Aireko garraioa

Hegazkin-txartel bat erosten baduzu, garraioen arloko araudiak eskubide zehatz batzuk aitortzen dizkizu hegaldien bertan behera uzte, atzerapen edota overbooking kasuetarako.  Eskubideak gauzatu ahal izango dituzu, honako kasu hauetan:

  • Bidaia Europar Batasunaren barruan egiten baduzu eta aire konpainia EBkoa edo EBtik kanpokoa bada.
  • Hegazkina EBtik kanpoko herrialde batetik ateratzen bada, EBko herrialdi batera heltzeko, eta aire konpainia EBn kokatuta badago.
  • Hegazkina EBko herrialde batetik ateratzen bada, EBtik kanpoko herrialde batera ailegatzeko, eta aire konpainia EBkoa edo EBtik kanpokoa bada.

Gainera, kasu horietan, inolako bereizkeriarik ez izateko eskubidea duzu: ezin dizute gehiago kobratu zure nazionalitatearen arabera edo txartela erosten duzun tokiaren arabera.

Informazio-eskubidea

Dituzun eskubideei buruzko informazioa idatziz jasotzeko eskubidea.

Hegazkin-txartelaren dirua itzuli edo ordezko garraio bat izateko eskubidea

Aire-konpainiak aukera hauek eskaini behar dizkizu:

  • Txartelaren zenbatekoa itzultzea: gehienez ere zazpi eguneko epean itzuli behar dizu, eta hegazkin-txartelaren kostu osoa ordaindu behar dizute, bai egin ez diren bidaiako zatiei dagokiena, bai egindakoena, hegaldia jada egingo ez bada. Kasu horretan, gainera, abiapuntura itzultzeko ahalik eta lasterren itzultzeko beste hegaldi bat izateko eskubidea ere baduzu.
  • Ordezko beste garraio-moduren bat: ahalik eta lasterren edo komeni zaizunean helmugara eramango zaituen .

Arreta-eskubidea

Hegaldia bertan behera utzi bada, aire-konpainiak arreta eskaini behar dizu doan. Zehazki:

  • Behar beste jan eta freskagarri eman behar dizu, aire-konpainiak eskainiko dizun ordezko garraioa izateko itxaron beharko duzun denboraren arabera.
  • Ostatu eman behar dizu hotel batean, bai eta aireportuaren eta hotelaren arteko garraio-zerbitzua eskaini ere, hegazkina ateratzeko aurreikusi den ordua bertan behera utzitako hegaldiak atera behar zuen egunaren hurrengoa bada, gutxienez.
  • Bi telefono-dei egin, bi telex, fax-mezu edo mezu elektroniko bidaltzeko aukera eman behar dizu.

Diru-konpentsazioa jasotzeko eskubidea

Diru-konpentsazioa jasotzeko eskubidea badaukazu, ordain hauek jasotzeko eskubidea duzu:

  • 250 euro, 1.500 km baino laburragoko hegaldietan.
  • 400 euro, EB barneko 1.500 km baino luzeagoko hegaldietan, eta 1.500-3.500 km-ko gainerako hegaldietan.
  • 600 euro, EBtik kanpoko 3.500 km baino luzeagoko hegaldietan.

Badaude salbuespenak. Ez duzu ordaina jasotzeko eskubiderik izango:

  • Aire-konpainiak hegaldia irteteko aurreikusitako ordua baino, gutxienez, bi aste lehenago hegaldia bertan behera utziko duela esan badizu.
  • Hegaldiaren irteera-ordua baino bi aste lehenagotik zazpi egun lehenagora bitarte abisatu, eta ordezko garraio-moduren bat eskaintzen badizu, betiere, ordezko garraio-modu hori hegaldirako aurreikusitako irteera-ordua baino bi ordu lehenago ateratzen ez bada, eta heldu, aurreikusitakoa baino lau ordu beranduago iristen ez bada.
  • Aurreikusitako irteera-ordua baino zazpi egun baino gutxiagoko tartearekin abisatu, eta beste hegaldi bat hartzeko aukera eskaintzen badigu, betiere hegaldia aurreikusitako irteera-ordua baino ordubete lehenago ateratzen ez bada, eta iristea aurreikusitako ordua baino bi ordu beranduago iristen ez bada helmugara.

Konpainiak ez du ordainik emateko obligaziorik, egiaztatzen badu hegaldia, arrazoizko neurri guztiak hartuta ere, saihestu ezin diren ez ohiko egoerengatik utzi dela bertan behera. Adibidez, ezegonkortasun politikoko egoerak, hegaldia egitea galarazten duten baldintza meteorologikoak edo hegaldiaren segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen beste egoera batzuk, aireko garraioari eragiten dioten grebak...

Beste aldetik, ordain horien zenbatekoak %50 gutxitu daitezke, aire-konpainiak helmugara ordezko garraio-moduren batean bidaiatzeko aukera ematen baduzu, betiere, iriste-orduak hasierakoan aurreikusitakoarekiko alde hauek ez baditu:

  • Bi ordu baino gehiagoko aldea, 1.500 km-ko edo laburragoko hegaldietan.
  • Hiru ordu baino gehiagoko aldea, erkidego barneko 1.500 km baino luzeagoko hegaldietan eta 1.500-3.500 km bitarteko gainerako hegaldietan.
  • Lau ordu baino gehiagoko aldea, gainerako hegaldi guztietan.

Informazio-eskubidea

Dituzun eskubideei buruzko informazioa idatziz jasotzeko eskubidea, bi ordu edo gehiagoko atzerapenetan.

Arreta-eskubidea

  • Bi ordu edo gehiagokoa bada, 1.500 km edo gutxiagoko hegaldietan li&gt.
  • Hiru ordu edo gehiagokoa bada, EB barneko 1.500 km baino luzeagoko hegaldietan eta 1.500-3.500 km-ko gainerako hegaldietan.
  • Lau ordu baino gehiagokoa, gainerako hegaldietan.

Kasu horietan, aire-garraioko konpainiak doan eskaini behar dizu

  • Behar beste jan eta freskagarri, aire-konpainiak eskainiko duen ordezko garraiorako itxaron beharko duzun denboraren arabera,
  • Ostatua hotel batean, eta hotelaren eta aireportuaren arteko garraioa eskaini, hegazkina ateratzeko aurreikusi den ordua hegaldiak atera behar zuen egunaren hurrengoa bada, gutxienez.
  • Bi telefono dei egitea, bi telex edo fax-mezu edo mezu elektroniko bidaltzea.

Dirua itzultzeko eskubidea

Atzerapena bost ordu edo gehiagokoa bada. Zazpi eguneko epean itzuli behar dizu dirua, eta hegazkin-txartelagatik ordaindu duzun guztia itzuli behar dizu, bai egin gabeko bidaia-zatiarena bai egindakoarena, hegaldia jada ez dela irtengo ikusten bada. Azken kasu horretan, gainera, abiapuntura ahalik eta lasterren itzultzeko hegaldia izateko eskubidea ere baduzu.

Konpentsazioa jasotzeko eskubidea

Hiru ordu edo gehiagoko atzerapen batean diru-ordaina jasotzeko eskubidea duzu, atzerapena ez ohiko egoeraren batek sortu ez badu, hegaldia bertan behera utzi izan balitzaizu bezala.

Atzerapenagatik konpentsazioa jasotzeko eskubidea daukazu, are Europar Batasunean kontratatu duzun hegaldiaren xedea Batasunetik kanpo dagoen aireportua bada ere, eta Batasunetik kanpoko herrialdeetan geldialdi bat edo gehiago egin behar bada ere bai. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai batzuen arabera, konpentsazioa jasotzeko eskubide horretan ez dauka eraginik hegaldi bateko atalak hainbat hegazkin-enpresak kudeatzeak, ez eta haietako bat Batasunekoa ez izateak ere ez. Bi baldintza daude: konpainiak Europar Batasunetik jardun behar du eta hegaldi-kontratatu bat bakarrik egon behar da (hau da, bidaia bat bakarrik, nahiz eta hainbat enpresak kudeatu hegaldiak).

Aire-konpainia batek guztira dituen baino txartel gehiago saltzen dituenean overbooking edo gainerreserba dagoela esaten da. Legezko praktika bat da, erosi dituzten pertsonen arteko ehuneko jakin batek ez du hegaldia hartzen, konpainien aurreikuspenen arabera.

Aire-konpainia batek hegaldi batean hainbat bidaiariri ontziratzen utziko ez diela aurreikusi badu, zenbait onuren truke hegaldi-erreserbari uko egingo dien boluntarioak eskatu behar ditu. Beren burua aurkeztu dutenak nahikoa ez badira, aire-konpainiak bidaiariei ontziratzen ez uzteko eskubidea du, zure borondatearen kontra.

Eskubideak zure burua boluntario aurkeztu ez duzunean

Informazio-eskubidea

Dituzun eskubideei buruzko informazioa idatziz jasotzeko eskubidea.

Dirua itzultzeko edo ordezko garraio-moduren bat izateko eskubidea

Aire-konpainiak aukera hauek eskaini behar dizkizu:

  • Txartelaren dirua itzultzeko eskubidea: gehienez ere zazpi eguneko epean itzuliko dizu, eta hegazkin-txartelaren kostu osoa ordaindu behar dizu, bai egin ez diren bidaiako zatiei dagokiena, bai egindakoena, hegaldia jada egingo ez bada. Kasu horretan, gainera, abiapuntura itzultzeko hegaldia izateko eskubidea ere baduzu, ahalik eta lasterren.
  • Ordezko garraio-moduren bat izateko eskubidea: helmugara eramango zaituen ordezko beste garraio-moduren bat izateko eskubidea, ahalik eta lasterren, edo komeni zaizunean.

Arreta-eskubidea

Aire-konpainiak arreta eskaini behar dizu doan. Zehazki:

  • Behar beste jan eta freskagarri eman behar dizu, aire-konpainiak eskainiko dizun ordezko garraioa izateko itxaron beharko duzun denboraren arabera.
  • Ostatu eman behar dizu hotel batean, bai eta aireportuaren eta hotelaren arteko garraio-zerbitzua eskaini ere.
  • Bi telefono-dei, telex edo fax-mezu edo mezu elektroniko bidaltzeko aukera eman behar dizu.

Konpentsazioa jasotzeko eskubidea

Ordain hauek berehala jasotzeko eskubidea izango duzu:

  • 250 euro, 1.500 km baino laburragoko hegaldietan.
  • 400 euro, EB barneko 1.500 km baino luzeagoko hegaldietan, eta 1.500-3.500 km-ko gainerako hegaldietan.
  • 600 euro, EBtik kanpoko 3.500 km baino luzeagoko hegaldietan.

Ordainen zenbatekoak % 50 gutxitu daitezke, ordezko garraio-moduren bat eskaini, eta iriste-orduak hasieran erreserbatutakoarekiko alde hauek ez baditu:

  • Bi ordu baino gehiagoko aldea, 1.500 km-ko edo laburragoko hegaldietan.
  • Hiru ordu baino gehiagoko aldea, erkidego barneko 1.500 km baino luzeagoko hegaldietan eta 1.500-3.500 km bitarteko gainerako hegaldietan.
  • Lau ordu baino gehiagoko aldea, gainerako hegaldietan.

Eskubideak zure burua boluntario agertu duzunean

Aire-konpainiarekin adostutako abantailez gain, dirua itzultzeko eskubidea edo ordezko garraio-moduren bat izateko eskubidea izango duzu.

Ekipajearekin gorabeheraren bat badaukazu, bete ezazu berehala Ekipaje Gorabeheren Partea (PIR) aire konpainiaren mahaian.

Une horretan ezinezkoa bazaizu, gogoratu epeak daudela idatzia aurkezteko:

  • Zazpi egun ekipajea kaltetu bada.
  • Hogeita bat egun galdu bada edo atzeratu badira hura ematen.

Hegaldiak bertan behera utzi edo atzeratu badira, edo overbookinga dela eta ontziratzen utzi ez badizute, erreklamazioa non aukeztu jakin behar duzu, kontratuaren arabera.

Hegazkin-txartela

aire-konpainiara jo beharko da:

  • Posible bada, aireportutik irten baino lehen. Erreklamazio-orri bat bete behar duzu.
  • Bestela, aire-konpainiaren bezeroari arreta emateko sailera idatzizko erreklamazioa bidali behar duzu.

Tiket eta faktura guztien kopiak erantsi behar dituzu. Gorde beti originalak.

Erantzunik jasotzen ez baduzu edo erantzunarekin ados ez bazaude, Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentzian (AESAn) beste errelamazio bat aurkez dezakezu, Espainiatik irteten diren hegaldi guztien kasuan eta Europar Batasunekoa ez den herrialde batetik irten eta helmugako herrialdea Espainia deneko kasuan, betiere Europar Batasuneko konpainia bada.

Bidaia konbinatua edo opor-paketea

Bidaia konbinatua kontratatzen duzu bidaia-agentzia batean hurrengo elementu hauetako bi, gutxienez, barnean hartzen dituen sorta bat erosten duzunean:

  • Garraioa.
  • Ostatua.
  • Garraioari edo ostatuari loturik ez dauden beste turismo-zerbitzu batzuk, bidaia konbinatuaren parte esanguratsua direnean (ikuskizunak, txangoak, ibilgailuaren alokairua, etab.)

Kasu horietan, bidaia-agentziara edo tour-operadorera jo beharko da eta erreklamazio-orri bat bete.

Erantzunik jasotzen ez baduzu edo erantzunarekin ados ez bazaude, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Zuzendaritzara jo beharko duzu.

  • 261/2004 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamenturarena eta Kontseiluarena, 2004ko otsailaren 11koa,  aire-bidaiariei konpentsazioak eta laguntza emateko arau komunak ezartzekoa, baldin eta hegaldietan ontziratzea ukatzen bazaie edo hegaldiak ezeztatu nahiz atzerapen handiz irteten badira, eta 295/91 (EEE) Erregelamendua indargabetzen duena.
  • Nazioarteko aire-garraiorako arau batzuk bateratzeko Montrealgo Hitzarmenari (1999ko maiatzaren 28 egindakoa) berrespen-instrumentua.
  • 1/2011 Legea, martxoaren 4koa, Abiazio Zibilerako Segurtasun Estatu Programa ezartzen duena eta 21/2003 Legea, uztailaren 7koa, Aire Segurtasunari buruzkoa berritzen duena. 
  • Europar Batasunea justizia auzitegiaren epaia (Bederatzigarren Sala), 2019ko uztailaren 11koa «Prozedura prejudiziala - Konpentsazioa jasotzeko eskubidea — Lotura zuzeneko hegaldia — Bi hegaldiko hegaldia (bi aireko garraiolarik kudeatutako bi hegaldi) — Atzerapen handia bigarren hegaldian; bigarren hegaldiaren abiagunea eta xedea Europar Batasunetik kanpo daude, eta hegaldia kudeatu duen konpainiaren egoitza hirugarren herrialde batean dago»
  • Europar Batasunea justizia auzitegiaren epaia (Zortzigarren Sala), 2018ko maiatzaren 31koa «Prozedura prejudiziala - Kontzeptua: “lotura zuzeneko hegaldia” — Hegaldia Batasuneko herrialde batean dagoen aireportu batetik abiatu da, eta lotura bat eduki du hirugarren herrialde batean dagoen aireportu batean; hegaldiaren azken xedea hirugarren herrialde horretako beste aireportu bat izan da»

Azken aldaketako data: