Argitalpen-data: 2014/07/02
Energia elektrikoa kontratatzeko modalitateak
2014ko uztailaren 1etik aurrera, elektrizitate-enpresa guztiek sistema berriaren arabera fakturatu behar dute
2014ko apirilaren 1ean sartu da indarrean elektrizitatearen fakturan energiaren kostua finkatzeko sistema berria.
3 hilabeteko behin-behineko aldia amaituta (2014ko apiriletik ekainera artekoa), 2014ko uztailaren 1etik aurrera, elektrizitate-enpresa guztiek sistema berriaren arabera fakturatu beharko dute. Gainera, hala dagokionean, lehengo sistemaren arabera ezarritako prezioen (48 euro/MWh) eta elektrizitateak hilabete horietan izan duen egiazko prezioaren arteko aldea itzuli beharko diete bezeroei.
Gogora ekarri nahi dugu erreformak 3 kontratazio-modalitate barne hartzen dituela:
- Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa (KTBP).
- Prezio finkoa 12 hilabetez.
- Merkatu librean kontratatzea.
Kontuan hartu behar da kontsumitzaileak aukeratutako modalitateak faktura osagai bati baino ez diola eragiten; alegia, elektrizitatearen ekoizpen-prezioari. Osagai horretaz gain, fakturak barne hartzen ditu Industria Ministerioak finkatzen dituen kostu arautuak (ordainsariak) eta zergak (BEZ eta zerga bereziak).
A) Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa (KTBP)
KTPB da erreferentzia-merkaturatzaileek modalitate horri atxikitako pertsonei kobratu diezaieketen gehieneko prezioa.
Ezaugarriak:
KTBP hautatu dezakete tentsio baxura konektatutako eta 10 kW-eko potentzia edo txikiagoa kontratatuta duten kontsumitzaileek.
Kontsumitzaileak elektrizitate-ekoizpenaren merkatuko prezioa ordainduko du fakturazio-aldian (Azken Baliabideko Hornikuntzarako Energiaren Erosketa zeritzen enkanteak desagertu dira, eta, haiekin batera, prezioa bermatzeagatiko gainkostua). Hala, sistema berriak handizkarien merkatuan elektrizitateak duen prezioa hartzen du erreferentzia gisa. Prezio hori orduan ordukoa da, eskaintza eta eskaria gorabehera.
KTBP kontratuaren baldintzak araututa daudenez (ez dago klausula berezirik edo zerbitzu gehigarririk), are argiagoa eta gardenagoa da faktura.
Azken baliabideko tarifaren mendeko kontsumitzaileak automatikoki igaroko dira KTBPren kontratazio-modalitatera, izapiderik egin edota kontadorea aldatu beharrik gabe.
Erreformak kontadore digitalak goresten ditu; izan ere, aldaketarako arauak eta protokoloak onartu eta ezarrita, kontadore digitala darabiltenek orduko egiazko kontsumoaren arabera ordainduko dute. Ordura arte, kontsumitzaileek batez besteko kontsumo orokortuaren arabera ordainduko dute (Oharra: Kontagailu analogiko guztiak kendu eta, haien ordez, kontagailu digitalak jartzeko plana 2018. urtean bukatuko du).
KTBP izateko eskubidea duen kontsumitzaileak beste kontratazio-modalitate bat hautatu badu, beti izango du KTBPra itzultzeko aukera, merkatuko erreferentzia-merkaturatzaileetako batekin hornikuntza kontratatuta.
Azkenik, kontuan izan behar da erreferentzia-merkaturatzaileek KTBP hartzen dutela oinarritzat pertsona-talde hauei azken baliabideko tarifak (ABT) izenekoak aplikatzeko garaian:
- Lehen gizarte-abonamenduaren onuradun ziren kontsumitzaile zaurgarriak (ABT = KTBP % 25ean murriztua).
- KTBP izateko eskubiderik ez duten pertsonak, bolada batez enpresa merkaturatzaile libre batekin hornikuntza-kontraturik ez dutenean (ABT = KTBP % 20ean garestitua).
B) Prezio finkoa 12 hilabetez
Erreferentzia-merkaturatzaile guztiak behartuta daude 12 hilabetez prezio finkoa kontratatzeko modalitatea eskaintzera, KTBPren ordezko gisa.
Ezaugarriak:
Prezioa finkoa izango da urtebetez. Prezioa finkoa izanik, ziur aski, ordaindu beharreko zenbatekoa KTBP baino handiagoa izango da (prezioen aldakortasunetik babesteagatik).
Prezioa modu askean finkatuko dute erreferentzia-merkaturatzaileek, baina zenbait baldintza bete beharko dituzte, eskaintza konparatu ahal izateko (eskaintza 12 hilabeterako izango da, eskaintzak ez du produktu edo zerbitzu gehigarririk sartuko, etab.).
C) Merkatu librean kontratatzea
Kontsumitzaileak, halaber, energia elektrikoaren hornikuntza merkatu librean kontratatu ahalko du zeinahi merkaturatzailerekin, bien artean adostutako baldintzak eta prezioa ezarrita.
Merkatu libreko eskaintzek, urtebeterako prezio finkoko kontratazio-modalitateak ez bezala, klausula bereziak eta/edo zerbitzu gehigarriak barne har ditzakete. Arreta berezia eskaini beharko die horiei guztiei kontsumitzaileak, kontratua sinatu baino lehen.
Eskaintza-konparatzailea
Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) energiaren eskaintza-konparatzailea eskaintzen du. Erreferentzia-merkaturatzaileek nahitaez eskaini beharreko urtebeterako prezio finkoko eskaintzak eta zeinahi merkaturatzailek merkatu librean eskainitakoak barne hartzen ditu.
Hala, MLBN berak ohartarazten duenez, elektrizitatearen merkatu eskaintza guztiak ezin dira euren artean zuzenean alderatu; izan ere, baldintza eta zerbitzu desberdinak eskaintzen dituzte. Hori dela eta, kontsumitzaileak, elektrizitate-hornikuntzarako kontratua sinatu aurretik, argi eduki behar ditu kontratuak ezartzen dituen baldintzak, batez ere, iraunkortasun-konpromisoari, zerbitzu gehigarriak kontratatzeko nahitaezkotasunari, eskaintzaren eguneraketari eta kosturik gabe eskainitako hornikuntzaz bestelako zerbitzu gehigarriei dagozkienak.
Loturak
Energiaren eskaintza-konparatzailea (Iturria: MLBN)
Energia elektrikoaren merkaturatzaileen zerrenda (erreferentzia-merkaturatzaileak eta merkatu librekoak)
Kontsumoko gaia: Energia elektrikoaren hornidura