Produktuen etiketak
Aurkibidea
Sarrera
Produktuei etiketak jartzea nahitaezkoa da, kontsumitzaileen oinarrizko bi eskubide hauek direla eta: informazio-eskubidea eta segurtasun-eskubidea. Etiketa da produktuei eta haien fabrikatzaileei buruzko informaziorik objektiboena izateko dugun biderik fidagarriena. Gainera, babes-tresna bat ere bada etiketa, eta produktuak konparatzeko eta komenigarriena hautatzeko aukera ematen digu.
Etiketak erregulatzen dituzten arau ugari eta askotarikoak daude. Espainiako legeria behin baino gehiagotan aldatu izan dute Europako esparrura egokitzeko.
Produktuen etiketak
Elikagaiak
Kontsumitu behar ditugun elikagaien konposizioari, jatorriari eta beste xehetasun batzuei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea dugu.
Elikagaien arloko araudia oso zabala da, eta etengabe eguneratzen da. Elikagaiei dagokienez, Kontsumobideren egitekoak etiketen arlora mugatzen dira.
Informazio gehiago: Elikagaien etiketak.
Arropa eta oinetakoak
Arropen eta oinetakoen etiketek ematen duten informazioa desberdina izaten da fabrikazio-materialen arabera. Nolanahi ere, produktu guztiek eman behar dute nahitaezko informazio bat.
Informazio gehiago: Arropen eta oinetakoen etiketak.
Altzariak
Altzarien etiketak, kontsumitzaileentzat merkaturatzen diren gainerako produktuenak bezala, araututa daude, eta berariazko zehaztapen batzuk dituzte.
Informazio gehiago: Altzarien etiketak.
Jostailuak
Jostailuek merkatu-kontrol zorrotz bat gainditu eta dagokien Europako araudia bete behar dute produktuen segurtasuna bermatzeko.
Informazio gehiago: Jostailuen etiketak.
Bideo-jokoak
Bideo-jokoak ikus-entzunezko entretenimendu-produktuak dira, eta, 2009tik, kultura-industriako produktutzat hartzen dira. Beraz, ez dira jostailutzat hartzen. Musika, liburu eta filmekin gertatzen den bezala, adin guztietarako bideo-jokoak daude, eta eduki oso desberdinak dituzte. Hori dela eta, ez lirateke zentsuratu behar, indarkeria edo sexu esplizitua erakusten duten liburu edo filmak zentsuratzen ez diren bezala.
Baina bideo-jokoek zenbait etiketa izan behar dituzte, adin txikikoak haientzat egokiak ez diren edukietatik babesteko. PEGI (Pan European Game Information) kodea deritzo markaketa horri, eta, zenbait piktogramaren bidez, informazio hau ematen du:
- Bideo-jokoa erabiltzeko gutxieneko adina.
- Bideo-jokoan dauden edukiei buruzko ohartarazpena.
Kosmetikoak
Produktu kosmetikoek, dituzten osagai eta propietate espezifikoak dituztelako, berariazko araudi bat dute etiketei eta publizitateari dagokienez.
Informazio gehiago: Kosmetikoen etiketak.
Ekologia-etiketak
Europako ekologia-etiketa borondatezko programa baten parte da. Hain zuzen, 1992an sortu zen programa hori, enpresek ingurumena gehiago errespetatzen duten produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea sustatzeko. Ekologia-etiketa duten produktu eta zerbitzuek lore baten logotipoa izaten dute, erraz identifikatzeko. Gaur egun, Europako Batasuneko ekologia-etiketak hainbat produktu eta zerbitzu biltzen ditu (eta gero eta gehiago dira); besteak beste: garbitzeko produktuak, paperezko produktuak, ehunak, kosmetikoak, etxe eta lorategietarako produktuak, lubrifikatzaileak…
Europako Batasunean modu ekologikoan ekoitzi diren elikagaiak identifikatzeko berariazko etiketa bat ere badago. Etiketa hori, normalean “euro-hosto” deritzona, 834/2007 (EB) Erregelamenduaren bidez onetsi zen, eta 2009ko urtarrilaren 1ean hasi zen erabiltzen. “Euro-hosto” etiketa erabiltzeak ez du eragozten haren alboan beste etiketa batzuk —estatu mailakoak edo pribatuak— agertzea.
Etxetresna elektrikoen energia-etiketak
Honelako etiketek energiaren eta oinarrizko beste baliabide batzuen kontsumoari buruzko informazioa ematen dute, gailu-mota bakoitzari buruzko datu osagarriez gain. Horrela, gure beharretara ongien egokitzen dena hauta dezakegu.
Energia-etiketa gailu hauek izan behar dute:
- Hozkailuak eta izozkailuak
- Etxeko danbor-lehorgailuak
- Etxeko garbigailuak
- Etxeko garbigailu-lehorgailu konbinatuak
- Aire girotua
- Ontzi-garbigailuak
- Telebistak
Energia-etiketak ematen duen informazioa hiru ataletan banatuta agertzen da:
- Enpresa fabrikatzaileari eta etxetresna elektrikoaren modeloari buruzko datuak.
- Gailuaren energia-eraginkortasun mota: A (A+++, A++, A+ eta A) motakoak dira eraginkortasun handienekoak, eta D motakoak, berriz, izan litekeen eraginkortasunik txikienekoak.
- Etxetresna elektriko mota bakoitzari dagozkion datu espezifikoak.
2011ko abendutik aurrera, enpresek nahitaez jarri behar dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/30/UE Zuzentarauak arautzen duen energia-etiketa berria. Zuzentarau hori transposizioz eraman da Espainiako legeriara, 2011ko urriaren 14ko 1390/2011 Errege Dekretuaren bidez —energiarekin erlazionatutako produktuek energiaren eta beste baliabide batzuen kontsumoari dagokionez etiketen eta informazio normalizatuaren bidez eman behar duten informazioa arautzen du Errege Dekretu horrek—.
Etxetresna elektrikoetarako etiketa berrian handitu egin da energia-eraginkortasunaren eskala, A+++ adierazleraino, eta gailuen kontsumoari eta soinuari buruzko piktograma berriak egin dira.
Adibidea: energia-etiketa berria hozkailu batentzat:
Energia-etiketetarako piktograma berriak:
Komunak:
Hozkailuak:
Ardotegiak:
Garbigailuak:
Ontzi-garbigailuak:
Telebistak:
Eraikinetako eraginkortasun energetikoaren etiketa
2013ko ekainaren 1etik aurrera, berriki eraikitako eraikinek nahiz saltzeko edo alokatzeko eraikinek eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta etiketa eskuratu beharko dute.
Apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak agintzen du eraikin berriek energia-eraginkortasunaren egiaztagiria eduki behar dutela. Betebehar hori bera daukate saltzeko diren eraikinek edo errentari berriari alokatzen direnek (osorik edo zati bat -pisuak, adibidez-), baldin ordu arte ez bazeukaten egiaztagirik.
Ziurtagiri horrek etiketa energetikoa ekartzen du, eta etiketa horretan dator adierazita eraikina edo bere zatiak zenbateraino diren eraginkorrak, hainbat parametroren arabera (energia-kontsumoa, kutsadura, etab.). Eraikina edo eraikin-zatiak saltzeko zein alokatzeko eskaintza, sustapen eta iragarki guztietan agertu behar da energia-etiketa. Eraikitzekoak diren eraikinen kasuan, eraikitzen hasi aurretik, proiektuaren energia-ziurtapena eskuratu behar da, eta, obra amaitzean, bukatutako eraikinaren energia-ziurtapena.
Gainera, kontsumitzaileak kontuan izan behar du 500 m2 erabilgarri baino gehiago duten salerosketa establezimenduek eta lokal ireki berriek ere ondo ikusteko moduko leku nabarmenean jarri behar dutela etiketa, baldin horren ziurtagiria edukitzeko betebeharra badute.
Informazio gehiago... (Iturria: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta lehiakortasun Saila)
Araudia:
- 235/2013 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoa, eraikuntzen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duena. [es]
- Euskadi. 240/2011 Dekretua, azaroaren 22koa, eraikin berrien eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria arautzen duena.
- Euskadi. Agindua, 2012ko abenduaren 12koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kanpoko kontrola arautzeko dena.
- Euskadi. Agindua, 2013ko apirilaren 2koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien erregistroari buruzkoa.
Gurpilen etiketak
2012ko azaroaren 1ean indarrean sartu zen 2009ko azaroaren 25eko 1222/2009 (EE) Erreglamendua, gurpilak etiketatzeari buruzkoa, euren eraginkortasuna karburante kontsumoaren inguruan eta beste oinarrizko parametroen inguruan.
Gurpil guztiek eraman behar duten etiketaren adibidea:
Etiketan agertzen diren hiru piktogramek ondorengo ezaugarriak adierazten dituzte:
- Karburante kontsumoari lotutako eraginkortasuna.
- Bustitako azalarekiko itsaspena.
- Gurpilaren kanpoko errodadurak sortutako zarata.
Gomendioak
Gerora arazorik izan ez dezagun, garrantzitsua da zer produktu erostera goazen ondo jakitea. Etiketa da informazio jasotzeko elementu garrantzitsuena, eta horrenbestez, komeni da gomendio orokor hauek kontuan izatea:
- Erosi etiketatuta datozen produktuak, etiketa segurtasun-garantia bat baita.
- Produktu baten etiketa aurkitzen ez badugu, baliteke ondo itsatsita ez izateagatik askatu izatea edo norbaitek kendu izatea. Kasu horretan, komeni da beste produktu berdin batzuek baduten ikustea, eta etiketa duen bat erostea.
- Etiketa bat ondo irakurri ezin bada edo zer dioen ulertzen ez bada, galdetu establezimenduan jendearen arretarako dagoen norbaiti.
- Gama bereko bi produktu erosteko, kontuan izan behar da etiketak parametro objektiboak eskaintzen dituela, eta, horrenbestez, erosteko erabakia jakinaren gainean egonda hartzeko aukera ematen duela.
- Gorde etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan, baliteke eta erosi ondoren behar izatea. Gorde, halaber, ordainagiriak eta produktuarekin erlazionatutako beste edozein agiri, hala nola publizitate-liburuxkak.