Tindategiak
Gatazka
Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Mikel) adierazi du garbitu beharreko hainbat alfonbra utzi zituela erreklamatutako enpresaren establezimenduan (aurrerantzean, Nodamasal). Alfonbrak jasotzerako orduan konturatu zen alfonbretako bat erabilezin geratu zela, lehen ez zituen orban hori batzuengatik.
Beraz, Mikelek erreklamazio bat aurkeztu du, kaltetutako alfonbragatik konpentsazio bat eskatuz. Mikelek azaldu du Nodamasalek 350,00 € eskaini zizkiola, alfonbraren balio-galeragatik, baina Mikelek ez zuela onartu, konpentsazioaren balorazioa eskasa iruditu baitzitzaion. Izan ere, bere garaian 1.300,00 € inguru ordaindu zituen harengatik, eta merkatuan antzeko ezaugarriak zituen hura ordezkatzeko alfonbra bat aurkitzen saiatu zen, eta aurkitu zuen merkeenak 833,80 € balio zituen.
Nodamasalek alegatu du alfonbraren ezaugarriak eta osaera kontuan hartuta, beronen sakoneko garbiketa eta ehundura zaintzeko xedez garbitzeko prozesu egokiak bete zituela. Ulertzen duela Mikelen erreklamazioa kolore aldaketa erako orban batzuetan oinarritzen dela. Orban horiek ohikoak direla Lana (alfonbraren osaera) agente oxidatzailearen eraginpean jartzeak erreakzio kimikoa eragiten baitu eta, ondorioz azkenean, eraginpeko eremua koloregabetu – horixkatu (oxidatu) egiten baitu. Baina uste du orban horiek jadanik bazeudela alfonbraren gainazalean, eta datu hori berretsita geratzen da alde batetik, garbiketa-prozesua uniformeki egiten delako alfonbraren gainazal osoan; eta bestetik, eremu horixkak, herdoilduak edo koloregabeak eremu oso zehatz batzuetan daudelako.
Eta azkenik, esan du ulertzen duela Mikeli irtenbide ekonomiko bat eman behar diola, produktu mota horietarako merkatuko gaur egungo balioen arabera, dagokion balio-galera aplikatuz. Eta Mikeli 350,00 € eskaini zizkiola konpentsazio gisa.
Arbitraje-erabakia
Arbitraje-elkargoak Mikelek Nodamasalen aurka aurkeztutako asmoa PARTZIALKI ONARTZEA erabaki du AHO BATEZ. Horren arabera, Nodamasalek Mikeli 350,00 € ordaindu beharko dizkio, alfonbraren egungo balioari dagozkionak.
Era berean, alfonbra Mikelen jabetzakoa da eta ondorioz, Nodamasalek Mikelen etxera eraman beharko du.
Azalpena
Arbitraje-elkargoak alfonbra aztertu du, eta ikusi du alfonbrak orban batzuk dituela, baina ez dago egiaztatuta horiek Nodamasalen garbiketa-prozesu desegokiaren ondorio direnik.
Arbitraje-elkargoaren iritziz, Nodamasalek arduragabekeriaz jokatu zuen alfonbra jasotzeko unean, ez baitzion jakinarazi Mikeli garbiketa-prozesuaren ondorioz, hasiera batean ikusten ez ziren orbanak ager zitezkeela. Nodamasalek aitortu du hori, eta prest dago Mikeli kalte-ordain bat ordaintzeko.
Nodamasalek proposatutako kalte-ordainaren zenbatekoa 350,00 eurokoa da. Zenbateko hori egokitzat jotzen da eta Elkargoak onartu egin du, alfonbraren adina (15 urte) eta erabilera kontuan hartuta.
Azken aldaketako data: