Kontsumoko arbitrajea

Zer da?

Arbitrajea kontsumo-gatazkak azkar eta doan konpontzeko bide eraginkorra da. Arbitrajeari atxikitzen zaizkion enpresak behartuta daude prozedura onartzera, kontsumitzaile gisa hala eskatzen baduzu.

Arbitrajea aukeratzen baduzu, baina enpresa ez badago sistemari atxikita, batzeko aukera eskainiko diogu, modu iraunkorrean edo puntualean. Enpresak onartzen badu, prozesuak aurrera jarraituko du.

Arbitro gisa jarduten duen pertsona zuzenbidean aditua da edo sektorea sakon ezagutzen du. Haren erabakia, arbitraje-laudoa izenekoa, nahitaez bete beharrekoa da bi aldeentzat.

Arbitrajea prozedura judizialaren alternatiba da. Beraz, enpresa edo zu ados ez bazaudete arbitraje-laudoaren emaitzarekin (hartzen den erabakia), ezingo duzue bide judizialera jo, Ikuspegi horrek konponbide arin eta eraginkorra ematen du kontsumo-gatazkak konpontzeko.

Kontsumobideko Kontsumoko Arbitraje-batzordea ADR gisa egiaztatuta dago, azaroaren 2ko 7/2017 legearen arabera. Lege horrek Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko maiatzaren 21eko 2013/11/EB Zuzentaraua, kontsumo-arloko auzien ebazpen alternatiboari buruzkoa.

Arbitraje-eskaera

Arbitraje sistema erabiltzeko, eskatu besterik ez duzu egin behar. Online egin dezakezu, edo formularioa deskargatu, bete eta Kontsumobideko, KIUBeko edo kontsumitzaileen elkarteko edozein bulegotan entregatu. Hori egitean, gogoratu:

  • Identifika ezazu zure burua eta gaztazkan dagoen enpresa.
  • Labur eta zehatz kontatu gertakariak.
  • Adierazi zer eskatzen duzun eta, beharrezkoa bada, zer zenbateko eskatzen duzun.
  • Erantsi zure erreklamazioa babesten duten dokumentuen fotokopiak (fakturak, aurrekontuak, etab.).
  • Sinatu.

Garrantzitsua da azpimarratzea, arbitrajera jo aurretik, gatazka duzun enpresari eginiko erreklamazioak arrakastarik izan ez duen.

Onartzea edo ez onartzea

Zure eskaera onartzen ez bada, 21 eguneko epean jakinaraziko dizugu. Arbitraje-eskaera bat ez onartzea erabaki dezakegu, baldin eta:

  • Ez duzu aldez aurretik erreklamatu enpresan bertan.
  • Erreklamazioa funsgabea da edo ez dira urratu kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak.
  • Erreklamazioaren edukia iraingarria da.
  • Gatazka lehenago ere aurkeztu da beste auzitegi edo erakunde batean.
  • Urtebete baino gehiago igaro da erreklamazioa enpresan aurkeztu zenetik arbitrajea eskatu zen arte.
  • Kontsumo-gatazka intoxikazioekin, lesioekin edo heriotzarekin lotuta dago, edo delitu-zantzuak daude.

Arbitrajea eskatu ondoren

  • Enpresa arbitrajeari atxikita badago, lehen urratsa bitartekaritza izango da, aldeen arteko akordioa lortzen saiatzeko.
  • Bitartekaritzak arrakastarik ez badu, Arbitraje Batzordeak arbitraje-auzitegi bat izendatuko du, banakakoa edo kolegiatua (hiru pertsonako talde bat).
  • Gero, aldeek idatziz alegazioak egiteko aukera izango dute, hau ez da nahitaezkoa, baina gomendatuta dago. Aldi horretan, bai zuk bai enpresak alegazioak aurkez ditzakezue, dokumentazioa gehitu, etab.
  • Arbitraje-organoak kosturik gabeko frogak egitea agindu dezake. Aldeek ere frogak eska ditzakezue, baina kostuak zuen gain hartu behar dituzue.
  • Arbitraje-laudoa nahitaez bete beharrekoa da bi aldeentzat, eta gehienez 90 eguneko epean eman behar da, prozedura hasten denetik zenbatzen hasita. Salbuespenezko kasuetan, epe hori modu arrazoituan luza daiteke.

Atxikitzea

Arbitrajea erabiltzeak, kontsumitzailearentzat ona da eta, abantaila esanguratsuak ematen dizkie enpresei:

  • Bermea eta kalitatea: atxikitako enpresen zerbitzuaren berme- eta kalitate-elementu bihurtzen da.
  • Arbitraje-bereizgarria: enpresek arbitraje-bereizgarria erabil dezakete beren merkataritza-komunikazioetan, eta horrela, gatazkak eraginkortasunez konpontzeko konpromisoa nabarmentzen da.
  • Kostuak aurreztea: bide judizialetik egin litezkeen kontsumo-erreklamazioei lotutako kostu judizialak ezabatzen ditu.

Enpresak azkar eta erraz sar daitezke Arbitrajeko Euskal Sisteman, bai online plataformaren bidez, bai atxikitzeko formularioa bete eta Kontsumobiden entregatu ondoren.

Enpresen bilatzailea

Atean erakusten duten bereizgarriaren bitartez identifika ditzakezu atxikitako enpresak. Horretarako, enpresen bilatzailean ere sar zaitezke. Horrela, merkataritza-jardunbide garden eta efizienteekin konprometitutako negozioak aukeratu ahal izango dituzu.

Arbitraje-erabakiak

Arbitraje-laudoen adibideak ematen dizkizugu, sistema errazago uler dezazun. Adibide horiek erreferentzia gisa balioko dizute balizko arbitrajeen prozesua eta emaitzak hobeto ulertzeko.