Kontsumobide

Kontsumobide Aholkuak

19/11 kanpainaren emaitzak: Internetez saltzen duten atariek betebeharrak betetzen dituztela kontrolatzea.

Helburuak

Helburua da egiaztatzea Internet bidezko salmentan kontsumitzaileari ematen zaiola produktuari buruz dagokion legezko informazio guztia: ezaugarriak eta prezioa, aurretiazko informazioa, ordaintzeko modua eta prozedura, salmenta eta salmenta-ondoko prozesua, merkataritza-bermeak eta atzera egiteko eskubidea.

Gainera, aztertu da ea badagoen kontsumitzaileen eskubideak babesteko informaziorik; besteak beste, lineako gatazkak konpontzeko Europar Batasunak daukan webgunerako esteka.

Azken helburu bat da egiaztatzea Interneten ere betetzen dela merkealdien araudia.

Kanpainak izaera zehatzailea du.

Gauzatze-datak

Ikuskapenak 2019ko abuztuan egin dira

Egindako jarduketak

Bi izan dira jarduketa-motak. Alde batetik, Internet bidezko erosketen 51 webgune aztertu dira 5 sektoretan (Arropa; Oinetakoak; Etxetresna elektriko txikiak/Elektronika; Jostailuak eta Etxea/Etxeko gauzak/Altzariak), eta, bestetik, 10 erosketa egin dira Interneten, prozesua nola garatzen den ikusteko.

Emaitzak

Web-orrietan aztertutako informazioan, egiaztatu da ikuskatutako web-orrien% 47,92k ez dutela estekarik, auziak ebazteko plataforman modu identifikagarrian eta errazean sartzea ahalbidetzen duenik.

Hori da, zalantzarik gabe, ez-betetze nabarmenena, baina badira beste ez-betetze garrantzitsu batzuk ere:

  • Aztertutako kasuen% 36tan ez da agertzen atzera egiteko inprimakia.
  • Atzera egiteko eskubideari buruzko informazioa dagoen kasuetan, horien% 36,17an ez da adierazten kontsumitzaileak produktuengatik ordaindu duen zenbatekoaren itzulketa-epea ez dela 14 egun naturaletik gorakoa izango.
  • Saltzailea gatazkak ebazteko judizioz kanpoko sistemaren batera atxikita badago edo horrelako sistemaren bat badu, ez du adierazten nola lortu informazioa sistemaren ezaugarriei eta hara sartzeko moduari buruz (% 33,33).
  • Aztertutako webguneen bosten batean ez da ageri enpresariaren establezimenduaren helbide osoa, kontsumitzaileak bere kexak eta erreklamazioak aurkezteko behar dutena.
  • Kasuen% 14,63an ez da oharrik agertzen gogorarazten duenik badagoela ondasunekiko adostasunaren legezko bermea.

Internet bidez egindako erosketetan, egiaztatu da kasuen% 50ean saltzaileak zigorren bat ezartzen duela atzera egiteko eskubidea baliatzean, eta hori zigorgarria da, araudiaren aurkakoa delako.

Hona beste ez-betetze batzuk:

  • Gainditu egiten da kontsumitzaileari produktuarengatik ordaindutako zenbatekoa itzultzeko ezarrita dagoen 14 eguneko epea, zeina enpresariari atzera egitearen berri eman zaionetik aurrera kontatu behar baita (% 30).
  • Ez da errespetatzen kontsumitzaileak kontratuan atzera egiteko duen 14 egun naturaleko gutxieneko epea (% 20)
  • Saltzaileak kontsumitzailea behartzen du atzera egiteko arrazoiak adieraztera, eta hori legez kanpokoa da (% 10)

Ondorioa

Aurreko kanpainarekin alderatuta, ez da hobekuntzarik antzeman Internetez kontsumitzen duen pertsonari ematen zaion informazioan, besteak beste alderdi hauei buruz: produktuen izaera eta funtsezko ezaugarriak eta prezioak, erosteko eta kontratatzeko prozedurak, ordaintzeko moduak, atzera egiteko eskubidea eta produktuen bermeak.

Gehien errepikatzen den ez-betetzea: ez dago auziak ebazteko plataformarako sarbide identifikagarri eta erraza ahalbidetzen duen estekarik.

Ondorioz, egokitzat jotzen da Internet bidezko erosketen urteko zaintza-kanpainekin jarraitzea, kontuan izanik, gainera, Internet bidezko merkataritza-trafikoak nabarmen egin duela gora.

Azken aldaketako data: