Bigarren eskuko produktuak saltzea eta erostea

Argitalpen-data: 

Krisiari iskin egiten dioten negozioak

Bigarren eskuko produktuak



Kontsumo-eredu berri bihurtu da bigarren eskuko produktuak erostea eta saltzea, horretarako plataformen bidez, eta gero eta protagonismo handiagoa du. Kontuan hartu behar duzuna erakutsiko dizugu.

Zer egin erabiltzen ez dituzun arropa, altzari, liburu, dekorazio-gai edo produktu teknologikoekin? Gustatuko litzaizuke beste pertsona batzuek behar ez dituzten produktuak berrerabiltzea eta bigarren bizitza ematea? Wallapop, eBay, Vinted, Mil Anuncios… Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu plataforma digital horiek, produktuak saltzeko edo erosteko. Leku horietan, gainera, katalogotik kanpo dauden edo dendetan aurkitzen zailak diren produktuak aurki daitezke. Horrelako plataformak gero eta gehiago erabiltzen dira partikularren arteko salerosketa komertzialetan.

Sistema horrek aukera emango dizu produktuak duten prezioaren azpitik erosteko, eta, hala, beste pertsona batzuek behar ez dituzten edo erabiltzen ez dituzten produktuei bigarren bizitza bat emateko. Bestalde, zenbait gauza etxetik kendu nahi dituzten pertsonek diru kopuru bat lor dezakete poltsikorako. Jasangarritasun-irudia eta onura ekonomikoa elkarri eskutik helduta. Itxura ona du, bi aldeek irabaziko dutela baitirudi, baina kontuan izan behar duzu ez dela gauza bera artikulu bat edo gauza bat pertsona partikular bati edo enpresa edo establezimendu bati erostea edo saltzea.

Gainera, arrisku bat ere badago, eskaintza batzuen atzean iruzur egiteko ahalegina egotea.

Kontsumoari buruzko legeak ez zaitu babestuko.

Oso erabilgarriak dira partikularren arteko merkataritza-plataformak, eta negoziatzeko askatasun handiagoa ematen dizute (prezioa, produktuaren entrega, etab.), baina arazoak sortzen direnean, gatazkatsuak izan daitezke. Izan ere, produktu bat partikularren artean erosi edo saldu baduzu, ez duzu legezko bermearen edo berme komertzialaren babesik, ez eta atzera egiteko eskubiderik ere (produktua itzultzeko eskubidea), akordio batera iritsi ezean. Kasu horietan ez da kontsumoari buruzko araudia aplikatzen, Kode Zibila baizik.

Legeak produktuaren ezkutuko akatsei erantzuteko beharra ezartzen dio saltzaileari, hau da, zuk begi hutsez ikusi ezin dituzunei. Aldiz, begi-bistakoak badira, ez du inolako betebeharrik. Prezioa merkatzeko edo dirua itzultzeko eska dezakezu.

Gatazkarik izanez gero, ezin duzu erreklamaziorik aurkeztu kontsumo-erakunde batean; auzibidera jo behar duzu. Epaitegian demanda bat aurkezteko epea sei hilabetekoa da, produktua entregatzen denetik zenbatzen hasita.

Eta saltzailea enpresa bat bada?

Plataforma horietako batzuetan enpresak edo profesionalak ere egon daitezke, bigarren eskuko artikuluak eskaintzen. Horrek nahasmena sor dezake eskubideei eta betebeharrei dagokienez, eta zalantzak izan ditzakezu enpresa batekin edo pertsona partikular batekin ari ote zaren. Galdetu enpresaren datuak, izena, helbidea eta telefonoa, hala dela egiaztatzeko. Enpresa bada, gutxienez urtebeteko legezko bermea duzu produktuarentzat.