Plastikoen erabilera oso zabaldua dago industrian nahiz etxeetan. Material hori oso ezaguna da bere moldakortasunagatik, baina degradatzen denean mikroplastiko bihurtzen da, hau da, material plastikoko zati oso txiki, 5 milimetro baino gutxiagoko tamaina dutenak. Ozeanoan gero eta handiagoa da partikula plastiko txiki horien presentzia, eta horrek eragin larria du itsasoko faunan eta ekosistemetan. NBEk 2017an adierazi zuen 51.000 milioi partikula mikroplastiko daudela itsasoan. Itsas animaliek irensten dituzte partikula horiek eta gorputzean metatu, eta azkenean gure urdailean buka dezakete elikadura-katearen bidez.
Maskarak: arazo erantsia
Une honetan, gainera, plastikoen arazoari gehitzen zaion arazo global bat dago: ozeanoan amaitzen ari den maskara-kopuru handia. Plastikoz osatutako maskarek 450 urte arte beharko dituzte deskonposatzeko, eta mikroplastiko bihurtuko dira. Kalkuluen arabera, dagoeneko 1.560 milioi maskara inguruk ozeanoetan bukatu dute 2020an, OceansAsia itsas kontserbazioko erakundearen arabera. Horren ondorioz, itsasoko kutsadura plastikoaren 4.680 - 6.240 tona metriko gehiago izango dira. Plastikoen kutsadura suntsitzailea da guztiz: “urtero 100.000 ugaztun eta itsas dortoka inguru hiltzen ditu, milioi bat itsas hegazti baino gehiago, baita arrainak, ornogabeak eta beste animalia batzuk ere. Arrantzari eta turismoaren industriari ere eragiten die”.
Gure ohiturak alda ditzakegu
Ezinbestean jabetu behar dugu arazo larri baten aurrean gaudela eta gure ohiturak aldatu behar ditugula. Izan ere, plastiko gehiegi dago (gehienetan behin bakarrik erabiltzekoak) gure bizitzan sartuta: produktuen ontzietan, eraikuntzako materialetan, ehungintzan, establezimendu batzuek eskaintzen dituzten poltsetan, kalean… Eta plastikoaren kontsumoa murrizten badugu eta aukera berrerabilgarriak eta jasangarriak aukeratzen baditugu?
Martxoaren 15ean Kontsumitzailearen Eguna zela eta, plastikoak erabiltzeari buruzko autotesta egin zen sare sozialen eta Kontsumobideren prestakuntza-zentroen bidez eta datu hauek eman zituen:
Erantzun zuten pertsonen % 97k uste du arazo bat dela plastiko gehiegi erabiltzea: galdetutako pertsonen % 59k paketatutako produktuak gehiegi erostea saihesten du; % 47, berriz, saiatzen dira plastikozko ontzietan edo briketan saltzen diren produktuak ez erosten. Poltsa berrerabilgarriak edo erosketarako orgak erabiltzen dituzten pertsonen ehunekoa %88 izan da eta plastikoak edukiontzi horian birziklatzen dituztenen pertsonena % 85.
Keinu txikiak ere garrantzitsuak dira
Kalean, mendian edo hondartzan, plastikozko objektu bat lurrean ikusten baduzu, jaso eta edukiontzi horira bota dezakezu. Ikusten zaituzten pertsonei mezu positiboa emateaz gain, ekosistema babesten laguntzen ari zara.
Kontsumo arduratsua eta kontzientea behar dugu plastikoen kutsadura murrizteko. Apuntatuko al zara?