6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Produktu, ondasun eta zerbitzuen kontrola eta ikuskapena
III. Titulua - Produktu, ondasun eta zerbitzuen kontrola eta ikuskapena
III. Titulua - Produktu, ondasun eta zerbitzuen kontrola eta ikuskapena
43. artikulua. Kontsumoko Ikuskapena
- 1.- Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, eskumenak dituzten eremuetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskura jarritako ondasun, produktu eta zerbitzuak kontrolatu eta ikuskatzeko jarduketak egingo dituzte modu koordinatuan, horien merkaturatze-prozesuko edozein fasetan. Jarduketa horien bidez, ondasun, produktu eta zerbitzuak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari dagokionez indarrean dagoen legeriaren araberakoak ote diren egiaztatuko da, bereziki honakoak kontuan hartuta: ondasun, produktu eta zerbitzu horien ezaugarri tekniko eta higieniko-sanitarioak, segurtasun eta merkataritza ezaugarriak, eta nola egokitzen diren, bestalde, bultza dezaketen itxaropenetara, horien aurkezpen-deskripziotik, publizitatetik, preziotik eta bestelako inguruabarretatik sortzen direnetara.
- 2.- Toki-erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak modu koordinatuan jardungo dute. Bi aldeek ikuskapen eta kontrol baliabideak bateratuko dituzte eta beharrezko laguntza eta informazioa lortzea errazagoa egingo dute, honela kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak hobeto eta modu eraginkorragoan babesten direla bermatuz.
44. artikulua. Jarduketa-eremua
- 1.- Ikuskapen-jarduketak erregelamenduz honela sailkatutako ondasun, produktu eta zerbitzuetan aplikatuko dira batik bat: erabilera edo kontsumo arrunt, ohiko eta orokorra dutenetan; kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes ekonomikoei, osasunari eta segurtasunari kalte egin diezaieketenetan; edo, lege honetako 5. artikuluan ezartzen den bezala, babes berezia behar duten kolektiboetan eragina izan dezaketenetan.
- 2.- Titulu honetan ezarritakoa aurrera eramateko kontsumoko ikuskatzailearen zereginek ez diete kalterik egingo dagozkien eskumeneko gaietan Eusko Jaurlaritzako gainerako sailek garatzen dituzten zereginei.
45. artikulua. Ikuskatzaileak
- 1.- Kontsumoko ikuskatzaileak, dagokien ikuskapen-zeregina betetzerakoan, agintetzat hartuko dira ondorio guztietarako.
- 2.- Ikuskatzaileek, beren zereginak betetzerakoan, beti beren burua identifikatu beharko dute dagokion egiaztagiri ofiziala erakutsiz. Modu proportzionatuan eta legez ezarritako preskripzioen arabera jardungo dute eta, kasu guztietan, isilpean mantendu beharko dute lortutako informazio guztia.
- 3.- Lege honetan xedatutakoa betetzen dela bermatu eta ziurtatzeaz arduratzen diren kontsumoko ikuskapen-zerbitzuen egitura eta zereginak erregelamendu bidez arautuko dira.
46. artikulua. Ikuskatzaileen ahalgoak
- 1.- Ikuskapen-jarduketak egiteko, beste aginte batzuei, edo hauen eragileei, beharrezkoak zaizkien laguntza, partaidetza eta babesa eskatu ahal izango dizkiete.
- 2.- Beren zereginak betetzeko unean, ikuskatzaileek egin behar duten jarduketarekin zuzenean edo zeharka erlazionatuta dauden bulego, instalazio eta gune mota guztietara sartzerik izango dute. Era berean, jarduketaren xedearekin zuzeneko nahiz zeharkako harremana duen edozein pertsona fisiko nahiz juridikori bertaratzeko eta laguntzeko eska diezaiokete.
- 3.- Ikuskatzaileek ikerketarako bidezkoak diren merkataritza eta kontabilitate agiriak nahiz beste edozein motatako agiriak eskuratu eta aztertu ahal izango dituzte, eta horien kopia ere egingo ahal izango dute.
- 4.- Era berean, produktuen laginak hartu ahal izango dituzte, eta baita beste edozein motatako kontrol edo entseguak egin ere produktu, ondasun eta zerbitzuetan.
- 5.- Ikerketak ere egin ahal izango dituzte, batik bat kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasun, segurtasun eta legezko interes ekonomikoetarako arriskua ekar dezaketen sektoreetan merkataritza-azterlanak ezagutu eta egiteko informazioa lortzera bideratuak egongo direnak.
- 6.- Eginbideen izaera kontuan hartuta eta horiek hobeto bete ahal izateko, dokumentazioa eta bertaratzeak behar direnean, ikuskapen-bisitan edo Zuzenbidean onartzen den beste bitarteko bat erabiliz egin ahal izango dira, ikuskatzen den enpresan bertan, jarduerarekin erlazionatutako lokaletan eta kontrol-organoen bulegoetan.
47. artikulua. Ikuskapen-aktak
- 1.- Administrazioko arau-haustetzat har daitezkeen gertaeretan ikuskatzaileek egiten dituzten jarduketak aktetan bilduko dira idatziz. Akta horietan honakoak adierazi beharko dira, gutxienez:
- a) Ikuskatzaileen arreta hartu duenaren edo dutenen identifikazio osoa; zeregin horretan zein izaerarekin aritu den edo diren ere aipatu behar da.
- b) Ikuskatzaileen identifikazioa.
- c) Antzemandako gertaerak, horietan izandako inguruabarrak edo interesgarri liratekeenak, eta ikuskapenean parte hartzen dutenek egin nahi dituzten adierazpenak.
- d) Jarduketa egiten den lekua, data, ordua eta arrazoiak, eta, dagokionean, burututako eginbideak eta erantsitako agirien zerrenda.
- e) Hartutako zuhurtziako neurriak eta hauen zergatia eta xedea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 32.2 artikuluarekin bat etorriz.
- f) Ikuskatzaileen sinadura eta bertaratu denarena edo direnenak, hala badagokio. Hau egin aurretik, aktan bildutakoaren inguruan nahi duten adierazpenak egiteko eskubidea dutela jakinaraziko zaie.
- 2.- Bertaratu denak edo direnek sinatzeari uko egin arren, akta ez da baliorik gabe geratuko. Sinatuko ez balu, agiria jaso ahal izateko bakarrik sina dezakeela jakinaraziko zaio, eta hala egiten duela zehaztu beharko da. Honek guztiak ez du aktaren baliozkotasuna aldatuko.
- 3.- Kontsumoko ikuskatzaileek ikuskapen-aktetan biltzen dituzten gertakariak benetakotzat hartuko dira, aurkakoa frogatu ezean.
48. artikulua. Ikuskatzen diren pertsona edo erakundeen betebeharrak
Produktu, ondasun eta zerbitzuak sortu, inportatu edo hornitzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek, horien legezko ordezkariek edo establezimenduaren ardura dutenek honetara behartuta egongo dira:
- a) Garatzen den jardueraren kontrola egin ahal izateko, ikuskatzaileei establezimenduak dituen guneetan ikuskapenak egin ditzaten eta sar daitezen trabarik ez jartzera.
- b) Instalazio, produktu, ondasun edo zerbitzuei buruzko informazioa ematera eta, eskatzen diren guztietan, jarduera garatzeko beharrezkoak diren baimen, erregistro eta lizentziak aurkeztera; emandako datuak egiazkoak ote diren zuzenean frogatzeko bidea emango zaie ikuskatzaileei.
- c) Ikuskatzaileei egin diren transakzioak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztera, hala nola fakturak, albaranak eta legez eskatutako gainerako dokumentuak, eta baita eska daitezkeen erantzukizunak zehazteko beharrezkoak diren agiriak ekartzera ere.
- d) Aurreko puntuetan aipatutako agirien kopiak egiteko aukera ematera.
- e) Zerbitzu eskudunek eskatutako toki eta unean bertaratu eta agiriak aurkeztera.
- f) Laginak hartzeko edo, edozein merkaturatze-fasetan, produktu, ondasun eta zerbitzuei beste edozein motatako kontrol edo entseguak egiteko baimena ematera.
- g) Behin-behineko neurrien pean dauden produktu, ondasun eta zerbitzuak egoki gorde eta kontserbatzera. Honen inguruan zerbitzu eskudunek emandako jarraibideak une oro errespetatuko dira.
Legearen aurkibidea Araudira itzuli
Azken aldaketako data: