden, baina ez da horrela. Lapurtutako objektuei behar baino balio txikiagoa eman diete. Eta prima igo eta igo ari dira, urtetik urtera.
Batzuetan, kontsumitzaileak aseguru-konpainien jardunbide desegokien biktima izaten dira. Zuhurtziaz jokatu, zure aseguru-etxearen aurrean kinka larrian aurkitu beharrik ez izateko.
Aseguru bat kontratatzean, argi eduki behar duzu zer sinatzen duzun eta zer eskubide dauzkazun.
- Irakurri arretaz kontratuko baldintzak, eta argitu zure zalantzak sinatu baino lehen.
- Polizaren kopia bat jasotzeko eskubidea duzu, aseguratuta zehazki zer duzun jakin dezazun.
- Ezbehar bat baduzu, jakinarazi gehienez 7 eguneko epean, non eta epe luzeago bat ezarri ez den.
- Adituen txostenarekin ados ez bazaude, beste txosten bat eska dezakezu.
- Aseguru bati baja eman nahi badiozu, jakinarazi idazki bidez konpainiari, polizaren epemuga baino hilabete lehenago.
- Kontratua amaitu nahi duena konpainia bada, ordea, bi hilabete lehenago ohartarazi beharko dizu. Eta epe berean jakinarazi beharko dizu kontratuko baldintzak aldatzeko asmoa: primaren zenbatekoa, adibidez. Kasu horretan, aurreko baldintzak mantentzea eska dezakezu, baina, konpainiak hori onartzen ez badu, ezin zaitzake kontratua luzatzera behartu, eta baja har dezakezu aurreabisu-denbora edozein izanik ere.
Kontratu-informazioa
Polizaren barruan honako hauek bildu behar dira: aseguratutako pertsonaren datu pertsonalak eta aseguru-etxearen datuak; eta aseguratutako objektu, berme eta diru-kopuruak. Primaren zenbatekoa eta aseguruaren iraupena eta muga-eguna ere adierazi behar dira.
Baldintza bereziren bat badago, arrisku jakin batzuk kanpo uztea adibidez, hori ere adierazi beharko da polizan, baita baldintza orokorrak ere. Aseguru Kontratuari buruzko Legean jasotako betekizunei lotuko zaizkie azken horiek.
Ekaitz edo uholdeen ondoriozko kalteak, eta eragin politiko edo sozialeko kalteak
Fenomeno naturalek eragindako edo eragin politiko edo sozialeko gertaeretatik eratorritako ezohiko ezbehar bat baduzu, zure aseguru-etxeari jakinarazi ez ezik, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari ere jakinarazteko aukera baduzu. Partzuergoak bere gain hartu ahal izango ditu, arrisku motaren eta poliza pribatuan kontratatutakoaren arabera, ibilgailu eta etxebizitzetarako kalte-ordainak, betiere kaltetutako pertsona edo ondasunak aseguratuta badaude.
Partzuergoari jakinarazteko asmoa baduzu, lehenbailehen egin behar duzu 900 222 665 zenbakira deituz, edo bestela online, haren webgunearen bitartez.