Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Herri administrazioen eskumenak

 

V. Titulua - Herri administrazioen eskumenak

I. Kapitulua - Arau orokorrak

66. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak dituen eskumenak

  • 1.- Eusko Jaurlaritzaren zereginak hauexek dira: kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko politikaren plangintza orokorra diseinatzea, bere lurralde-esparruan; lege hau garatu eta aplikatzeko arauak onartzea; Eusko Jaurlaritzako sailekin koordinatuta jarduteko planak bultzatzea eta gai honetan daukan zehatzeko ahalmena erabiltzea, betiere lege honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezartzen diren baldintzetan.
  • 2.- Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteari buruzko eskumena duen sailak garatuko ditu, aurreko paragrafoan aipatu plangintza orokorraren barruan, lege honetan aurreikusten diren zereginak. Eta zeregin horiek, gutxienez, hauexek izango dira:
    • a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteari buruz batera egiten diren jarduera-planak koordinatzea.
    • b) Toki-erakundeei laguntza ematea eta eurekin batera jarduera-programak prestatzea, administrazioko lankidetza eta kooperazio printzipioak bermatzeko eta, era berean, lege honetan aurreikusten diren zereginak ezin gara ditzaketen udalerrietan jarduteko.
    • c) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeekin eta enpresa-erakundeekin koordinazio eta lankidetzarako jardunbideak ezartzea, eta euren arteko lankidetzarako behar diren bitartekoak garatzea, batez ere jardunbide egokiei buruzko arauak ezartzeko.
    • d) Merkatuaren kontrolerako kanpainak diseinatu, koordinatu eta burutzea. Horretarako, eta kontsumitzaileei babes homogeneoa bermatzeko asmoarekin, urtero programa bat ezarriko da administrazioko organoen jarduerak eta parte-hartzearen maila zehatz daitezen.
    • e) Kontsumorako produktuen segurtasunari buruzko programak diseinatu, koordinatu eta burutzea, eta kontsumitzaileak arrisku-mota bakoitzaren aurrean babesteko behar diren administrazioko neurriak hartzea.
    • f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako informazio eta prestakuntzako jarduera berezi eta orokorrak diseinatu, koordinatu eta burutzea.
    • g) Ondasun, produktu eta zerbitzuen merkatua ikuskatu eta kontrolatzea.
    • h) Zehatzeko ahalmena erabiltzea, lege honetan emandako eskumenetan oinarrituta.
    • i) Kontsumoaren gaineko gatazkak epaitegitik kanpo ebazteko sistemak bultzatu eta garatzea, eta, batez ere, kontsumoko arbitraje-sistema.
    • j) Kontsumoaren gaineko asoziazionismoa bultzatzea bere lurralde-esparruan.
    • k) Oro har, eta bere eskumenen esparruan, lege honetan ezartzen dena egoki betetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea.
  • 3.- Osasunari buruzko eskumena duen sailak gauzatuko ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasunaren gaineko zaintze, kontrolatze, ikuskatze eta zehapeneko jarduerak, lege honetan eta dagokion sektoreko legerian xedatutakoarekin bat etorriz.

67. artikulua. Euskadiko Kontsumoko Koordinazio Batzordea

[Ekainaren 29ko 9/2007 Legearen bidez indargabetutako artikulua]

68. artikulua. Toki-erakundeen eskumenak

  • 1.- Toki-erakundeak arduratuko dira kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes eta defentsaz, beren lurralde-esparruan. Horretarako, lege honek ematen dizkien irismen eta edukiaz gain aplikagarriak diren gainerako arau juridikoak ere erabiliko dituzte. Hori guztia, administrazioaren kudeaketa dezentralizatzeko eta herritarrengana ahalik eta gehien hurbiltzeko irizpideekin bat etorriz. Zehazki, toki-erakundeei dagokie:
    • a) Kontsumitzaileek eta erabiltzaileen eskura jartzen diren erabilera edo kontsumo arrunt, ohiko eta orokorreko produktu eta zerbitzuak ikuskatzea. Horrela, horien jatorria eta ezaugarriak egiaztatzeaz gain, indarrean dagoen araudia betetzen duten ikusiko da, betiere prezio, etiketatze, aurkezpen, publizitate eta higieneari, osasun eta segurtasun baldintzei buruz kanpotik daramatzaten gainerako betekizun nahiz ezaugarriei dagokienez.
    • b) Premiazko neurriak hartzea eta beharrezko laguntza eskatzea kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasun eta segurtasunean edo interes ekonomikoetan eraginik duten krisialdi nahiz larrialdiak gertatzen direnean.
    • c) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak bultzatzea eta horiei laguntza ematea euren esparruan.
    • d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako informazio eta prestakuntzari buruzko jarduera berezi eta orokorrak garatzea.
    • e) Autonomia Erkidegoaren barruan, kontsumoa ikuskatzeko zerbitzua duten udalek zehatzeko ahalmena erabili ahal izango dute. Zehapena, gehienez, 15.000 eurokoa izango da, eta egoitza euren udal-mugartean duten enpresa eta establezimenduei jarri ahal izango diete, baldin eta urratzea bertan egin bada.
    • f) Kontsumoaren gaineko gatazkak epaitegitik kanpo ebazteko sistemak bultzatu eta garatzea, eta, bereziki, kontsumoko arbitraje-sistema.
  • 2.- Artikulu honetako lehen paragrafoko e) idatz-zatian azaldutakoaren ondorioetarako, eta jarduerak errepika ez daitezen, zehatzeko ahalmena erabili nahi duen udalak ahalmen hori erabiltzea erabaki duen udal-ordenantzaren berri eman beharko dio Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren gainean eskumena duen organoari; baita zehapen-espedienteen hasiera-emate eta dagozkien behin betiko ebazpenen berri ere. Urratzearen izaera eta larritasun-maila dela medio gehieneko zenbatekoa gainditu behar denean, egin diren jarduerak aipatu organoari bidaliko zaizkio; ondoren, organo horrek bere esku-hartzearen ondorioz sortzen diren jarduerak jakinaraziko dizkio dagokion udalari.
  • 3.- Lehenengo paragrafoko a) , b) eta e) idatz-zatietan azaltzen diren eskumenak Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren gainean eskumena duen organoak hartuko ditu zuzenean bere gain, ondoko inguruabarren bat gertatzen denean:

- Udalaren jardueraren gelditasuna edo abstentzio larri eta iraunkorra.
- Jokaera kaltegarrien hedadura eta larritasunak, ukitutako kontsumitzaile eta erabiltzaileen kopuruak eta presakotasunak eragindako garrantzia.

Alabaina, toki-erakundeek garatzen diren jardueretan parte hartuko dute, horietan hartzen diren neurrien eraginkortasuna bermatzeko.

  • 4.- Toki-erakundeek, ekonomia eta koordinazio-arazoak dituztelako edo bitartekorik ez dutelako, eskatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren gainean eskumena duen organoak esku har dezala, kontsumitzaile eta erabiltzaileen esparruan dituen eskumenak erabiliz.

69. artikulua. Zenbait jarduera batera gertatzea

Jarduerak batera gertatzen direnean koordinazio eta lankidetzako irizpideen arabera jardungo da, kontsumitzaile eta erabiltzaileak behar bezala babestuta egon daitezen bermatzeko.

 

II. Kapitulua - Administrazioen arteko lankidetza

70. artikulua. Lankidetza-jardueraren esparrua

  • 1.- Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, euren eskumenen esparruan, kontsumitzaile eta erabiltzaileek babes-maila handia izan dezaten sustatuko dute. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesaren gainean eskumena duten administrazioek, lankidetza- eta koordinazio-irizpideetara egokitu beharko dute euren jarduera; administrazioen arteko harremanei buruzko arau orokorrekin bat etorriz.
  • 2.- Eusko Jaurlaritzak urtero egingo du kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko burutuko diren jardueren plangintza; jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio guztien artean modu koordinatuan burutzekoak izango dira. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babeserako politikak garatzen dituzten jarduera-planak lantzen honako hauek parte hartuko dute: toki-erakundeek, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak eta Kontsumoko Koordinazio Batzordeak.
  • 3.- Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes-maila hobetzen lagun dezaketen Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta Europako eskualdeetako administrazioekin, eta, bereziki, historia-, kultura- edo hizkuntza-arrazoiak direla medio, harreman berezia duen beste edozein erkidego edo eskualderekin.
  • 4.- Administrazioen jarduerak koordinatu ahal izateko, euren artean akordioak egin daitezen bultzatuko da, administrazio horiek dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak errentagarri bihur daitezen eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesaren esparruan aplikagarria den indarreko araudia betetzen den ikusteko kontrola eraginkorra izan dadin.

71. artikulua. Kontsumoko udal-zerbitzuak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak kontsumoko udal-zerbitzuak sortzea bultzatuko du, hitzarmen orokor edo berezien bidez. Zerbitzu horietan ondokoak izango dira: informazioa, prestakuntza, merkatuaren kontrola, ikuskaritza, zehapena, ordezko justiziak eta kontsumoaren arloan egiten diren gainerako zerbitzu guztiak. Halaber, aipatu hitzarmenak sinatzeko beharrezkoak diren baldintza eta eskakizunak erregelamendu bidez ezarriko dira.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: