Kontsumobide

Telekomunikazioak

Gatazka

Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Ane) ia 4 urte zeramatzan erreklamazioa aurkeztu zaion telefonia konpainiarekin (aurrerantzean, Nodamasal). Urtarrilaren 30ean Anek 4 linea mugikor, telefono finko eta ADSL lineako eramangarritasun prozesua hasi zuen telefonia operadorez aldatzeko. Prozesua hasi eta 6 egunera Nodamasalek Aneren senarrari (linea bakar baten titularra ez zena) deitu zion Nodamasalekin jarraitzeko kontraeskaintza bat egiteko eta senarrak onartu egin zuen. Egun horretan bertan arratsaldez Anek uko egin zion aipaturiko kontraeskaintzari bezeroentzako arreta zerbitzuaren bidez eta Nodamasalekin ez zuela jarraitu nahi eta konpainia berriarekin eramangarritasun prozesuarekin aurrera jarraitu nahi zuela adierazi zuen. Eramangarritasuna 3 egunen buruan gauzatu zen eta handik hilabete batera Anek Nodamasalen 318,48 €-ko faktura bat jaso zuen 4 mugikor lineetan baja aurreratzeagatiko penalizazio gisa. Anek argudiatu du Nodamasalek telefono deiak grabatu eta gordetzeko betebeharra duela eta Nodamasali grabazio horiek aurkeztea eskatu dio telefono bidez egin zuen ukoa egiaztatzeko. Eta baja aurreratzeagatik telefono linea bakoitzagatik fakturatutako penalizazioen ordainketa (78,4858 € lineako) ez egitea eskatu du.

Nodamasalek argudiatu du Anek % 50-eko deskontuko kontraeskaintza onartu zuela eta azaldu ziotela atzera egiteko eskubidea gauzatzeko eta ondorioz, kontraeskaintza baliogabetzeko epea hamalau egunekoa zela kontraeskaintza onartu zen egunetik. Era berean, azaldu du Aneri jakinarazi ziotela, eskainitako deskontuak 12 hilabeteko iraunkortasun konpromisoa zuela, edo bestela, linea bakoitzeko 78,49 € ordaindu beharko zituela. Eta ez zegoela jasota Anek kontraeskaintzari uko egin zionik; beraz, zorra ziurra, mugaeguneratua eta galdagarria da.

Arbitraje-erabakia

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoak Aneren asmoa BERE OSOTASUNEAN ONARTZEA erabaki du. Beraz, 4 lineetan aplikatutako baja aurreratuagatiko penalizazioa baliogabetu egiten da, eta Anek aipaturiko fakturako 4,62 € ordaindu behar izango ditu laudoaren jakinarazpenetik 15 egun balioduneko epean.

Azalpena

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoaren iritziz, behar bezala egiaztatuta geratu da Anek ez zuela Nodamasalen kontraeskaintza onartu, eta ez zuela borondaterik izan aipatutako konpainiarekin telefonia zerbitzuak kontratatzeko.

Izan ere, Anek kontraeskaintzaren ukoaren froga eskatzean, Nodamasali dagokio telefono bidezko elkarrizketaren grabazioa erraztea. Baina Nodamasalek ez du aipatutako grabazio horren inguruko frogarik aurkeztu, hortaz Aneren baieztapenak benetakoak direla susmatu behar da.

Gatazka

Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Mikel) hiru linea mugikor, linea finko bat, internet eta telebista zerbitzuen eramangarritasuna eskatu zuen aurreko telefono konpainiatik erreklamazioa aurkeztu zaion konpainiara (aurrerantzean, Nodamasal) aldatzeko. Mikelek adierazi du Nodamasalek ez ziola linea finko, Internet eta telebista zerbitzurik eman eta kobratutako zenbatekoak kontratatutakoak baino handiagoak izan zirela. Eta zerbitzuak Nodamasali askotan erreklamatu zizkion arren, ez zioten kasurik egin.

Horregatik guztiagatik, Mikelek linea guztien eramangarritasuna eskatu du inolako penalizaziorik gabe. Eta era berean, ordaintzeke dauden fakturak (205,19 €) eta fakturatuz gero, hurrengoak ere baliogabetzea eta berankorren fitxategiak kentzea. Mikelek, bere aldetik, routerra, deskodetzailea eta opari gisa eman zioten telefonoa itzuliko dizkio Nodamasali.

Nodamasalek alegatu du, gorabehera tekniko baten ondorioz, linea finkoa martxoan aktibatu zela, ordura arte kargurik sortu gabe, eta ez zekiela Mikelek telebista-zerbitzuak kontratatzea eskatu zuenik. Gaineratu du ezin dela kontratua baliogabetu penalizazioa aplikatu gabe, kontratatutako lineetan iraunkortasun konpromisoa baitago. Azkenik, Mikeli gogorarazi dio 205,19 € dituela ordaintzeke, eta zenbateko hori kreditu- edo zordunketa-txartelarekin ordain dezakeela edo, bestela, kontu-zenbakian diru-sarrera bat eginda.

Arbitraje-erabakia

Pertsona bakarreko Arbitraje organoak Mikelen asmoa BERE OSOTASUNEAN ONARTZEA erabaki du. Beraz, Mikelek linea guztiak (finkoa, mugikorrak, telebista eta internet) eraman ahal izango ditu, aldez aurretik baja emateagatik inolako penalizaziorik jaso gabe. Gainera, 205,19 €-ko fakturak baliogabetu dira eta aurrerantzean Nodamasalek fakturak igorriz gero, baliogabetu egingo dira. 

Era berean, Mikel arrazoi horrengatik berankorren fitxategi edo erregistroren batean inskribaturik balego, Nodamasalek horiek baztertzeko kudeaketak egin beharko ditu. 

Mikelek, berriz, lineak eramanez gero, Nodamasalen esku jarriko ditu bere etxean routerra, deskodegailua eta terminala, Nodamasalek jaso ditzan. Aitzitik, Mikelek Nodamasalekin jarraitzea erabakitzen badu, Nodamasalek aplikatu dizkion tarifak onartu beharko ditu.

Azalpena

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoaren iritziz, behar bezala egiaztatuta geratu da Nodamasalek ez duela kontratua bete Mikelekin hitzartutako baldintzei dagokienez.

Horren harira, Mikelek adierazi du Nodamasalek gehiegizko kopuruak kobratu zizkiola, eta ez ziola zerbitzurik eman ez linea finkoan, ez interneten, ez telebistan.

Bestalde, Nodamasalek aitortzen du ez duela kontratua bete linea finkoaren zerbitzuan izandako gorabehera tekniko baten ondorioz, eta ez zuela telebista zerbitzuaren kontratazioaren berri, baina hala ere, deskodegailu bat eman zioten Mikeli.

Nodamasalek hitzartutako baldintzak mantentzeari dagokionez hartutako konpromisoak ez betetzea eta zerbitzurik ez ematea Nodamasalen aldetik kontratua ez betetze argia da. Beraz, Mikelek kontratatutako zerbitzuetan baja emateko eskubidea izango du, inolako penalizaziorik gabe. Era berean, Mikelek Nodamasalen aurka dituen gainerako asmoak onetsi dira.

Gatazka

Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Ane) kontratu bat zuen telefono-konpainiarekin (aurrerantzean, Nodamasal) linea finko bat, telebista, internet eta 3 linea mugikor barne hartzen zituena, baita Huawei mugikor bat ere, 30 hilabeteko epean finantza-linea baten bidez ordaindu zuena. Kontratua sinatu eta bost hilabetera, Anek baja hartu zuen Nodamasalen. Baina Nodamasalek Aneren ustez bidegabeak ziren ordainagiri batzuk kobratzen jarraitu zuen, Nodamasalek eurekin alta ematean oparitu zion linea mugikor bati zegozkiolako. Baina berak ez zuen linea mugikor hori inoiz erabili, eta hala frogatzen da fakturetan, faktura bakar batean ere ez baitago linea horren kontsumorik. Anek zegokion erreklamazioa egin zuen Nodamasaleko bulegoetan, karguak egiteari utz ziezaizkion, baina Nodamasalen erantzuna ezezkoa izan zen.

Anek Nodamasalek bidegabeki kobratu dizkion zenbatekoak (238,23 €) itzultzeko eskatu du.

Nodamasalek azaldu du 2018/11/05ean Anek telefonia finkoaren eramangarritasuna eskatu zuela konpainiaz aldatzeko, baina ez zela jasota geratu linea mugikorrerako baja-eskaerarik. Linearen mugikorraren baja bete ondoren, 2018/11/06an Nodamasalek zerbitzuaren baja izapidetu zuen, linea mugikorrari tarifa berri bat ezarriz, Nodamasalen webgunean eskuragarri dauden Baldintza Partikularrak aplikatuz. Zehazki, bajaren ondoriozko aldaketei buruzko Baldintza Partikularren 6.2 puntuan honako hau ezartzen da: "Bezeroaren baja ematen denean Nodamasalen, baina ez hura osatzen duten zerbitzu guztiena (kasu honetan, linea mugikorra), Nodamasalek altan dauden zerbitzuak ematen jarraituko dio bezeroari, jarraian adierazten diren produktuei buruzko katalogoko prezioen eta kontratu-baldintzen arabera…” (hizpide dugun kasuan #15 tarifa ezarri zitzaion linea mugikorrari). Tarifa hori 2019/04/29ra arte mantendu zen, eta egun horretan, Anek linea bajan eman zuen. Ordura arte, Nodamasalek Aneri zerbitzua ematen jarraitu zuen, eta bere ustez behar bezala jokatu zuela adierazi du.

Arbitraje-erabakia

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoak Aneren asmoa BERE OSOTASUNEAN EZESTEA erabaki zuen.

Azalpena

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoaren ustez, Anek, nahiz eta telefonia lineak beste konpainia batera eramateko borondatea eta nahia izan, kontua da kontratua egiteko eta eramangarritasuna gauzatzeko unean ez zuela jaso eramangarritasun eskaerako dokumentuan linea mugikorretako bat. Beraz, Anek akats bat egin zuela ondoriozta daiteke eta horregatik ez zen linea guztien eramangarritasun osoa egin eta linea mugikor hori Nodamasalen geratu zen. Eramangarritasun eskaeraren dokumentua betetzean Anek egindako akatsa ezin zaio egotzi Nodamasali. Nodamasalek Aneri linea horri zegokion zerbitzua ematen jarraitu zuen Anek baja eskatu zuen arte. Hortaz, Nodamasalek behar bezala jardun zuen.

Beraz, Aneren asmoa ezetsi da.

Gatazka

Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Mikel) telefono bidez kontratatu zuen telefono konpainiarekin (aurrerantzean, Nodamasal) 75 €-ko prezioan telefono finko, 300 megako internet eta bi linea mugikorreko (bata 6 giga eta doako 200 minuturekin eta bestean 10 giga eta mugarik gabeko deiekin) zerbitzua jasotzen zituen pakete bat. Hamaika egunera hitzartutako prezioarekin bat ez zetorren faktura bidali zioten (110,72 €-koa). Mikelek bezeroentzako arreta zerbitzura deitu zuen eta jakinarazi zioten klausula baten arabera hilabete bat lehenago kobratzen ziotela eta gainera kontratatutako mugikorretako bat kontratutik kanpo zegoela eta beraz, 75 €-ko paketetik bereizirik fakturatzen zela. Nodamasalek Mikelek kontratatutako baldintzak mantenduko zituen irtenbiderik eskaini ez zionez, Mikelek egun horretan bertan kontratua bertan behera utzi zuen (14 eguneko epearen barruan). Kontratua indargabetu ondoren Nodamasalek 488,79 € kobratu nahi izan zizkion internet eta telefonia finkoko instalazio gisa, baina Mikelek kargua atzera bota zuen. Eta oraindik Nodamasalek 217,50 € erreklamatzen dizkio. Horrez gain, Nodamasalek Mikelen datu pertsonalak kobrantzak kudeatzeko enpresa bati laga zizkion, eta hark mehatxuzko tonuan deitzen dio Mikeli, ordain dezan.

Horregatik guztiagatik, Mikelek honako hau eskatu du:

  • Aldez aurretik kobratu dioten dirua itzultzea eta zerbitzuak iraun zuen egunetan kontratatutako zerbitzuengatik dagokiona bakarrik ordaintzea.
  • Instalazio gisa gehi ordura arteko interes metatu gisa egin zioten 217,50 €-ko kargua baliogabetzea.
  • Berankorren fitxategi eta Nodamasalen datu basetik kentzea.
  • Eta esan diezaiotela Nodamasalek zein enpresa edo pertsonari laga dizkion bere datu pertsonalak, baita Mikelek datu horiek lagatzeko eta erabiltzeko sinatu zuen berariazko baimena ere.

Nodamasalek alegatu du Mikelek kontratatutako zerbitzu paketeari baja eman zionean 271,29 € fakturatu zizkiotela irauteko konpromisoa ez betetzeagatiko penalizazio gisa. Eta ondoren abonu batzuk aplikatu zitzaizkiola: 271,29 € kudeaketa gastuen kuota bikoitza doitzeko eta 35,72 € eskainitako kuotara egokitzeko. Eta Mikelen kontuak 181,78 € ordaintzeke zituela. Eta Mikelek ordainketa kreditu txartelaren bidez egin dezakeela Nodamasalen web orrialdean edo appean edo banku transferentzia bidez egin dezakeela gogorarazteko aprobetxatu du.

Arbitraje-erabakia

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoak Mikelen asmoa BERE OSOTASUNEAN ONARTZEA erabaki du. Beraz, penalizazioari dagokion faktura baliogabetu da eta Nodamasalek 83,22 € itzuli beharko dizkio Mikeli, Mikel Nodamasalen altan emanda egon zen 11 egunetan Nodamasalek jaulkitako fakturan sartuta zegoen baina kontsumitu ez zuen zatiari dagokion zenbatekoa, alegia.

Era berean, Mikel arrazoi honengatik berankorren fitxategi edo erregistroren batean inskribaturik balego, Nodamasalek horiek baztertzeko kudeaketak egin beharko ditu.

Azalpena

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoaren iritziz, behar bezala egiaztatuta geratu da Nodamasalek ez duela kontratua bete Mikelekin hitzartutako baldintzei dagokienez. Ondorioz, Mikelen asmoa baietsi da, eta Mikelek baja emateko eskubidea izango du, inolako penalizaziorik aplikatu gabe.

Bestalde, Nodamasalek argudiatu du Mikelen kontuak 181,78 € dituela ordaintzeke. Pertsona bakarreko Arbitraje Organoak zenbateko horren ordainketa ezetsi du, ez dagoelako behar bezala egiaztatuta zenbateko horretan fakturatutako kontzeptuak.

Gatazka

Telefono konpainiak (aurrerantzean, Nodamasal) hilean 30,25 €-ko kuota ordaintzeko promozio bat eskaini zion erreklamatzaileari (aurrerantzean, Ane), Anek Nodamasalekin jarrai zezan eta konpainiaz alda ez zedin. Anek onartu egin zuen deskontu oso garrantzitsua zelako, 47 € ordaintzetik 30,25 € ordaintzera pasatzen baitzen. Nodamasalek kuota urtebetez mantenduko zela azpimarratu zion. Baina tarifa igo zioten jakinarazi gabe. Gainera, ezin ditu fakturak kontsultatu, ez baitu internet erabiltzen eta faktura elektronikoak baino ez dituelako eskura.

Anek zerbitzuan baja eman nahi du eta orain arte Nodamasalek jaulkitako adostutako 30,25 €-ko kuota aplikatzea kobratzen ari zaizkion 33,25 €-en ordez. Era berean faktura bakoitzean kobratzea zegokionaz gain kobratu dizkioten 3 €-ak itzultzea eskatu du. Era berean, fakturak paperean etxera bidaltzea eta penalizazio gabe baja ematea eskatu du.

Nodamasalek alegatu du erreklamazioaren ondoren Aneri behar bezala jakinarazi zitzaiola kontratatutako eskaintzaren baldintzak aldatu zirela eta kuota berria noiztik aurrera aplikatuko zitzaion. Era berean, argi eta garbi jakinarazi zitzaion kontratua aldez aurretik baliogabetu zezakeela inolako penalizaziorik gabe. Eta beraz, Aneren asmoak ezestea eskatu du.

Arbitraje-erabakia

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoak Aneren asmoa BERE OSOTASUNEAN ONARTZEA erabaki du. Beraz, Anek bere linea guztien baja eskatu ahal izango du inolako penalizaziorik gabe. Gainera, Nodamasalek fakturak paperezko formatuan bidali beharko ditu Aneren etxera eta 30,25 €-ko kuotatik gora fakturatutako zenbatekoak itzuli behar izango ditu, hau da, 3 € faktura bakoitzeko.

Azalpena

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoaren ustez, telefonia zerbitzuen fakturazioan kuota handitzea kontratua ez betetzea da Nodamasalen aldetik.

Anek adierazitakoaren arabera, argi eta garbi uzten da Anek kontratua onartzen duela eskainitako kuota urtebetean aldatzen ez bada. Beraz, kuota aldatzeko orduan Nodamasalek jokabide engainagarria eta fede onaren aurkakoa duela ondorioztatzen da, Anerentzat elementu erabakigarria baitzen kontratua baimentzeko. Beraz, Nodamasalek urtebeteko epean adostutako kuota mantendu beharko du, eta fakturatutako soberakina itzuli beharko du. Eta fakturak paperean bidali beharko ditu Aneren etxera.

Anek, berriz, bere linea guztien baja eskatu ahal izango du, penalizaziorik gabe.

Azken aldaketako data: