Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Kontsumo-arloko heziketarako eta prestakuntzarako eskubidea

II. Titulua - Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

 

V. Kapitulua - Kontsumo-arloko heziketarako eta prestakuntzarako eskubidea

24. artikulua. Heziketarako eta prestakuntzarako eskubidea

  • 1.- Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen esparruan, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek kontsumo-arloko heziketan eta prestakuntzan sarbidea izatea bermatuko du.
  • 2.- Kontsumitzailearen eta erabiltzailearen heziketaren bidez, alderdi hauek lortu nahi dira:
    • a) Pertsonaren prestakuntza osoa garatzea eta kontsumo arduratsua bultzatzea.
    • b) Eskubideak zein diren eta eskubideez nola baliatu jakitea.
    • c) Ondasunak eta zerbitzuak erabiltzeak eta kontsumitzeak dakartzan arriskuen berri izatea.
    • d) Kontsumitzeko jarraibideak egokitzea, baliabideak arrazoizko eran erabiltzera jotzeko, ekologiako balioak aintzat hartuz, era horretan kontsumitzaileek eta erabiltzaileek kontzientzia har dezaten ingurumena zaintzeko eta garapen jasangarria lortzeko duten erantzukizunaz.

25. artikulua. Administrazioaren jarduerak

  • 1.- Eusko Jaurlaritzak, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko gaietan eskumena duten organoen bidez, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak hezteko eta prestatzeko programak antolatuko, sustatuko eta garatuko ditu, eta programa horietan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek laguntza eman ahal izango dute.
    Plan horiek honako helburu hauek izango dituzte:
    • a) Kontsumitzaileak babesteko gaietan eskumenak dituzten langileen prestakuntza sustatzea, gehienbat merkatua kontrolatzeko lanetan eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta orientabidea ematen aritzen diren langileena eta, orobat, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetako langileena.
    • b) Irakasleekin lankidetzan aritzea kontsumoko gaietako heziketa garatzeko, hezkuntzako maila guztietan, eta, halaber, horretarako behar den material didaktikoa ematea.
    • c) Enpresa-erakundeekin batera, enpresa-sektoreen kontsumo-arloko prestakuntza sustatzea eta garatzea.
  • 2.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen heziketari eta prestakuntzari dagokienez, Eusko Jaurlaritzak, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera, honako jarduera hauek egingo ditu:
    • a) Kontsumitzaileen heziketan eta prestakuntzan laguntzeko material didaktikoa egingo eta argitaratuko du, batez ere haurrentzat, nerabeentzat eta babes berezia behar duten beste talde batzuentzat.
    • b) Laguntza emango du kontsumo arduratsuari buruzko informazioko eta prestakuntzako kanpainak sustatzen eta programatzen.

26. artikulua. Lankidetza

Eusko Jaurlaritzak behar diren lankidetzak garatuko ditu, kontsumoaren arloan eskumena duten erakunde edo entitate publikoekin, udalerrietan prestakuntzako programak egiteko; eta, orobat, hitzarmen egokiak egingo ditu hezkuntza-esparruan eskumena duten erakundeekin, kontsumoko gaietan adituak prestatzeko.

27. artikulua. Titulartasun publikoko gizarte-komunikabideak

Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaile eta erabiltzaileak heztea sustatuko du, horretarako titulartasun publikoko gizarte-komunikabideak erabiliz. Helburu honekin, komunikabide hauek programazioetan iragarkientzako ez diren tarteez baliatuko dira. Era berean, horietan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek parte har dezaten sustatuko du.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: