Kontsumobide

Ez heldu amuari

Argitalpen-data: 

Establezimenduek zenbait estrategia darabiltzate kontsumitzaileari amua irentsiarazteko eta behar baino gehiago eros dezala lortzeko. Esaterako, eskaintza deigarriak egiten dituzte, ondo aztertuz gero horrenbesteraino ere ez direnak, edota produktuak, establezimendu barruan, modu jakin batean kokatzen dituzte

Ez heldu amuari

Erakusleihoa, lokalaren musika, estetika edo aromak ere erabiltzen dituzte, kafearen edo ogi egin berriaren usaina, adibidez. Establezimenduek mota guztietako estrategiak erabiltzen dituzte pertsonak limurtzeko eta haiengan sentsazioak eta emozioak sortzeko, salmentak igotzeko helburuarekin. Estrategia horiekin lortzen dute zure etxera, toki atsegin batera eramatea, edo iraganeko bizipenak dakarzkizute gogora. Komunikazio emozional bat egiten ahalegintzen dira: bihotzera iritsi, seduzitu eta erosteko premiak sortu, hori guztia zu konturatzeko aukera ere eman gabe. Eta azkenean, kasu askotan, establezimenduak nahi duena erosten duzu, zuk erosi nahi zenuena erosi beharrean.

Usaimena zentzumen oroitarazleenetako bat da, eta horregatik, aromek joko asko ematen dute dendetan. Esaterako, kafe egin berriaren usaina oso ohikoa izaten da supermerkatuko pasilloetan. Teknikoki horrelakorik izatea ezinezkoa bada ere (pasilloan barrena zabiltzala, kafea salgai egon badagoen arren, kafetera baten edo kafea zerbitzatzen duen inoren arrastorik ez dagoelako, inondik inora), arretaz begiratzen baduzu, agian usain-ateragailu bat ikusiko duzu, toki estrategikoren batean kokatua.

Elikagaiak supermerkatuetan banatzeko modua ere ez da nolanahikoa. Premia bereziko produktuak, esnea edo arrautzak adibidez, irteeratik urrun daude. Gutiziak, ordea, eskurago aurkituko dituzu beti.

Eta fruta eta barazkiak, zergatik egon ohi dira sarreraren ondoan? Produktu osasungarriak hasieran erosiz gero, ez zarelako hain errudun sentituko azkenean nahi zenukeena baino gauza gehiago hartzen badituzu produktu prozesatuen eta opil industrialen ataletik.

Txokolatinak etxeko txikienen maila berean kokatzea ere beste teknika bat da merkataritza-marketinaren alorrean. Eta ez du inoiz huts egiten! Eta produktu merkeenak apal baxuenetan jartzea ere bai. Izan ere, begien altueran dagoena erosteko joera dugu eta, horregatik, bertan produkturik garestienak aurkituko dituzu, edo establezimenduak saldu nahi dituenak. Produktu garesti bat sustatu nahi badute, berriz, garestiagoa den beste baten ondoan jartzen dute normalean, lehena hain garestia ez delako itxura emateko.

Pasillo estuak, musika, tenperatura, prezioak, edo mota guztietako tentazioak dituen kutxa... Dena planifikatuta dago.

 

 

Salmenta-estrategiak, online ere bai

Online merkataritzan, salmenta-teknikak berdintsuak dira establezimendu fisikoetan erabiltzen direnen aldean, baina ez guztiz berdinak. Interneten denda asko daude, eta errazena galtzea da, eskaintzen dituzten askotariko produktuen eta eskaintza eta deskontuak aireratzeko darabiltzaten mezu ugarien artean. Tableta baten bila hasten zara aurrekontua eta ezaugarri zehatzak argi dauzkazula, baina uste baino gehiago gastatzen duzu azkenean. Izan ere, nola esan ezetz hainbeste merkatutako tableta hori erosteari? Eta bi ale baino ez dira geratzen gainera!

Neuromarketinean gehien erabilitako tekniketako birekin konbentzitu zaituzte azkenean: lehenik, deskontu handiak sustatuz, zentimo gutxi batzuk baino jaitsi ez dituzten arren, edo “lehengo” prezioa hanpatuz, “oraingo” prezioa ikustean egundoko pagotxa baten aurrean zaudela pentsa dezazun; bigarren, ale gutxi baino ez daudela azpimarratuz, produktua agortzeko zorian egonik, agian ona delako izango dela pentsa dezazun, eta, une horretan bertan erosten ez baduzu, zure azken aukera gal dezakezula.

 

Kontsumobide 40.zk. aldizkari osoa