plusDuela gutxi

Zer egin dezake Kontsumobidek zuregatik?

egilea: Kontsumobide, 

Bai. Badakigu. Erreklamazio bat jarri duzu Kontsumon, baina "ez dute ezertxo ere egin"... Edo ez? Azalduko dizugu zer egin dezakeen Kontsumobidek zuregatik, noraino irits daitekeen eta zer erabaki galarazten zaion... bere gogoaren guztiz kontra bada ere.

Enpresa batekin arazoren bat duzunean, akordio bat zure kasa lortzeko ahalegina egiten duzu lehenengo. Lortzen ez baduzu, erreklamazioa aurkez dezakezu Kontsumobiden edo kontsumoko beste erakunderen batean. Askotan, hori egite hutsak itxaropen handiak sortzen ditu kontsumitzailearengan, haren esperantza baita Administrazioak justizia egin ahal izatea jasandako bidegabekeriaren aurrean. Baina Parlamentuak onartutako legeek zehatz agindu eta finkatzen dizkiote Kontsumori jarduteko esparrua eta ezin gaindituzko muga igarogaitzak.

Erreklamazio horrekin hasten da makineria martxan. Lehenik eta behin, gaia Kontsumoren eskumenekoa den zehaztu behar da; izan ere, sektore batzuek, hala nola aireko garraioak edo aseguruek, bide eta prozedura bereziak dituzte. Eztabaida alor horietakoren batean sartzen bada, Institutuak dagokion organoari bidali behar dio idazkia, eta interesdunari jakinarazi zer izapide egin duen eta zer organismo arduratuko den gaiaz.

Arazoa Kontsumoren eskumenekoa bada, kasuaren azterketari ekiten zaio. Dokumentuak, fakturak eta ekarritako gainerako frogak ezinbestekoak dira urratutako eskubideak funtsatu eta haien babesa ziurtatzeko. Horregatik da oso garrantzizkoa dokumentazio eta datu guztiak ekartzea. Alfer-alferrik esango duzu produktu bat akastuna dela eta oraindik bermealdian dagoela, faktura ez bada inondik ageri. Ezin duzu esan, ezta ere, enpresa batek ez duela kontratua bete, baldin eta zorrotz konplitu badu, eta zuk, ordea, sinatu aurretik irakurri ez baduzu.

Kontsumobidek saltoki, establezimendu edo profesionalari eskatuko dio bere bertsioa eman dezala gertatu denari buruz. Behin haren iritzia jakinda, alderdien arteko akordioa lortzen ahaleginduko da. Batzuetan, funtzionatu egiten du horrek, eta ukitutako pertsonak bere helburua lortzen du, gutxi-asko. Hala gertatu zen, adibidez, Kontsumobide 2017an bitarteko izan zen erreklamazioen % 47an, erabateko akordioarekin edo akordio partzialarekin amaitu ziren eta.

Beste batzuetan, tamalez, alferrekoak dira ahaleginak, eta ez da ezer lortzen. Kontsumobidek ezin du establezimendu bat behartu amore ematera, hau da, dirua itzuli edo produktu bat aldatzera. Baina, hori bai, ikusiz gero ez duela arauren bat bete, beste prozedura bat abiaraz dezake —zehapen-izaerakoa—, eta diru-isuna ezarri, adibidez. Hain zuzen ere, 2017an, aurkeztutako erreklamazioen % 4,8 itxi zen zehapen-prozedura hasteko proposamenarekin.

Enpresak arbitrajeari men egin nahi ez badio, Kontsumok, honaino iritsita eta bere gogoaren guztiz kontra, aurkeztutako erreklamazioa artxibatu besterik ezin du egin. Orduan, kontsumitzaileari geratzen zaion aukera bakarra, azkena, amore ematea da, ala, bestela, bere aldeko erantzuna lortzen saiatzea bide judizialean, horrek dakarren kostuarekin.