Kreditu lotuari esker, baina hobe ez baduzu aurretik ordaintzen
Duela bi urte, odontologiako klinika-kate ezagun batek ateak itxi eta pertsona asko kaltetu zituen.

Duela bi urte, odontologiako klinika-kate ezagun batek ateak itxi eta pertsona asko kaltetu zituen. Kontsumitzaileek bi arazo izan zituzten batez ere: batetik, amaitu gabeko tratamendu odontologikoak eta horrek eragindako osasun-arazo nabarmenak eta, bestetik, amaitu gabe eta osorik ordaindutako tratamendu odontologikoak.
Beste jende askok bezala, Koldok eta Javierrek Kontsumobidera jo zuten beren klinika itxita aurkitu zutenean. Lagunak ziren, eta elkarrekin animatu ziren “ahoa konpontzera”, iraupen luzeko tratamendu batekin. Klinikak, bere garaian, tratamendu hori finantzatzeko bideak eskaini zizkien. Koldori ideia ona iruditu zitzaion finantzaketa-eskaintza onartzea. Klinikak tratamendua ordaintzeko kreditu bat eskaini zion; banku-erakunde ezagun batek ematen zuen kreditua.
Javierri ez zitzaizkion gustatu baldintza horiek, eta mailegu pertsonala eskatu zuen bere betiko banketxean. Diru horrekin tratamendu osoa ordaindu ahal izan zuen.
Klinika itxi zenean, Javierren eta Koldoren tratamenduak amaitu gabe geratu ziren, baina bi kasuetan klinikari ordaindu zitzaizkion. Koldok ez zuen jarraitu kreditua ordaintzen; Javierrek, aldiz, bai, eta gainera, beste nonbaiten amaitu behar izan zuen tratamendua, horrek dakarren gastu gehigarriarekin.
Bi egoeren arteko aldea kreditu motan zetzan. Koldok kreditu lotu bat aukeratu zuen, eta odontologia-tratamendua ordaintzeko soilik balio zuen mailegu bat eman zioten. Kreditua eta tratamendua legez lotuta zeuden, eta tratamendua eten zen unean, Koldok ez zuen kreditua ordaintzen jarraitzeko betebeharrik izan. Javierrek ez zuen mailegu lotu bat aukeratu, mailegu pertsonal bat baizik. Beraz, klinikak porrot egin zuenean, logikoa denez, banketxeak esan zion sentitzen zuela gertatutakoa, baina beraiek ez zirela horren erantzuleak eta dirua itzuli behar ziela hitzartutako baldintzetan.
Gaur egun, Javierrek eta Koldok erreklamatzen jarraitzen dute amaitu gabe geratu zen tratamendu horrengatik. Koldok, kreditu lotua erabili zuenez, 3 urterako kreditu baten lehen 3 epeak baino ez ditu erreklamatzen; Javierrek, berriz, oraindik ordaintzen ari den kreditu horren zenbateko osoa erreklamatzen du.
Lehenik eta behin, aurretiaz ordaintzearen abantailak benetakoak diren ala ez baloratu behar da. Balora daiteke ordainketa jasotzen duen erakundearen indarra, edo abantaila ekonomikoak merezi ote duen. Gure aholkua hau da: ahal bada, ez ordaindu aurretik denboran luzatuko den zerbitzu baten zenbateko osoa. Seguruagoa da zuretzat zerbitzua jaso ahala ordaintzen joatea, edo enpresak zerbitzua eman ahala. Dena den, zerbitzu bat aldez aurretik ordainduko duzula erabaki baduzu, baloratu alde onak eta txarrak. Merezi al du aurrezten duzunak, arriskua kontuan izanda? Hala ere hori egitea erabakitzen baduzu eta kreditu lotu bat lortzeko aukera baduzu, gogoratu hau: kasu horretan, babesa handiagoa da kreditua zure kontura eskatzen duzunean baino, edo are zure aurrezkiak erabilita aurrez ordaintzen duzunean baino.
Askotan, dendek edo establezimenduek berek eskaintzen dituzte kreditu lotuak, baina dirua ez dute beraiek ematen; bitartekari gisa jokatzen dute, banketxeren batekin hitzarmen bat dutelako.
Nahiko ohikoak izaten dira horrelako egoerak iraupen luzeko tratamendu odontologiko edo estetikoetan edo zenbateko handikoetan; gimnasio edo akademietako eskaintzetan, hilean gutxiago ordaintzeko modu gisa; online ikastaroetan, etab.