Pobrezia energetikoa: pertsona kalteberentzako neurriak

Energia-hornidura eskuratzea ezinbestekoa da bizitza duina izateko, premia funtsezkoenak asetzen dituena. Hala ere, tarifak neurriz kanpo igo direnez, gero eta kontsumitzaile gehiago daude kalteberatasun energetikoko egoeran.

Kontzeptu horrek, batez ere, diru-sarrera urriak dituztelako beren diruaren zati handi bat elektrizitatearen eta gasaren fakturei aurre egiteko erabili behar dutenen egoera definitzen du, edo ekonomia-, lan- edo gizarte-egoera dela-eta baztertuta geratzeko arriskuan daudenena. Beste inguruabar batzuetara ere hedatzen da, hala nola etxebizitzaren baldintza objektibo txarretara, energia-eraginkortasunari dagokionez, edo energia-baliabideen prezio altura.

Pertsona kalteberek neurri batzuk dituzte beren egoera arintzeko. Horietako bat Gizarte Bono elektrikoa da. Ohiko etxebizitzaren faktura elektrikoaren gaineko deskontu bat da, eta araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei aplikatzen zaie.

.

Eskaera egiteko baldintza orokorrak:

  • KTBP (Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa, PVPC erderaz) kontratatuta edukitzea. Ez ahaztu tarifa arautu hori enpresa jakin batzuek bakarrik eskain dezaketela (sartu enpresa-zerrendarako esteka).
  • Kontratua bere ohiko etxebizitzari dagokiona izatea.
  • Urtean 10 kW-eko edo gutxiagoko potentzia kontratatuta izatea.

Eta, gainera:

Araudiak, ezaugarri eta behar pertsonalen arabera, lau profil ezartzen ditu: diru-sarrera txikiko kontsumitzaile elektrikoa, kontsumitzaile kaltebera, kontsumitzaile kaltebera larria eta gizarte-bazterketako arriskuan dagoen kontsumitzailea.

Diru-sarrera urriak dituen kontsumitzailea

IPREMetik gorako diru-sarrerak dituen pertsona, bider 1,5 eta IPREMetik beherakoak bider 2

Familia-unitatea pertsona batek baino gehiagok osatzen badute, 0,3 gehituko zaio biderkatzaileari heldu bakoitzeko, eta 0,5 adingabe bakoitzeko. Adibidez, seme-alaba bat duen bikote baten kasuan, mugak gutxieneko IPREM x 2,3 (1,5+0,5+0,3) eta gehieneko IPREM x 2,8 (2+0,3+0,5) izango dira.

Gainera, koefiziente biderkatzaileari puntu 1 gehituko diogu, familia-unitateko kideren batek honako egoera hau badu:

  1. % 33ko minusbaliotasun-maila edo handiagoa aitortua.
  2. Terrorismoaren biktima izatea.
  3. Aitortutako genero-indarkeriaren biktima izatea.
  4. II edo III. graduko mendetasun-egoera aitortua.
  5. Guraso bakar batek eta gutxienez adingabe batek osatutako familia-unitatea.

Kontsumitzaile kaltebera izateko:

  1. IPREMen pareko edo hortik beherako errenta dituen pertsona, bider 1,5
    Familia-unitatea pertsona batek baino gehiagok osatzen badute, 0,3 gehituko zaio biderkatzaileari heldu bakoitzeko, eta 0,5 adingabe bakoitzeko. Adibidez, seme-alaba bat duen bikote baten kasuan, mugak IPREM x 2,3 izango dira (1,5+0,5+0,3)
    Gainera, koefiziente biderkatzaileari puntu 1 gehituko diogu, familia-unitateko kideren batek honako egoera hau badu:
    1. % 33ko minusbaliotasun-maila edo handiagoa aitortua.
    2. Terrorismoaren biktima izatea.
    3. Aitortutako genero-indarkeriaren biktima izatea.
    4. 2.edo 3. graduko mendetasun-egoera aitortua.
    5. Guraso bakar batek eta gutxienez adingabe batek osatutako familia-unitatea.
  2. Familia ugaria izatea.
  3. Familia-unitateko kideak Gizarte Segurantzako pentsiodunak izatea erretiroagatik edo ezintasun iraunkorragatik, eta beren pentsio motarako ezarritako gutxieneko zenbatekoak soilik kobratzea. Beste diru-sarrera batzuk badituzte, ezingo dute 500 euro baino gehiago jaso urtean.
  4. Pertsona edo familia-unitateko pertsonaren bat Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kobratzen ari dela.

Kontsumitzaile kaltebera larria

  1. Urteko errentak kontsumitzaile kalteberentzat ezarritako mugen % 50 edo gutxiago izan behar du.
  2. 14 ordainsariko IPREMetik beherako urteko errenta. Erretiroagatik edo ezintasun iraunkorragatik pentsiodunentzat ezarritako gutxieneko zenbatekoa duen pentsioa jasotzen dutenentzat, baldin eta beste diru-sarrera batzuk jasotzen badituzte, urteko zenbateko erantsia 500 eurotik gorakoa ez bada.
  3. Urteko errenta 14 ordainsariko IPREMaren bikoitza baino txikiagoa izatea, familia ugarien kasuan.

Gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dagoen kontsumitzailea.

Autonomia-erkidegoko edo tokiko gizarte-zerbitzuek gutxienez faktura elektrikoaren % 50 finantzatzen dioten pertsona kaltebera oro. Kasu horietan, hornidura funtsezko horniduratzat hartzen da.

Erraz egiazta daiteke deskontua egiteko eskubidea dagoen.

Pertsonaren edo, hala badagokio, familia-unitatearen diru-sarrerak honela kalkulatzen dira:

  • Errenta-aitorpena egiten badu, kideen azken aitorpeneko zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren baturarekin.
  • Aitorpena aurkeztu ez badu, behartuta ez dagoelako, lanaren, kapitalaren edo jarduera ekonomikoen etekinen eta zerga-agentzian jasotako ondare-irabazi eta -galeren baturarekin.
  • Aitorpena aurkeztu ez badu baina aurkeztu behar bazuen, ulertzen da diru-sarrerak ezin direla egiaztatu, eta merkaturatzaileak eskaera atzera botako du.

Gizarte-bonoa Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioaren (KTBP) tarifa osatzen duten termino guztiei aplikatzen zaie, eta ondoriozko zenbatekoa, ordaindu behar dena, Azken Baliabideko Tarifa (ABT) deritzona da. Deskontua hau da:

  • % 40, diru-sarrera txikiak dituzten kontsumitzaileentzat.
  • % 65, kontsumitzaile kalteberentzat.
  • % 80, kaltebera larrientzat.

Urteko kontsumoaren muga bat dago, eta hortik aurrera deskontuak aplikatzeari utziko zaio.

  • Pertsona bakar batek edo adingaberik gabeko pertsona batek osatutako familia-unitatea: 1.5807 kWh/urteko.
  • Adingabe bat edo pentsiodunak dituen familia-unitatea: 2.222 kWh/urteko.
  • Bi adingabe dituen familia-unitatea: 2.698 kWh/urteko
  • Familia ugariak: 4.761 kWh/urteko.

Kontsumitzaileak eskabide-eredu normalizatua aurkeztu behar dio erreferentziako merkaturatzaileari, eta inprimaki hori bere webgunean eta aurrez aurreko bulegoetan eskura daiteke.

Gaur egun gizarte-bonuaren onuradun ez diren eta baldintzak betetzen dituzten pertsonek eskatu ahal izango dute, denbora-mugarik gabe.

Eskaerak dokumentazio hau izan behar du:

  • Familia-unitateko kideen IFZ edo AIZren fotokopia.
  • Familia-unitateko kide guztien indarreko errolda-ziurtagiria, banakakoa edo baterakoa.
  • Familia-liburua edo, hala badagokio, Erregistro Zibilaren banakako orriaren ziurtagiria, familientzat.
  • Familia ugariaren indarreko tituluaren kopia, familia ugarientzat.
  • Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, pentsiodunentzat indarrean dagoen gutxieneko pentsioarekin.
  • Gizarte-zerbitzuen ziurtagiria edo dokumentu egiaztatzailea, pertsonak IPREMen koefizientea 0,5 igotzeko baldintza bereziren bat betetzen duela adierazten duena. Hau da, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu, terrorismoaren edo genero-indarkeriaren biktima da. Ziurtagiriak ez du inola ere adierazi behar zer baldintza betetzen den eta familia-unitateko zer kidek pairatzen duen.

Eskaera aurkeztu ondoren, erreferentziako merkaturatzaileak hau egin behar du:

  • Pertsonari egiaztagiri bat ematea, aurrez aurreko bulegoetan entregatzen badu.
  • Berresteko mezu elektroniko bat bidaltzea, bide horretatik bidaltzen badu.

Merkaturatzaileak 10 egun baliodun ditu – hau da, larunbatak, igandeak eta jaiegunak kontuan hartu gabe –, eskaera osoa jasotzen duenetik zenbatzen hasita, gizarte-bonua eman den edo ukatu den jakinarazteko. Ukatuz gero, arrazoia adierazi beharko da.

Dokumentazioa falta bada, eskabidea jaso eta gehienez 10 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari, informazioa osa dezan.

Deskontua hurrengo fakturan aplikatuko da, baldin eta eskaera osorik jasotzen denetik gutxienez 15 egun baliodun igaro badira faktura hori jaulkitzeko. Bestela, hurrengoan egingo da.

Noiz aplikatzen da gizarte-bonua?

  • Familia ugariaren titulua indarrean dagoen bitartean, familia ugarien kasuan.
  • Bi urtez, eskatutako egoerak irauten duen bitartean. Laguntza ematea eragin zuten inguruabarrak desagertzen badira, onuradunak enpresari jakinarazi beharko dio aldaketa gertatu eta gehienez hilabeteko epean.
  • Bi urte igaro ondoren, konpainiak epea noiz amaituko den adierazi behar dio kontsumitzaileari azken fakturan, bi urteak amaitu baino bi hilabete lehenago beranduenez.
  • Kontsumitzaileak erreferentziazko merkaturatzaileari jakinarazi behar dio bere egoeran edo familia-unitatearen egoeran izandako edozein aldaketa, baldin eta aldaketa horrek gizarte-bonu elektrikoa jasotzeko eskubidean edo jasotzen duen deskontuan aldaketaren bat eragin badezake.
  • Berritzea ezin izango da automatikoa izan, baldin eta kontsumitzaileak ez badio administrazioari baimenik eman bere datuak ofizioz egiaztatzeko.

Konpainiak 10 egun baliodun ditu, eskabidea eta dokumentazio guztia jasotzen duenetik, gizarte-bonua aplikatzea dagokion ala ez jakinarazteko.

Gizarte-bonuaren aplikazioari buruz desadostasunik badago edo merkaturatzaileak hura ematea ukatzen badu, titularrak erreklamazio bat aurkez dezake Kontsumobiden edo beste kontsumo-erakunde batzuetan.

Gizarte-bonuaren onuradun izateko baldintzak betetzen ez badituzu, zure fakturak murrizten saia zaitezke, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren webgunean argitaratutako energia-eskaintzen konparatzailearen bidez.

Tresna honen bidez, zure udalerrian lan egiten duten enpresei urtebetean ordainduko zeniekeenaren zerrenda lor dezakezu, zure kontsumo-jarraibideen eta kontratu motaren arabera. Horretarako, hornidura mota, kontratatutako potentzia, urteko kontsumoa eta posta-kodea adierazi behar dituzu.

Energetikoki kalteberak diren pertsonek beren udalerriko gizarte-zerbitzuetara jo dezakete, beren egoera pertsonalaren arabera jaso ditzaketen laguntza-motei buruzko informazioa jasotzeko. Eusko Jaurlaritzak baliabide ekonomikoak eskaintzen ditu hainbat ildoren bidez:

  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE): Aldizkako prestazio ekonomiko bat da, oinarrizko premiei lotutako gastuak nahiz gizarteratzeko eta/edo laneratzeko prozesu baten ondoriozkoak estaltzera bideratua, pertsonek diru-sarrera nahikorik ez dutenean.
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL): Aldizkakoa ez den prestazio ekonomiko bat da, gastu espezifikoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei zuzendua, ohikoak zein apartekoak, gizarte-bazterkeria prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko. Izaera subentzionala du, hau da, dirulaguntza ematea aurrekontua egotearen baldintzapean dago; eta finalista da, eskatu diren kontzeptuak estaltzeko erabili behar baita. GLLak izapidetzea udalei dagokie.

2022ko otsailaren 23ko Aginduak 1.500 euroko gehieneko zenbatekoa ezartzen du GLLen barruan, energia-premiei aurre egiteko. Gurutze Gorriarekin egindako hitzarmena: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak energia-pobreziaren aurkako hitzarmen bat du Gurutze Gorriarekin, GLLak edo DSBEa jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten familientzat. Erakundearen bidez, argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzeko laguntzak jaso ditzakete.

Prestazio horiez gain, elkarte eta GKE batzuek energia-pobreziaren inpaktua murrizteko programak ere kudeatzen dituzte.

  • 2009/72/CE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13koa, elektrizitatearen barne merkaturako arau komunei buruzkoa, zeinaren arabera 2003/54/CE Zuzentaraua indargabetu zen.
  • 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa.
  • 7/2016 Errege Lege dekretua, abenduaren 23koa, bonu sozialaren kostua finantzatzeko mekanismoa eta energia elektrikoaren kontsumitzaile kalteberak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • 897/2017 Errege Dekretua, urriaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • ETU/943/2017 Agindua, urriaren 6koa, honako hau garatzen duena: 897/2017 Errege Dekretua, urriaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • ETU/631/2018 Agindua, apirilaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretua garatzen duen urriaren 6ko ETU/943/2017 Aginduaren I. eranskinean aurreikusita dauden gizarte-bonoa eskatzeko inprimakiak aldatzen dituena.
  • 15/2018 Errege Lege Dekretua, urriaren 5ekoa, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurriena.
  • 18/2022 Errege Lege Dekretua, urriaren 18koa, energia-kontsumitzaileen babesa indartzeko eta, plana + zure energiarentzako segurtasuna (+HE) aplikatuz, gas naturalaren kontsumoa murrizten laguntzeko neurriak onartzen dituena, bai eta sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariei eta lehorteak kaltetutako nekazaritzako behin-behineko langileen babesari buruzko neurriak ere

Azken aldaketako data: