Aurretik informazioa izatea eta aurrerapenarekin ekitea; Kontsumobideren gomendioak aireko sektoreak egindako greba-deiaren aurrean

Argitalpen-data: 

Datozen egunetan zenbait greba deituko dira eta horrekin batera hegazkinetako bidaiariak gehiago izango dira Aste Santuko oporrak direla eta. Grebak deitu dira Adolfo Suarez aireportuko jagoleen pertsonalean, AENAko lurreko langileen artean, Loiuko aireportuko finguers operadoreen artean, eta Airnostrum airelineako langileek deitutakoa.

Greba egiteko eskubidea erabiltzea zilegi denez, kontuan hartu behar da eragina izan dezakeela programatutako bidaien garapen normalean. Beraz, Kontsumobideren gomendioa da airelinearekin aurretik harremanetan jartzea edo, hala badagokio, bidaia-operadorearekin bidaia konbinatu bat baldin bada. Ezustekoak saihesteko, lehenik eta behin, informazioa eskuetan izan behar dugu, beharrezkoa baita jakitea kontratatuta dugun hegaldia grebaren eraginpean dagoen, konpainiak ematen dituen beste aukerak, gutxieneko zerbitzuak ematen dituen hegaldi bat ote den eta abar.

Komeni da jakitea kontsumitzaile gisa babesten gaituzten eskubideak desberdinak direla, greba zeinek deitu duen, horren arabera: greba deitu dutenak hegazkin-konpainiako langileak badira pentsa dezakegu eskubideak babestuagoak daudela, hegazkin-konpainiak prebentzio neurriak hartu eta grebaren aurrean ekin duela ulertzen baita; aitzitik, aireportuetako langileek edo konpainiarekin zerikusirik ez duten langileek deitutako greba baldin bada, airelineek kontsumitzaileekiko dituzten obligazioak desberdinak dira.

Kasu guztietan gomendatzen dizugu:

  • Behar adina informazio izatea hegazkin-konpainiatik zuzenean nahiz aireportuetatik.
  • Behar adina aurrerapenarekin bertaratzea aireportuetara, ustekabeko atzerapenak gertatu edo tramiteak geldotu daitezkeelako. Oso garrantzitsua da fakturazioa garaiz egitea, horrela aukera handiagoa izango dugulako airelineek hegaldi alternatiboak guri eskaintzeko, gurea bertan behera geratu denean.
  • Egoera pazientziaz hartzea.
  • Idatzizko dokumentazio guztia gordetzea eta gurekin eramatea (billeteak, foiletoak, informazioa…) ondorengo erreklamazio posibleen aurrean.

Jakin behar duzu:

  • Hegazkin-konpainien obligazioa dela zu informatzea, are gehiago grebagatik zure hegaldia bertan behera geratu denean, eta arrazoizko hegaldi alternatibo bat eskaini behar dizute ahalik eta azkarren. Gainera, txartelaren dirua itzultzeko eskatu ahal izango duzu. Trenez edo autobusez bidaiatzea aukeratzen baduzu saiatu trukatzen konpainiaren informazio-mahaian, bestela gerta baitaiteke kostuak zuregain hartu behar izatea.
  • Aireportuan janaria eta edaria jasotzeko eskubidea duzu eta airelineak eskaini beharreko zerbitzua da hori, greba bere langileek deitutakoa ez denean ere. Horrez gain zure hegaldia hurrengo egunera arte atzeratzen bada, hotel batean ostatu hartzeko eta hotelaren eta aireportuaren arteko lekualdaketak egiteko eskubidea duzu.
  • Zure hegaldia bidaia konbinatu batean sartzen bada, bidaia-agentziara jo beharko duzu.

Azkenik grebak eragindako kalteak izan badituzu eta erreklamazioa egin behar baduzu, lehenik eta behin, hegazkin-konpainiara edo bidaia-agentziara jo beharko duzu, eta ondoren, behar izanez gero, Aireko Segurtasuneko Espainiako Agentziara. Kontsumobiden edo KIUBetan ere orientatuko zaitugu.