Informazio interesgarria:

Banka eta Aseguruak

Gure bizitzak baldintzatzen dituen zerbitzua. Espainiako Bankuaren eskumena da neurri handi batean, baina zure eskubideak defendatzeko oinarrizko jarraibideak eman nahi dizkizugu.

Banka eta Aseguruak

Banka eta Aseguruak

Bankuak, kutxak eta aseguruak finantza-zerbitzuak dira, eta ezin ditugu alde batera utzi. Atal honetan zenbait datu eta kontzeptu emango dizkizugu, kontsumitzailea zaren aldetik zure eskubideak hobeto babestu ahal izateko.

Hipoteka-maileguak eta kontsumorako maileguak gure egunerokotasunaren parte diren eta konplexutasun handia duten produktuak dira. Baina gehiago ere badaude, dagoeneko arrotzak egiten ez zaizkigunak: kriptomonetak, kriptoaktiboak, inbertsio-funtsak, kudeatutako zorroak eta lotutako aseguruak.

Banku-produktuak ikuskatzeko Espainiako Bankua dago, eta bere zereginean honako hauei erreparatzen die, besteak beste:

  • Jendearen funtsak erakarditzaketen kreditu-erakundeak.
  • Beste finantza-erakunde batzuk, bankutzat hartzen ez badira ere, batez ere kredituak ematen, abalak eta bermeak ematen, atzerri-moneta aldatzen eta kanpoko transferentziak kudeatzen eta ondasunak balioesten aritzen direnak

Banku-gardentasuna: jendearentzako informazio orokorra

Finantza-erakundeak behartuta daude beren produktuak zertan dautzan azaltzera, kontratatuak izan ala ez, eta informazio horrek argia eta egiazkoa izan behar du. Arretaz jokatzeko eginbehar esaten zaio horri.

Gainera, banku produktu eta zerbitzu ohikoenetan interes tasak eta ohiko komisioak argitaratu behar dituzte, eta informazio hori hiru hilean behin eguneratu. Informazio hori beren merkataritza-establezimenduetan jakinarazi dezakete, betiere nabarmendutako eta denek ikusteko moduko lekuren batean, edo webguneetan, lehen orrian kokatutako esteken bidez, beren zerbitzuetako edozeinen baldintzetara zuzenean sartzea errazteko.

Finantza eta banku produktuen bilakaerak zaildu egin du produktu horiek ulertzea. Horrenbestez, banketxeek oso zehatzak izan beharko dute azalpenetan, baldin eta beren produktuak:

  • Arrisku bereziak badakartzate, hala nola inbertsio batean jarritako dirua galtzeko aukera.
  • Hainbat alde ebaluatu behar badira, behar bezala ulertzeko.
  • Zenbatekoa eta iraupena direla eta, arreta berezia jarri behar baduzu.
  • Modu pertsonalizatuan gomendatuta badaude, propio zure profilerako.

Eskaintza loteslea

Produktu bat kontratatu aurretik, erakundeek eskaintza lotesle bat eman diezazukete, hau da, bankuak zurekin hitzartzen dituen baldintzen zerrenda bat. Zenbait produkturen kasuan, hala nola hipoteka-kredituan, behartuta daude eskaintza loteslea ematera.

Erakundeek eskaintza lotesle bat ematen badizute, eta legez onartzen den desadostasuna sortzen bada eskaintzaren eta behin betiko kontratuko klausulen artean, erakundeek argi eta berariaz adierazi behar dizute zein den desadostasun hori. Gainera, kontratuak adierazi behar du horren berri baduzula.

Kanbio-tasak

Banketxeak behartuta daude:

  • Gutxieneko erosketa-tasak eta gehieneko salmenta-tasak argitaratzera, dibisak eurotan edo billeteak eurotan salerosteko eragiketetarako .
  • Eskurako eragiketetan aplikatutako kanbio tasa bakarren berri ematera, baldin eta zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa ez bada.
  • Emandako informazioak eragiketa horiek egiteagatiko komisioak eta gastuak jasoko ditu.

Maileguak edo kredituak

Banketxeak behartuta daude:

  • Kuotak eta beste kostu edo zigor batzuk nola kalkulatu diren ulertzeko datuak ematera.
  • Hileko ordainketen simulazio bat ematera.
  • Zure betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak zein diren azaltzera.
  • Abal-emaileekin egiten diren eragiketetan, beren betebehar eta erantzukizunei buruzko informazio zehatza eman behar diete.
  • Maileguak edo kredituak eskaintzen eta ematen dizkizutenean, finantza-erakundeek zintzotasunez, inpartzialtasunez eta profesionalki jardun beharko dute, eta zure egoera pertsonal eta finantzarioari eta adierazi dituzun lehentasun eta helburuei erantzun beharko diete.

Kontsumitzailearen eskubideak: kontratuaren aurreko, kontratuko eta kontratuaren ondorengo informazioa

Kontratuaren aurreko informazioa

Edozein kontraturen aurretiko informazioaren helburua da argi eta garbi ulertzea zure banketxeak zer eskaintzen dizun hura erosi edo kontratatu aurretik, antzeko eskaintzak alderatu eta erabaki informatua hartu ahal izateko.

  • Doakoa, objektiboa eta ez engainagarria izan behar du.
  • Paperean edo beste euskarri iraunkor batean entregatu behar dizute.
  • Eskaintza loteslea bada, hala dela adierazi beharko da, baita balio epea ere.
  • Komisio eta gastu guztien zenbatekoa jakinarazi behar dizute.
  • Informazioa eman ondoren, eragiketarekin ez jarraitzeko aukera duzu.

Kontratuko informazioa

Aurretiazko informazioak bezala, kontratuarekin zerikusia duenak ere baldintza hauek bete behar ditu:

  • Kontratuaren kopia bat eman behar dizute, euskarri iraunkorrean.
  • Jasotzen duzun dokumentazioan, erakundearekin harremanetan jartzeko bideak agertu behar dira, telefonoa, posta elektronikoa edo beste edozein bide erabiliz.
  • Digitalki sinatu dituzun kontratuak ere euskarri iraunkorrean entregatu beharko dizkizute, dela sinadura eskaneatuarekin, digitalizatuarekin edo zuzenean digitalarekin.
  • Bankuak kontratuaren kopia bat gorde behar du, baita bezeroaren jaso-agiriarena ere.

Kontratuek, gutxienez, honako baldintza hauek adierazi behar dituzte:

  • Ordainsaria gauzatan ematen den, hau da, produktuekin edo zerbitzuekin.
  • Ordainketak egin behar dituzun, zergak esaterako, eta zein den haien tributazioa.
  • Kapital nagusia bermatuta dagoen epeko gordailuetan.
  • Zein diren gatazkak eta erreklamazioak ebazteko mekanismoak.
  • Zer eskubide dagozkion banketxeari kontratua betetzen ez baduzu, eta zer mekanismo eta epe dituen eskubide horiek baliatzeko.
  • Kontratuan zure kalterako den aldaketaren bat egiten badute, aldez aurretik eta behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko dizute.
  • Kontratua luzatzea aurreikusten den eta zer baldintzatan.
  • Kontratua euroa ez den beste moneta batean egiten bada, eurotara bihurtzeko metodoa adierazi behar dizute, bai eta komisiorik badagoen ere.
  • Kontratua beste produktu batzuen mende badago, esplizituki adierazi behar dute zein diren produktu horiek, zer baldintza dituzten eta kontratazioa librea den edo hornitzaile jakin batekin egiten den.
  • Aldez aurretik amaitzen bada, dagozkizun gastuen edo konpentsazioen berri eman beharko dizute aldez aurretik. Eta produktuak asegururen bat badauka lotuta, estornua jasotzeko eskubidea izango duzu, hau da, kontsumitu gabeko primaren zati proportzionala itzul diezazuten.
  • Berme errealak edo pertsonalak eskatu badizkizute, nola iraungitzen diren adierazi behar dute.
  • Erakundeak zure kontratua edo haren zati bat hirugarren erakunde bati lagatzeko eskubidea badu, jakinarazi egin behar dizute zer baldintzatan eta horren berri nola eman behar dizuten.
  • Gordailuko banku zerbitzuetan, erakundea atxikita dagoen gordailuak bermatzeko funtsaren erreferentzia bat gehituko da, eta bermatuta dagoen gehieneko zenbatekoa adieraziko da.

Kontratuek jarraibide hauen arabera idatzita egon behar dute:

  • Estiloak argia eta ulergarria izan behar du kontsumitzailearentzat.
  • Letrak ezin du 1,5 milimetro baino gutxiagoko altuera izan.
  • Kontratuari eragiten dioten baldintza guztiak argi eta garbi jaso behar ditu.
  • Teknizismoak saihestuko ditu, eta, erabili behar badira, azaldu egingo dira.
  • Kontratuan ez da sartuko beharrezkoa ez den kontzepturik.

Kontratuaren ondorengo informazioa

Urtero, erakundeek informazioa eman behar dizute kobratu dituzun eta ordaindu dituzun interesei buruz, eta aurreko urtean eman dizuten banku-zerbitzu bakoitzak sortu dituen komisio eta gastuei buruz.

Gainera, hilero doan bidali behar dizute zure kontu korronteen laburpena, eta egiten dituzun eragiketa guztien kopia bat eman.

Aldeek erabakiko duzue nola egin komunikazio horiek, baldin eta informazioa gordetzeko eta aldaketarik gabe erreproduzitzeko aukera ematen badizute. Ohikoena da gutun bidez edo txosten digitalen bidez egitea.

Banku-komisioak

Erakunde batek komisio bat kobratu ahal izango dizu, baldin eta:

  • Tarifen liburuxkan jasota eta kuantifikatuta badago.
  • Kontratu-dokumentuan sartuta badago edo zuk berariazko adostasuna eman baduzu.
  • Zuk eskatu edo onartu badituzu komisioa justifikatzen duten zerbitzuak.
  • Emandako zerbitzuarekiko proportzionala bada.

Komisioak ez badu baldintza horietakoren bat betetzen, erreklamazioa aurkeztu ahal izango duzu.

Kreditu- eta zordunketa-txartelak: lapurreta, galera eta eskatu gabeko bidalketa

Txartela galdu edo lapurtuz gero, gehienez ere 50 euroren- erantzule zara, desagertu dela salatu aurretik txartelaren iruzurrezko erabilera eginez gero. Horrek esan nahi du txartelaren iruzurrezko erabilerak kopuru hori baino gastu handiagoa eragiten badu, bankuak aldea itzuli beharko dizula. Baina funtsezkoa da desagertu zaizula salatzea; izan ere, salatzen duzun unetik beretik, bankuak edozein galera estaliko du (baita 50 eurotik behera ere).

Txartela galdu edo lapurtu dela banku-erakundeari edo txartelaren jaulkitzaileari jakinarazten diozuenean, txartela baliogabetuta geratuko da. Horretarako, telefonoz dei dezakezu, baina gomendagarria da banku-bulegora joatea baliogabetzea baieztatzeko eta idatziz jasotzeko.

Lapurtu badizute, komeni da salaketa jartzea polizia-etxean.

Bestalde, gogoan izan legeak banku-erakundeei debekatu egiten diela zure etxera kreditu- edo zordunketa-txartelak bidaltzea, eskatu ez baduzu.

Abusuzko klausulak

Oro har, abusuzko klausulak kontsumitzaileen eskubideen aurkakoak dira. Halakoak dira banaka negoziatu ez direnak eta berariaz baimendu gabeko praktika guztiak, baldin eta aldeen eskubideen eta betebeharren artean desoreka handia eragiten badute, batez ere kontsumitzaileen kalterako.

Abusuzko klausulak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onartzen duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuan daude araututa.

Auzitegi Gorenaren abenduaren 16ko 792/2009 epaiak abusuzkotzat eta, beraz, erabat deuseztzat jo zituen finantza erakunde askok beren bezeroei aplikatzen zizkieten klausula batzuk:

  • Erakundeari hipoteka-maileguaren kontratu bat edozein arrazoirengatik deuseztatzeko aukera ematen dion klausula.
  • Kontsumitzaileari zer komisio kobratuko dizkioten jakitea gala razten diona, batez ere informazio hori funtsezkoa denean baldintzak egokiak diren ala ez jakiteko.
  • Kontsumitzailea behartzen duena bizilekuagatik edo legeak aitortzen dizkion beste eskubide batzuengatik dagokion auzitegira ez beste batera joatera.
  • Kontsumitzailea behartzen duena bere gain hartzera prozesu judizial batek dakartzan gastu guztiak, hala nola bere defentsaren zerbitzu-sariak eta kostuak, besteak beste.
  • Norbaitek txeke bat faltsutu eta kobratzen badu, erantzukizuna kontsumitzaileari helarazten diona, inguruabarrak edozein direla ere.
  • Erakundeak kutxazain automatiko baten funtzionamendu okerragatiko erantzukizuna saihesteko klausula, nahiz eta eskatutako dirua eman ez eta ordainagiriak eragiketa egin dela adierazi.
  • Eskrituraren inskripzioa ukatu eta hipoteka-mailegu bat amaiarazten duen klausula, nahiz eta ukatu izana erakundearen errua izan.
  • Eragiketa bat bide informatikoz bidaltzean sortutako akatsek eragindako kalteengatik erakundeari inolako erantzukizunik ez dakarkiona.

Aipatutako horiek guztiak ezin dira agertu banketxe batekin sinatzen duzun inongo kontratutan. Agertzen badira, erreklamatu ahal izango duzu.

Ondoren, Auzitegi Gorenak, 241/2013 epaian, abusuzkotzat eta deuseztzat jo zituen kreditu-erakunde batzuen hipoteken zoru-klausulak. Zoru-klausulak -tasa aldakorreko hipoteka-maileguetan jartzen diren klausula batzuk dira, gutxieneko interes-tasa finko bat ezartzen dutenak, kontsumitzaileak muga horretatik beherako interes-tasen jaitsieraren onurak jaso ez ditzan.

Auzitegi Gorenaren 705/2015 epaiak ere abusuzkotzat eta deuseztzat jo zuen klausula bat zeinak mailegu baten eskatzaileak hipoteka formalizatzeko eta eratzeko gastu guztiak esklusiboki beren gain hartzera behartzen zituena. 2019an, Auzitegi Gorenak deklaratu zuen erregistro, tasazio eta gestoria gastuak bankuak ordaindu behar dituela, eta notariotza gastuak bankuaren eta kontsumitzailearen artean erdibana ordaindu behar direla. Nork zer ordaindu behar zuen ez jakite hori Higiezin Kredituen Kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen bidez argitu zen 2019ko ekainaren 16az geroztik sinatutako hipoteketarako.

Irekiera-komisioa auzitegi batzuek abusuzkotzat jo duten beste klausula bat da, baina ez dago horri buruzko erabaki irmorik.

Nola erreklamatu

Lehenengo urratsa zure erreklamazioa idatziz aurkeztea da, Bezeroaren Aarretarako Zerbitzua edo Bezeroaren Defendatzailea banku-sailetan. Hori posta ziurtatuaren bidez egin daiteke, edo zuzenean zure bulegoan bertan, aipatutako bi sailetako bati zuzendutako gutun batean. Erreklamazioa aurkeztu dela frogatzen duen frogagiria eman beharko dizute.

Agiri hauek aurkeztu behar dituzu:

  • Izena, abizenak, NANa eta helbidea.
  • Gertakariak gertatu diren banketxearen eta bulegoaren izena.
  • Zure erreklamazioaren arrazoia.
  • Zure eskaerak.
  • Baieztatzen duzuna egiaztatzen duten dokumentuak (fakturak, ordainagiriak, kontratuak, etab.).

Erantzuna ez bada zure gustukoa edo zuzenean ez baduzu erantzunik jasotzen bi hilabeteko epean, erreklamazioa egin dezakezu dagokion erakunde ganbegiralean:

Mailegu pertsonalak eta kontsumorako kredituak finantza-produktuak dira, ondasunen erosketa (auto bat, altzariak...) eta zerbitzuen kontratazioa (master bat ordaintzea, bidaia bat egitea, eskolak akademian, odontologia-zerbitzua...) finantzatzen laguntzen digutenak. Hipoteka-maileguak baino errazago lortzen dira, baina garestiagoak izaten dira, bankuari ordaindu beharreko interesak handiagoak direlako.

Kontsumorako kredituak 200 eurotik gorakoa izan behar du, eta itzultzeko epea hiru hilabetetik gorakoa eta gutxieneko gastuak izan behar ditu.

Kontsumorako kreditu edo mailegu baten publizitatea loteslea da, hau da, bankuak nahitaez bete behar ditu argitaratutako baldintzak.

Garrantzitsua da gogoraraztea kredituaren kostu osoa aldatu ahal izango dela zure kalterako, baldin eta aldez aurretik eta idatziz hala adostu baduzu.

Produktu hauek ez dira kontsumorako kredituak:

  • Zure enpresak emandako kredituak edo maileguak.
  • Berme gisa ondasun bat eskatzen duten kredituak.
  • Hipoteka-maileguak.
  • Finantza-eragiketak xede dituztenak, enpresa mailegu-emaileak eragiketan parte hartzen duenean.
  • Lurren edo eraikinen gaineko jabetza-eskubideak eskuratzea edo mantentzea helburu duten kreditu-kontratuak.
  • Inbertsio-zerbitzuetako enpresekin egindako kreditu-kontratuak, helburua kontsumitzaileak inbertsio-eragiketa bat egitea denean.

Zorpeko-aukera gisa emandako kreditu-kontratuak kontsumorako kreditutzat har daitezke legeak definitutako egoera jakin batzuetan.

Eskaintza loteslea

Eskaintza loteslea eskatzeko eskubidea duzu, eta enpresa mailegu-emaileak nahitaez eman behar dizu. Gutxienez 14 egun naturaleko balio-epea izango du (larunbatak, igandeak eta jaiegunak zenbatzen dira), eta kredituaren baldintza guztiak jaso beharko ditu.

Eskaintza loteslea kontratuaren aurretiko informazioa ematearekin batera egiten bada, eskaintza loteslea aparteko dokumentu batean entregatu beharko da.

Kredituaren kostu osoa

Kredituaren kostu osoa honako hauek osatzen dute:

  • Nagusia (eskatu duzun dirua, kapital ere esaten zaiona).
  • Interesak.
  • Komisio guztiak.
  • Zerga guztiak.
  • Kreditua kontratatzeko egin beharreko beste gastu guztiak.
  • Kontratuak aseguru bat kontratatzea eskatzen badu, kredituaren kostu osotzat hartuko da.

Notariotza-gastuak ez dira kredituaren kostutzat hartzen.

Aurretiazko informazioaren betekizunak

Kreditua kontratatu aurretik, eskaintza bat aurkeztu behar dizute. Eskaintza hori loteslea izango da, gutxienez, 14 egun naturaletan, hau da, larunbatak, igandeak eta jaiegunak zenbatuta.

Behar besteko aurrerapenaz eman behar dizute, paperean edo euskarri iraunkorrean, adierazi dituzun lehentasunei erantzun behar die, eta beste eskaintza batzuekin ekin alderatzeko aukera eman.

Informazioak honako hauek zehaztu behar ditu:

  • Kreditu-mota.
  • Enpresa mailegu-emailearen izena eta helbide soziala, baita enpresa bitartekariarena ere, halakorik badago.
  • Kredituaren guztizko zenbatekoa eta funtsak erabiltzeko baldintzak.
  • Kredituaren iraupena.
  • Kreditu lotuen kasuan, lotutako produktua edo zerbitzua, eta haren eskurako prezioa.
  • Interes-tasa, nola aplikatzen den eta, erreferentzia-indizeak izanez gero, zein diren eta nola aplikatzen diren.
  • UTBa (Urteko Tasa Baliokidea) eta zor den zenbateko osoa; hori guztia adibide adierazgarrien bidez adierazita.
  • Kuoten edo ordainketen kopurua, aldizkakotasuna eta zenbatekoa.
  • Kontu baten edo batzuen mantentze-gastuak, mailegua egiteko beharrezkoak badira.
  • Ordainketak egitea eta funtsak erabiltzea ahalbidetzen duten bitartekoak erabiltzeagatiko gastuak.
  • Kontratutik eratorritako beste gastu guztiak eta horiek aldatzeko baldintzak.
  • Notariotza-gastuak, halakorik badago.
  • Mailegu-emaileak kreditu-kontratua sinatzeko beharrezkotzat hartzen dituen zerbitzu osagarrien kostua. Adibidez, aseguru bat.
  • Berandutzako interes-tasak eta ez ordaintzeagatiko gastuak.
  • Ez ordaintzearen ondorioei buruzko ohartarazpena.
  • Eskatutako bermeak, baldin badaude.
  • Atzera egiteko eskubiderik badagoen ala ez.
  • Dirua aurretiaz itzultzeko eskubidea eta horren kostua.
  • Zure kaudimena ebaluatzeko datu-base batean egindako kontsulta ororen emaitza berehala eta doan jasotzeko eskubidea.
  • Kreditu-kontratuaren proiektuaren (edo proposamenaren) kopia bat doan eta aldez aurretik eskatuta jasotzeko eskubidea.
  • Enpresa mailegu-emaileak zenbat denbora eutsi behar dion eskaintzari.

Informazio gehigarria aparteko dokumentu batean eman behar dizute.

Kontsumorako kredituari buruzko Europako informazio normalizatua (EIN) ematen badizute (EBk homologatutako inprimakia da, gorago aipatutako informazio guztia biltzen du), enpresa mailegu-emaileak behar bezala informatu zaitu.

Kontratu aurreko informazioa emateko betebehar horrek enpresa mailegu-emaileei eragiten die, baina ez pertsona edo enpresa bitartekariei. Hala ere, enpresa mailegu-emaileak bermatu behar du legeak adierazten duen informazio guztia jasotzen duzula.

Aurretiazko informazioaren baldintzak ez betetzeak kontratua deuseztatzea ekar dezake.

Kaudimena eta datuak

Finantza-erakundea behartuta dago zure kaudimena ebaluatzera, kreditu bat eskatzen duzunean.

Kaudimen-faltagatik edo kontsultatutako fitxategi batekin lotutako beste arrazoiren batengatik kreditua ukatzen badizute, bankuak berehala eta doan eman beharko dizu kontsultatutako datu-basearen xehetasunen informazioa, salbu eta EBko lege batek debekatzen badu edo ordena eta segurtasun publikoaren aurkakoa bada.

Kontratua

Idatziz jaso beharko da paperean edo euskarri iraunkorrean, eta honako datu hauek jaso beharko ditu:

  • Kreditu-mota.
  • Enpresa mailegu-emailearen izena eta helbide soziala, baita enpresa bitartekariarena ere, halakorik badago.
  • Kredituaren guztizko zenbatekoa eta funtsak erabiltzeko baldintzak.
  • Kredituaren iraupena.
  • Kreditu lotuen kasuan, lotutako produktua edo zerbitzua, eta haren eskurako prezioa.
  • Interes-tasa, nola aplikatzen den eta, erreferentzia-indizeak izanez gero, zein diren eta nola aplikatzen diren.
  • UTBa (Urteko Tasa Baliokidea) eta zor den zenbateko osoa; hori guztia adibide adierazgarrien bidez adierazita.
  • Kuoten edo ordainketen kopurua, aldizkakotasuna eta zenbatekoa.
  • Iraupen finkoko kreditu baten kapital-amortizazioa bada, kontuaren laburpena amortizazio-taula batean jasotzeko eskubidea, hau da, etorkizunean zorrak izango duen bilakaera simulatzen duen taula bat. Amortizazio-taula hori entregatu egin behar dute eskatuz gero, eta kuota bakoitzean kapitalari dagokion zatia eta interesei dagokiena banakatu behar dira. Interesa finkoa ez bada, adierazi behar dute taulako kalkuluak indizeen hurrengo eguneraketara arte baino ez direla baliozkoak.
  • Kontu baten edo batzuen mantentze-gastuak, mailegua egiteko beharrezkoak badira.
  • Ordainketak egitea eta funtsak erabiltzea ahalbidetzen duten bitartekoak erabiltzeagatiko gastuak.
  • Kontratutik eratorritako beste gastu guztiak eta horiek aldatzeko baldintzak.
  • Notariotza-gastuak, halakorik badago.
  • Enpresa mailegu-emaileak kreditu-kontratua sinatzeko beharrezkotzat hartzen dituen zerbitzu osagarrien kostua. Adibidez, aseguru bat.
  • Berandutzako interes-tasak eta ez ordaintzeagatiko gastuak.
  • Ez ordaintzearen ondorioei buruzko ohartarazpena.
  • Eskatutako bermeak, baldin badaude.
  • Atzera egiteko eskubiderik badagoen ala ez.
  • Dirua aurretiaz itzultzeko eskubidea eta horren kostua.
  • Kreditu lotuen kasuan, kontsumitzaileek dituzten eskubideei eta eskubide horiek baliatzeko baldintzei buruzko informazioa.
  • Kreditu-kontratua amaitzeko prozedura.
  • Erreklamazioa egiteko eta errekurtsoa jartzeko judizioz kanpoko prozedurarik badagoen ala ez, eta horiek baliatzeko modua.
  • Kontratuaren gainerako baldintzak.
  • Hala badagokio, gainbegiratze-agintaritza eskudunaren izena eta helbidea.

Lotutako kreditua

Kreditu-kontratu lotua da zerbitzu batekin edo ondasun jakin bat eskuratzearekin lotutako kontratu bat finantzatzeko soilik balio duen kreditua; adibidez: hortz-tratamendu bat epeka ordaintzeko kreditu bat sinatzen denean. Bi kontratuek, kontratu nagusiak eta lotuak, merkataritza-unitate bat osatzen dute.

Eman behar dizuten aurretiazko informazioan nahitaez agertu behar da lotutako produktua edo zerbitzua eta haren eskurako prezioa.

Ondasunak edo zerbitzuak nork eskaintzen dituen eta enpresa mailegu-emailea nor den egiaztatu behar da beti.

Kreditu-kontratu lotua ez sinatzeko eta ordainketa beste modu batera egiteko aukera izan behar duzu beti.

Kontsumo-kontratuak kontsumitzailea edozein motatako ordainketa egitera behartzen badu eta lotutako kreditua ukatuko balitz, kontratua deuseza izango litzateke.

Ondasuna edo zerbitzua saltzen duen erakundeak kreditu-bitartekari gisa jarduten duenean, honako informazio hau eman beharko da argi eta garbi: bere eginkizunen eta ordezkaritzaren irismena, erakunde batekin esklusiboki lan egiten duen ala ez eta bitartekaritza horrengatik ordainsaririk dagoen (kasu horretan, paperean edo euskarri iraunkorrean ere jaso beharko da).

Zure eskubideak baliatu ahal izango dituzu produktua edo zerbitzua saldu dizunaren aurrean, bai eta enpresa mailegu-emailearen aurrean ere, baldin eta:

  • Ondasunak edo zerbitzuak osorik entregatu ez badira edo kontratuarekin bat ez badatoz.
  • Alde hornitzailearen aurka erreklamazio judiziala edo estrajudiziala aurkeztu baduzu zuzenbidean egiaztatutako edozein bitartekoren bidez, eta eskubidez dagokizun gogobetetzea lortu ez baduzu.

Kreditu lotu batean atzera egiteko eskubidea erabiltzen baduzu, kontratua inolako zigorrik gabe amaituko da. Gauza bera gertatzen da kreditu lotuarekin, finantzatutako produktuan edo zerbitzuan atzera egiteko eskubidea erabiltzen baduzu.

Kontuan izan denda batean banketxe batekin lotutako kreditu bat sinatzen baduzu dendak eskaini dizulako, urrutitik kontratatutako kreditu bat dela, ez baitzaude bankuaren bulegoan.

Urrutitik kontratatutako kredituak

Urrutitik kontratatutako kreditutzat har ditzakegu produktu edo zerbitzu bati lotuta daudenak eta telefonoz, Internet bidez, merkataritza-gune batean edo denda batean kontratatzen direnak.

Zerbitzuaren ezaugarri nagusien deskribapenak, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu:

  • Kredituaren guztizko zenbatekoa eta funtsak erabiltzeko baldintzak.
  • Kredituaren iraupena.
  • Kreditu lotuen kasuan, lotutako produktua edo zerbitzua eta haren eskurako prezioa.
  • Interes-tasa, nola aplikatzen den eta, erreferentzia-indizeak izanez gero, zein diren eta nola aplikatzen diren.
  • UTBa (Urteko Tasa Baliokidea) eta zor den zenbateko osoa; hori guztia adibide adierazgarrien bidez adierazita.
  • Ordainketen zenbatekoa, kopurua eta aldizkakotasuna.
  • Mailegu-emaileak kreditu-kontratua sinatzeko beharrezkotzat hartzen dituen zerbitzu osagarrien kostua. Adibidez, aseguru bat.

Beste kreditu batzuk

Zorpekoa izateko aukera duten kredituak

Kasu honetan, kapitala ez duzu entrega bakar batean jasotzen; aitzitik, banketxeak zure kontuaren saldoa gainditzen duen diru-kopurua jartzen dizu eskura, zenbateko hori gaindituko duen gastua iritsiko delakoan.

Kreditu-mota horien erregulazioak arreta berezia du legean.

Revolving kredituak

Kreditu-mota hauetan, kontsumitzaileak egindako ordainketek ez dute balio kreditua gutxitzeko (edo nagusia gutxitzeko), baizik eta dirua birjartzeko eta, batzuetan, ordaintzeke dauden interesak birkalkulatzeko. Kreditu horiek oso interes-tasa altuak izan ohi dituzte lotuta.

Garrantzitsua da jakitea horrelako kredituek nagusiaren amortizazioa oso denbora luzean egitea ekar dezaketela, eta horrek epe ertain eta luzerako interesen kopuru handia ordaintzea ekar dezakeela, baita zorra mugarik gabe luzatzea ere.

Mota honetako maileguei buruzko informazioak argia izan behar du, eta gai hori azaldu.

Kontsumorako Kredituaren Hiztegia

Mailegu-emailea. Bere jarduera komertzial edo profesionalean kreditua ematen duen edo emateko konpromisoa hartzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

Bitartekaria. Kreditu bat ematen ez duen pertsona fisikoa edo juridikoa da, baina eskaintzen edo aurkezten du, kontsumitzaileei kreditu baten izapideetan laguntzen die edo mailegu-emailearen izenean kontsumitzailearekin kreditu-kontratuak egiten ditu, eta hori guztia bere jarduera komertzialaren edo profesionalaren esparruan egiten du.

Kredituaren guztizko zenbatekoa (A). Kredituan eskatutako edo kontsumitzailearen esku jarritako zenbatekoa. "Nagusi" ere esaten zaio.

Kredituaren kostu osoa (B). Kredituaren kostu osoa honako hauek osatzen dute: interesak, komisioak, zergak eta kreditua kontratatzeko egin beharreko beste gastu guztiak, notariotza-gastuak izan ezik. Kontratuak aseguru bat kontratatzea eskatzen badu, hori ere kredituaren kostu osotzat hartuko da. Ez da sartzen krediturako eskatutako zenbatekoa (nagusia).

Zor den zenbateko osoa (A+B). Kredituaren guztizko zenbatekoa gehi kredituaren kostu osoa.

Zor-tasa edo interes-tasa. Finantza-erakundeak dirua emateagatik kobratzen duen "prezioa". Honelakoa izan daiteke:

  • Finkoa. Berdina da kredituak iraun bitartean, eta, beraz, ez dago ziurgabetasunik haren bilakaeran. Tasa aldakorra baino altuagoa izaten da.
  • Aldakorra. Erreferentziatzat indize bat hartzen du, eta indize horren bilakaeraren arabera aldatzen da.

UTBa. Urteko tasa baliokidea. Kredituaren kostu osoa, emandako kredituaren edo kreditu nagusiaren guztizko zenbaketaren urteko ehuneko gisa adierazia. Maileguaren zenbatekoa, epea, interes-tasa eta komisioak eta bestelako gastuak kontuan hartuta kalkulatzen da. Espainiako Bankuaren Banku Bezeroaren Atarian UTB kalkulagailu bat duzu eskuragarri.

Kuota. Mailegu-emaileari aldian-aldian (normalean, hilean behin) ordaindu behar zaion dirua da, eta emandako kredituaren amortizazioaren zati batek eta interesen ordainketaren zati batek osatzen dute. Kredituak iraun bitartean kuota finkoa izan ohi da (edo epe jakin batean, interes-tasa aldakorra aukeratu baduzu), eta amortizazioaren eta interesen arteko proportzioa aldatuz doan arren, beti kopuru bera ordaintzen duzu. Sistema frantsesa esaten zaio horri. Informazio gehiago.

Epea. Kontsumitzaileak mailegu-emaileari kuotak ordainduko dizkion denbora-bitartea . Ohikoena da epe laburretan kuotak handiagoak izatea eta kredituaren kostua txikiagoa izatea, eta alderantziz.

Gabealdia. Epe horretan kuota txikiagoa hitzartzen duzu mailegu-emailearekin. Kontuan izan behar da aldi horretan interesak soilik ordaintzen badira, zor duzuna, eta, beraz, itzultzekoa, ez dela murrizten. Antzeko zerbait gertatzen da ez bada ordaintzen ez interesik ez kapitalik: interesak metatu egingo dira eta zor den kapitala hazi egingo da.

Lotutako gastuak. Kreditu-eskaerari lotutako gastuak, hala nola irekiera-komisioa, azterketa-komisioa, posizio zordunen araberako komisioa, amortizazio aurreratuagatiko komisioa, eta abar.

Irekiera-komisioa. Kreditua edo mailegua emateagatik ordaintzen dena da, eta aldi bakar batean ordaintzen da. Emandako diruaren gaineko ehuneko arautu bat da.

Azterketa-batzordea. Enpresa mailegu-emaileak ezin izango du kobratu kreditua ematen ez badu, baina hirugarrenek sortutako gastuen ordainketa eskatu ahal izango du.

Amortizazio aurreratuagatiko komisioa. Zor den kapital osoa edo zati bat aurretiaz itzultzeko kredituaren ehuneko jakin bat. Ezin izango da aldez aurretik itzulitako kredituaren zenbatekoaren % 1 baino handiagoa izan. Interes aldakorraren kasuan, % 0,5ekoa izango da gehienez, baldin eta kredituaren epea urtebetetik gorakoa bada.

Posizio zordunen araberako komisioa. Kontsumitzaileak kuotetako bati aurre egiten ez badio mailegu-emaileak kobratzen duen komisioa.

Lotutako produktuak. Enpresa mailegu-emaileak kredituarekin batera eskaintzen dizkizun produktu edo zerbitzuak, kredituari aplikatuko zaion interesa murriztu dezaketenak. Hauek izan daitezke produktu edo zerbitzu horiek: ordainagiri eta nominen helbideratzea, aseguruak, pentsio-planak edo txartelak. Batzuetan, kredituari lotutako bizi-aseguru bat kontratatzea nahitaezkoa da. Gainerako alderdiei dagokienez, komeni da lotutako produktuak kontratatzeak dakartzan onurak eta lotutako produktu horien kostua alderatzea. Adibidez, txartel batek urteko 35 euroko kostua badu eta kredituaren interesetan sortzen duen etekina urtean 20 eurokoa bada, argi dago ez dela gomendagarria txartela kontratatzea.

Hipoteka-mailegu bati esker, zure etxebizitzaren erosketa finantzatu ahal izango duzu neurri handi batean. Maileguak irauten duen bitartean, erosi duzun etxea bermea izango da.

Kontratua sinatu aurretik, kreditu-erakundeak behartuta daude erabakitzeko behar den informazioa ematera. Hala xedatzen du Higiezin-kredituen kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen 14. artikuluak, zeinak erakunde mailegu-emaileak behartzen baititu Europako Informazio Normalizatuaren Fitxa (EINF) eta Ohartarazpen Estandarizatuen Fitxa (OEF) eskaintzera, gardentasun-berme gisa. Kontratuaren aurreko informazio-eredu estandarizatuak dira Europar Batasunaren eremuan, kontsumitzaileak informazio argia eta gardena izan dezan.

Horrelako maileguetan funtsezko bi alderdi jakin behar dituzu. Lehenengoa interes-tasak dira, bai eta maileguak iraun bitartean izan dezaketen bilakaera ere. Bigarrena abusuzko klausulak dira; horietako asko jada desagertu egin dira kontratuetatik, baina, hala ere, zenbait klausula, legez hala hartu ez arren, ezagutzea komeni da.

Beste alderdi interesgarrietako bat notariotzak dira, haien zeregina nabarmen aldatu baita. Maileguaren baldintzak, EINFn adierazitakoak, azaldu behar dizkizute, eta hipoteka-mailegua eskatzen duten pertsonek ulertzen dutela ziurtatu behar dute. Notariotzara joaten zaren eguna da zalantzak sortzen dizkizun guztiari buruz galdetzeko unea.

Bestalde, hipoteka bat eratzeak gastu batzuk dakartza berekin, eta auzitegiek dagoeneko ebatzi dute horien inguruko eztabaida. Zuk edo bankuak zer gastu ordaindu behar dituzun edo dituen, hipoteka sinatu zenuen dataren arabera zehazten da:

  • 2019ko ekainaren 16a baino lehen sinatu bazenuen, bankuak tasazio-, erregistro- eta gestoria-gastuak ordaindu behar ditu; notariotza-gastuak, berriz, erdibana ordaindu behar dituzue. Gastu horiek nork ordaindu zituen egiaztatzea gomendatzen dizugu, eta zuk ordaindu bazenituen, zure banku-erakundeari erreklamatzea. Hemen duzu eredu bat, lagungarri.
  • Zure hipoteka 2019ko ekainaren 16aren ondoren sinatu bazenuen, gastuak Higiezin Kredituen Kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legean ezarritakoaren arabera banatuko dira. Zuk zure gain hartu beharko dituzu higiezinaren tasazio-gastuak, eta finantza-erakundeak gestoria-gastuak, notario-gastuak (kopia posibleak zure kontura izango dira), hipoteka-eskrituraren erregistro-gastuak eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga.

Hipoteka-mailegu bat kontratatu aurretik nahitaez eman beharreko informazioa

Kreditu-erakundeak behartuta daude informazio argia, egokia, objektiboa eta ez engainagarria doan ematera, antzeko eskaintzak alderatu eta erabaki informatua hartu ahal izateko.

Informazio hori euskarri iraunkor batean (paperean, adibidez) edo formatu elektronikoan eman behar dute, eta behar besteko aurrerapenarekin, kontratu horren betebehar oro zure gain har dezazun.

Informazio orokorra

Banketxeek informazio hau eman behar dizute:

  • Informazioa ematen duenaren izena eta helbide geografikoa.
  • Kreditua zertarako erabil dezakezun.
  • Berme-moduak, Europar Batasuneko beste estatu kide batean kokatuta egoteko aukera barne, hala badagokio.
  • Kreditu-kontratuen balizko iraupena.
  • Interes-tasaren formak, azalduta finkoa, aldakorra edo mistoa den eta horietako bakoitzak zer ondorio izan ditzakeen.
  • Kreditu bat atzerri-dirutan kontrata badaiteke, adierazi behar da zein den eta zer ondorio dituen.
  • Kredituaren guztizko zenbatekoaren eta kostu osoaren, zor den zenbateko osoaren eta UTBaren adibide adierazgarriak.
  • Beste kostu posible batzuk.
  • Kreditua itzultzeko dauden aukera guztiak.
  • Itzulketa aurreratua egiteko baldintzak.
  • Tasazioa egin behar den ala ez, izan ditzakeen kostuak eta nork ordaindu behar dituen.
  • Kreditua lortzeko edo eskainitako baldintzetan lortzeko nahitaez kontratatu behar dituzun zerbitzu osagarriak, eta, hala badagokio, zerbitzu horiek erakunde mailegu-emailea ez den beste hornitzaile batekin kontratatuko direla argitzea.
  • Kredituaren baldintzak ez betetzearen ondorioei buruzko ohartarazpena.
  • Hala dagokionean, ordainean emateko aukera baduzun, hau da, hipotekatutako higiezina entregatzeko aukera baduzun, kredituaren baldintza eta betebehar guztiak kitatzeko.

Gardentasun-arauak

Erakunde mailegu-emaileak, hau da, bankuak, baldintza hauek bete beharko ditu:

  • Europako Informazio Normalizatuaren Fitxa (EINF) ematea. Loteslea da, eta, beraz, erakundeak baldintza horiei eutsi beharko die itundutako epean eta kontratua sinatu arte. Epe hori, gutxienez, 10 egun naturalekoa da.
  • EINFa dokumentu bakarra da, eta honako hauek jaso behar ditu:
    • Erakunde mailegu-emailearen izena eta datuak, eta, bitartekaririk balego, baita haren izena eta datuak ere.
    • Maileguaren zenbatekoa eta moneta. Atzerri-dirutan jaulkitzen bada, beste betebehar batzuk gehitzen dira.
    • Maileguaren iraupena.
    • Mailegu-mota.
    • Interes-tasa.
    • Itzuli beharreko zenbatekoa, guztira.
    • UTBa.
    • Behin bakarrik ordaindu beharreko kostuak.
    • Aldian behin ordaindu beharreko kostuak.
    • Ordainketen maiztasuna eta kopurua.
    • Kuota bakoitzaren zenbatekoa.
    • Itzulketen azalpen-taula.
    • Beste betebehar batzuk.
    • Itzulketa aurreratua.
    • Malgutasun-elementuak.
    • Dituzun eskubideak.
    • Erreklamazioak, epeak eta formak.
    • Ez-betetzea eta ondorioak.
    • Informazio gehigarria.
  • Ohartarazpenen Fitxa Estandarizatua (gaztelaniaz, FIAE) ematea. Fitxa horretan, klausula garrantzitsuak dauden jakinaraziko dizute, bai eta honako hauek ere:
    • Interes-tasa kalkulatzeko erabilitako erreferentzia-indize ofizialak.
    • Merkatuaren beheranzko bilakaerak eragindako gutxieneko interes-tasak badauden.
    • Aurretik kontratua bukatzeko aukera, kontratua betetzen ez bada.
    • Gastuak nola banatzen diren.
  • Mailegua interes aldakorrekoa bada, beste dokumentu batean emango dizute aldizkako kuoten eta bilakaera-egoeren taula.
  • Kontratu-proiektuaren kopia.
  • Bankuari eta mailegua hartzen duen pertsonari dagozkien gastuei buruzko informazio argia eta egiazkoa.
  • Eskatzen duen aseguruaren bermeen baldintzak.
  • Mailegua eskritura publikoan formalizatzea aurreikusita dagoenean, notarioaaukera dezakezula eta notarioak dohainik eta modu pertsonalizatuan aholkatu behar dizula adierazi behar dizute.

Lotutako salmentak

Lotutako salmentak debekatuta daude, salbuespenak salbuespen. Horrek esan nahi du banketxeak ezin zaituela behartu maileguaz gain beste produktu batzuk kontratatzera. Espainiako Bankuak salbuespen gisa onartu ahal izango ditu lotutako produktuak, baldin eta mailegua eskatzen duten pertsonentzako baldintzak hobetzen badituzte.

Salbuespen gisa, bankuek aseguru jakin batzuk kontratatzera behartu zaitzakete, hala nola kontratuaren betebeharrak beteko direla bermatzeko aseguru bat, hipotekatutako higiezinari eragindako kalteen aseguru bat edo legeak behartzen duen beste edozein aseguru-poliza.

Garrantzitsua da azpimarratzea ezin zaituztela behartu banku horrekin berarekin aseguru bat kontratatzera, erakunde horiek berenak ez diren polizak onartzera behartuta baitaude eskatutako bermeak bete bitartean. Era berean, ezin izango dute kobratu polizak aztertzeagatik, eta ezin izango dituzte hipoteka-kredituaren baldintzak okerragotu, beste banku batekin derrigorreko aseguru bat kontratatzeagatik.

Interes-tasa ofizialak

Erreferentziako interes-tasak garrantzitsuak dira, kreditu-eragiketei lotuta daudelako. Erakundeek hilero argitaratu behar dituzte interes-tasa ofizialak Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE). Espainiako Bankuaren webgunean ere eskuragarri daude.

Hauek dira interes-tasa ofizialak:

  • Espainian etxebizitza libre bat erosteko kreditu-erakundeek hiru urte baino gehiagorako emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
  • Euro eremuan etxebizitza librea erosteko kreditu-erakundeek urtebete eta bost urte bitartean emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.
  • Zor publikoaren bigarren mailako merkatuko barne-etekin mota, bi eta sei urte artekoa.
  • Banku arteko erreferentzia urtebetera (Euriborra).
  • Interesen trukea/Interest Rate Swap (IRS) bost urteko epean. Interesen trukea erakundeek egiten duten dibisa-trukea da.
  • 2000ko urtarrilaren 1a baino lehen formalizatutako hipoteka-maileguei dagokienez, euroa sartzeari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legearen 32. artikuluak ezartzen du Madrid InterBank Offered Rate (Mibor) delakoari buruzko informazioa eman behar dela, hau da, Madrilgo burtsako merkatuan aplikatzen den bankuen arteko interes-tasa.

2012ko apirilaren 29tik aurrera, interes-tasa hauek ez dira ofizialak:

  • IRPH-Kutxak.
  • IRPH-Bankuak.
  • CECA adierazlea, aktibo mota.

Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (IRPH)

Zaharkituta geratu da eta IRPH-Entitateak soilik dago indarrean, hau da, kreditu-erakunde guztiek hiru urte baino gehiagorako emandako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.

Zer indizek ordeztu behar du zure hipotekaren IRPHa?

Zure hipotekak desagertutako tasaren bat badu (IRPH Bankuak edo IRPH Kutxak), indize hauetako bat aplikatuko dizute:

  • Lehenik eta behin, kontratuan bertan berariaz ordezko gisa agertzen dena.
  • Kontratuak ez badu berariazko ordezko tasarik jasotzen edo adierazitakoa desagertuetako bat bada (IRPH-Kutxak, IRPH-Bankuak edo CECA), IRPH-Entitateak erabili behar dute. Indize horri, desagertutako tasaren eta IRPH-Entitateak indizearen arteko aldakuntzen batez besteko aritmetikoaren baliokidea den diferentziala aplikatu behar zaio. Zenbateko hori kalkulatzeko, hipotekaren kontratu-dataren eta tasaren benetako ordezpen-dataren artean dauden datuak erabiliko dira.

Nola jakin dezakezu IRPH-Entitateak delakoaren balioa?

Espainiako Bankuak hilero argitaratzen du eguneraketa bere webgunean eta BOEn.

Abusuzko klausulak: hipoteka eratzeko gastuak

Higiezin-kredituen kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legeak argi eta garbi zehazten du nori dagokion hipoteka-kreditu bat eratzeak eragindako gastuak bere gain hartzea.

  • Erakunde mailegu-emailea: hipotekaren erregistro-gastuak, notariotza eta gestoriako zergak.
  • Mailegu-hartzailea (zu): tasazioa eta ohar soila.

2019ko ekaina baino lehenagoko gastuen banaketak eztabaida judizial luze bat eragin zuen, eta jada ebatzita dago, Auzitegi Gorenaren 705/2015 Epaiari esker. Epai horrek deklaratu zuen gastu guztiak zuri egozten dizkizun klausula abusuzkoa dela eta, beraz, deuseza.

Gainera, Auzitegi Gorenak doktrina finkatu zuen 2019ko urtarrilaren 23ko epaian (105/2019 AGE), honako hau zehaztu baitzuen:

  • Bankuek edo kutxek gestoria, erregistro, tasazio eta notariotzako minuten % 50 ordaindu behar zuten.
  • Mailegua eskatzen zutenek notaritzako minuten % 50 ordaindu behar zuten.

Erreklamazio-epeari dagokionez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) honako hau ebatzi zuen 2024ko urtarrilaren 25eko epaian:

  • Legezkoa zela 5 urteko epea dirua itzultzeko eskatzea.
  • Epe hori ezin zela hasi hipoteka sinatzean, askotan ezinezkoa izango litzatekeelako bidegabe kobratutako dirua berreskuratzea.
  • Epea ezin zela hasi 2019ko Auzitegi Gorenak epaia eman zuenean izan ere, jurisprudentzia ezaguna izatea ez da nahikoa kontsumitzaile guztiek jakiteko zer eskubide dagozkien.
  • Epearen hasiera zehazteko kasu bakoitza aztertu behar zela.

Epai hori berretsi egin zen EBJAk 2024ko apirilaren 23an emandako epai batez.

Garrantzitsua da gogoraraztea ez dagoela eperik klausula baten deuseztasuna eskatzeko; beraz, abusuzko klausula hori baduzu, erreklamazioa egin dezakezu.

Zure hipoteka aztertu ondoren, erreklamazioa egin nahi baduzu, zera gomendatzen dizugu: harremanetan jartzea Kontsumobiderekin, erreferentziako Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoarekin (KIUB) edo gure lurraldean jarduten duen kontsumitzaileen edozein elkarterekin. Eman behar dituzun urratsei buruzko orientazioa emango dizugu.

Nola jakin zure hipotekak abusuzko klausularen bat duen ala ez?

Higiezin bat erosi eta hipoteka bat eskatzen duzunean hura ordaindu ahal izateko, bi eskritura sinatu behar dituzu: salerosketarena eta hipoteka-maileguarena (gastuen klausula normalean bosgarren klausula izaten da da). Azken hori interesatzen zaizu.

Hipoteka-maileguaren eskritura aurkitzen duzunean, begiratu nori egozten zaion gastu horien ordainketa. Zuri egozten bazaizu, abusuzko klausula bat daukazu.

Nola erreklamatu dezaket nire hipotekak horrelako klausula bat badu?

Lehenik eta behin, finantza-erakundearekin harremanetan jarri eta erreklamazio bat aurkeztu behar duzu. Nahi baduzu, deskargatu Hipoteka-gastuak eskatzeko erreklamazio-e; bete eta zure banku edo kutxan entregatu. Klausulak baliogabetzat jo arren, erakundeek ez dituzte ofizioz itzultzen zenbatekoak.

Oso garrantzitsua da erreklamazioa zure bulegoan erregistratu arren, argi eta garbi zuzentzea bezeroaren arretarako zerbitzura edo bankuko bezeroaren defendatzaileari.

Bi hilabeteko epean erantzuten ez badizute edo erantzuna ez bada egokia, bi aukera dituzu:

  • Kontsumobiden erreklamazio bat aurkeztea. Kontsumoko Euskal Institutuak zure kasua aztertuko du, eta bitartekaritza bat egin ahal izango du aldeen arteko akordioa lortzeko.
  • Zuzenean demanda bat aurkeztea. Bide judizialera jo dezakezu, zure kabuz edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte baten bidez.

Zer dokumentazio bildu behar dut erreklamazioa egiteko?

Gutxienez, dokumentazio hau bildu behar duzu:

  • Hipotekaren eskritura.
  • Notariotzako faktura.
  • Jabetza Erregistroko faktura.
  • Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren ordainagiria.
  • Gestoria-gastuak.
  • Tasazio-erakundearen faktura.

Zoru-klausulak

Zoru-klausulak tasa aldakorreko hipoteka-maileguen kontratuetan sartzen dira, gutxieneko interes-tasa finko bat ezartzeko. Horren ondorioz, hipoteka duten kontsumitzaileek ezin dute ehuneko horretatik beherako tasaren jaitsieragatik onurarik lortu.

Klausula horiek hipoteketan sartzea legezkoa izan daiteke, baldin eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko araudian araututako gardentasun- eta informazio-baldintzak betetzen badituzte.

Baldintza horiek urratzen badituzte, abusuzkotzat jo daitezke, eta, beraz, deuseztzat. Deuseztasunak berekin dakar horiek ondorerik gabe uztea, hau da, inoiz izan ez balira bezala jokatuko dela, eta, hala badagokio, kontzeptu horrengatik kobratutako zenbatekoak itzultzera behartu dezake.

Klausula horiek 2013an abusuzkoak deklaratu ziren eta demanda judizialen balizko oldea zela-eta, Gobernuak judizioz kanpoko erreklamazio-prozedura bat arautu behar izan zuen, epaitegien kolapsoa saihesteko eta ebazpen arin eta doakoa emateko.

Nola jakin nire zoru-klausula abusuzko klausula den ala ez

Auzitegi Gorenaren maiatzaren 9ko 241/2013 epaiak abusuzkotzat eta deuseztzat jo zituen finantza-erakunde batzuen hipoteketan sartutako zoru-klausulak, eta behartu egin zituen kontratuetatik kentzera eta soberan kobratutako zenbatekoak itzultzera.

Epai horren arabera, klausula horiek abusuzkotzat jotzeko, honako baldintza hauek bete behar ziren:

  • Behar bezain argi ez informatzea kontratuaren objektu nagusia definitzen duen elementua dela.
  • Sabai-klausulekin batera txertatzea, itxura batera haien kontraprestazio gisa.
  • Hipoteka kontratatzeko unean, interes-tasak izan dezakeen bilakaeraren inguruko egoerak irudikatzeko simulaziorik ez ematea.
  • Ez edukitzea aldez aurreko informazio argi eta ulergarririk erakundearen beraren beste mailegu-modalitate batzuekiko konparazio-kostuari buruz edo ez edukitzea oharrik jakinarazteko zuri modalitate batzuk ez zaizkizula eskaini eta zergatik.
  • Datu-kopuru ikaragarri baten artean aurkeztea, datuak ezkutuan geratzeko eta eta kontsumitzailearen arreta gutxitzeko.

Egoera horretan bazaude, bidegabe kobratu dizkizuten zenbateko guztiak itzultzeko eska diezaiokezu bankuari.

Erreklamatzeko epea

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 21eko epaiak xedatu du ez dagoela erreklamatzeko eperik, eta bankuak eta kreditu-erakundeak kontzeptu horrengatik kobratutako guztia itzultzera behartzen ditu.

Epaiketaz kanpoko erreklamazioen prozedura: erakundeen betebeharrak

Prozedura honen helburua da epaitegietara jo behar ez izatea, dirua itzul diezazuten erreklamatzeko.

Kreditu-erakundeek honako betebehar hauek dituzte:

  • Gatazkak konpontzeko epaiketaz kanpoko sistema ezartzea.
  • Departamentu edo zerbitzu espezializatu bat izatea.
  • Beren webgune-an eta bulegoetan prozeduraren berri ematea, eta, bereziki, honako hauena:
    • Prozeduraren funtzionamendua.
    • Departamentu espezializatuaren izatea, bai eta haren posta-helbidea eta helbide elektronikoa ere.
    • Erreklamazioak hiru hilabeteko epean ebazteko daukaten betebeharra.
    • Finantza-zerbitzuen gardentasunari eta bezeroen babesari buruzko araudia.
    • Zoru-klausulen izatea.
    • Hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoek sor litzaketen zerga-betebeharrak.

Epaiketaz kanpoko erreklamazioen prozeduraren funtzionamendua

Prozedura doakoa eta borondatezkoa . da. Horretarako:

  • Aurkeztu eskabidea zure bankuan.
  • Bankuak hiru hilabete ditu hori ebazteko.
    • Eskaera ukatzen badizu, arrazoiak adierazi behar dizkizu.
    • Eskaera onartzen badizu, bankuak kalkulatu behar du zenbat itzuli behar dizun. Kalkulu horretan, legezko interesak banakatuta sartu behar ditu, eta jakinarazi egin behar dizu.
  • Bankuaren proposamena jasotzen duzunean, zuk erabaki behar duzu:
    • Onartzen baduzu, dirua itzuliko dizu. Bestelako konpentsatzio -neurri bat ere adostu dezakezu, eta bankuak baloratu behar du. Zuk 15 egun dituzu onartzeko edo ez.
    • Onartzen ez baduzu, auzi-eskea aurkez dezakezu. Epaia zure aldekoa bada, epaileak bankuari ezarriko dio kostuak ordaintzeko kondena.
  • Bankuak ez badizu erantzun hiru hilabetean, ez onartutzat jo beharko duzu, eta auzibidera jo.

Auzibideko erreklamazioa

Epaiketaz kanpoko prozeduraren bidez akordio bat lortzen saiatu ondoren lortzen ez baduzu, auzitegietara jo dezakezu.

Bankuak itzuli nahi dizun diru-kopuruarekin ados ez zaudelako edo itzulketa onartzen ez duzulako jo baduzu, garrantzitsua da jakitea:

  • Epaitegiak bankuak eskaini zizuna baino zenbateko handiagoa aitortzen badizu, erakunde horrek ordainduko ditu prozesuaren gastu guztiak, zure defentsaren ordainsariak barne.
  • Zenbateko bera edo txikiagoa aitortzen badizu, zure defentsaren gastuak eta prozesuaren gastu komunen erdia ordaindu beharko dituzu, gutxienez.

Gainerako kasuetan, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean kostuen ordainketari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

Auzitegietara joaten bazara epaiketaz kanpoko prozesuaren bidez konpontzen saiatu gabe, gastuak ohiko moduan banatuko dira.

  • Erakundeak amore ematen badu, hau da, eskatzen duzun guztia ematen badizu zure demandari erantzun aurretik, eskatu duzun zenbatekoa lortuko duzu, baina zure defentsaren gastuak ordaindu beharko dituzu.
  • Erakundeak erantzun aurretik partzialki amore ematen badu, hau da, zati bat ematea onartzen badu eta zenbateko hori epaitegian sartzen badu, bi egoera gerta daitezke.
    • Epaiketarekin aurrera jarraitzen baduzu eta zenbateko handiagoa lortzen baduzu, epaitegiak erakundea zigortuko du zure defentsaren zerbitzu-sariak eta epaiketak sortutako gainerako gastuak ordaintzera.
    • Eskaini zizun zenbateko bera edo txikiagoa lortzen baduzu, zuk ordaindu beharko duzu, gutxienez, zure defentsa.
  • Epaiketak epaia eman arte jarraitzen badu, Prozedura Zibilaren Legeak kostuak ordaintzeko kondenari buruz ezarritako arauak aplikatuko ditu epaileak:
    • Eskatutako ezer lortu ez duelako epaiketa galtzen duenak, hau da, erabateko ezespena lortzen duenak, gastu guztiak ordaindu beharko ditu, bankuaren defentsa barne, baldin eta kasu horrek zalantza handiak sortzen zituela uste ez bada.
    • Epaiak eskaeren zati bat aitortzen badu eta beste bat ezesten badu, alderdi bakoitzak bere gastuak ordainduko ditu; epaiketa egitearen ondoriozko gastu komunak, berriz, erdibana ordainduko dira, baldin eta epaileak adierazten ez badu alderdietako batek ausarkeriaz jokatu duela.

Araudia, epaiak eta erreklamazio-eredua

1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bat egina onartzen duena.

1/2017 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 20koa, Kontsumitzaileak zoru-klausulen arloan babesteko presako neurriena. Baliozkotzeko erabakia, Kongresuarena.

536/2017 Errege Dekretua, maiatzaren 26koa, Jarraipen, Kontrol eta Ebaluazio Batzordea sortu eta arautzen duena.

ARABA: 2/2017 Zerga Premiazko Araugintzako Dekretua, otsailaren 28ko Foru Gobernu Kontseiluarena, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aldatzen duena, zoru-klausulak deritzenei dagokienez. Baliozkotzeko Foru Araua.

BIZKAIA: 1/2017 Foru Dekretu Arauemailea, martxoaren 7koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua aldatzen duena, zoru-klausulak deritzenei dagokienez. Bizkaiko Batzar Nagusien Erabakia, 1/2017 Foru Dekretu Arauemailea berresten duena.

GIPUZKOA: 1/2017 Foru Dekretu Araua, otsailaren 28koa, zoru-klausulak aplikatuz ordaindutako kopuruak itzultzearen ondorioz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jasotako zenbatekoen tratamendua zehazten duena.

Epaiak

Auzitegi Gorenaren 241/2013 Epaia, maiatzaren 9koa (pdf, 252 KB).

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, 2016ko abenduaren 21ekoa (pdf, 1014 KB).

Erreklamazio-eredua

Erreklamazio-eredua (pdf, 94 KB).

Jardunbide egokien kodeari atxikitzea borondatezkoa da kreditu-erakundeentzat, eta atxikimenduaren berri eman behar diote Ekonomia Ministerioko Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiari. Atxiki ondoren, kodea bete behar dute.

Atxikita dauden kutxa eta bankuen zerrenda kontsulta dezakezu

Erakundeek babes-neurri horien berri ematen dutela bermatu behar dute, batez ere bezeroei.

Finantza-produktuak konplexuak dira, eta askotan pertsonen finantza-prestakuntza ez da nahikoa haien arriskuak eta abantailak ulertzeko. Europar Batasunak inbertsio-produktuak erabiltzen dituztenen babesa indartzeko araudi bat egin du.

Espainian, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (BMBN; gaztelaniaz, CNMV) merkatu horiek eta horietan parte hartzen duten erakundeak arautu eta gainbegiratzen ditu, zehazki honako hauek:

  • Inbertsio kolektiboko erakundeak, inbertsio-funtsak kasu.
  • Inbertsio-zerbitzuetako enpresak: baloreen eta burtsen sozietateak eta agentziak, zorroak kudeatzen dituzten sozietateak eta finantza-aholkularitzako enpresak.
  • Enpresa kotizatuak.

Inbertsio-zerbitzua eskaini aurretik erakundeek eskatutako informazioa

Finantza-erakundeek galdera batzuk egin behar dituzte, eskatutako produktua interesdunarentzat egokia den zehazteko. Urrezko arau bat: zenbat eta errentagarritasun handiagoa, orduan eta arrisku handiagoa.

Galdera horiek komenigarritasun- eta egokitasun-testetan biltzen dira:

  • Komenigarritasun-testa: nahitaezkoa da finantza-produktuen salerosketan, inbertitzailearen ezagutzak eta esperientzia baloratzeko balio du. Galderak finantza- eta inbertsio-produktuekin zerikusia duten azterlanei eta ezagutzari buruzkoak dira.

    Komenigarritasun-testak produktua kontsumitzailearentzat egokia ez dela adierazten badu ere, kontsumitzaileak eragiketarekin jarraitzeko eskubidea du, baldin eta finantza-erakundeak ere onartzen badu.

  • Egokitasun-testa: inbertsio-produktuetara bideratuta dago, eta erakundearen gomendio pertsonalizatuak interesdunarentzat egokienak direla ziurtatu nahi du. Galderak askotarikoak izaten dira: komenigarritasun-testa (aurretiko ezagutzak eta esperientzia), finantza-egoera (diru-sarreren iturria eta maila, ondarea, gastuak eta aldizkako ordainketak) eta inbertsio-helburuak (inbertsioa mantentzeko nahi den denbora, profila eta arriskuaren tolerantzia).

    Interesdunak ez badu egokitasun-testaren informazioa ematen, erakundeak ezin izango dio aholkularitza eman.

Inbertitzailearen eskubideak

  • zintzoa, inpartzialki eta profesionalki tratatua izateko eskubidea.
  • Informazio inpartziala, argia eta ez-engainagarria jasotzeko eskubidea.
  • Banketxeak zure egoera pertsonala kontuan izateko eskubidea, zure profilera egokitzen diren produktuak edo zerbitzuak bakarrik kontratatu ahal izateko.
  • Erreklamatzeko eskubidea, funtzionamendu okerragatik, berandutzeagatik edo arreta faltagatik, edo kalte egin dizutela sentitzen baduzu.
  • Inbertsio-produktuaren izaera eta arriskua ezagutzeko eskubidea, baita izango dituzun zuzeneko eta zeharkako gastu eta kostuei buruzko informazioa jasotzeko ere.
  • Inbertsio-zerbitzua ematean bi aldeen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituen kontratu bat sinatzeko eskubidea.

Finantza-erakundeek betebehar hauek dituzte:

  • Informazioa eskatzea zure egoera eta premiak ezagutzeko eta inbertsio-erabaki egokiak hartzen laguntzeko.
  • Zuretzat egokiak diren produktuak soilik eskaintzea, zure ezagutzen eta esperientziaren arabera, produktuen arriskuak eta funtzionamendua baloratzeko.
  • Ziurtatzea ulertzen duzula eman dizuten informazioa, eta bat datorrela zure finantza-egoerarekin eta helburuekin.
  • Informaziorik onena ematea inbertsioa egin aurretik, bitartean eta ondoren. Informazio oso-osoa jaso behar duzu zure gain hartzen dituzun arriskuei buruz eta zuzeneko eta zeharkako komisio eta gastuei buruz.
  • Ahalik eta emaitzarik onena lortzen saiatzea, zuri kalterik egin gabe.
  • Erakundea Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean inskribatuta dagoela eta eskaintzen duen zerbitzua emateko baimenduta dagoela egiaztatzeko datuak ematea.

Zer dira lehentasunezko partaidetzak?

Lehentasunezko partaidetzak (PPR) sozietate batek jaulkitako baloreak dira, eta ez duzu haien kapitalean parte hartzen, eta ez dizute boto-eskubiderik ematen. Betiko dira, hau da, ez duzu inbertitutako dirua berreskuratzen, salbu eta lehentasunezko partaidetzak saltzen badituzu. Baina hitzartutako preziorik ez dagoenez, irabaz edo gal dezakezu, eta, beraz, errentagarritasuna ez dago bermatuta.

Arrisku handiko produktuak dira:

  • Errentagarritasun handia edo galera asko eragin ditzakete.
  • Ez dute burtsan kotizatzen.
  • Ez dira merkatu antolatuetan negoziatzen.
  • Likidezia-kontratu bat izan dezakete, hau da, produktua saltzeko nolabaiteko bermea, produktua erosteko prest dauden pertsonak edo erakundeak daudelako. Hala ere, likidezia hori mugatua da, eta, beraz, ez da beti erraza izaten inbertsioa desegitea.
  • Finantza-erakundeak porrot egiten badu, inbertitzaileak inbertitutako diru guztia gal dezake. Horrelako egoera batean, partaidetzak kobratzen azkenak dira ia, akziodunen aurretik bakarrik.
  • Finantza-erakundeak ez badu etekin nahikorik, baliteke interesak ez ordaintzea. Eta inbertitzaileak ezin die eskatu.
  • Betiko izan arren, finantza-erakundeak, normalean, beretzat gordetzen du horiek aldi baten buruan ezerezteko eskubidea. Hori garrantzitsua da; izan ere, erakundearen egoera ekonomikoa txarra bada, erabateko arriskua dago, inolako bermerik gabe. Bestalde, egoera aldatzen ez bada, erakundeak dirua itzul dezake eta tratua ezereztu.

Zer dira lehentasunezko harpidetza-eskubideak?

Akziodunek dituzten eskubideak dira, sozietate batek bere kapital soziala handitzen duenean, partaidetza-ehuneko bera edukitzen jarraitu i ahal izateko, eta, horrela, konpainian duten pisua murriztea saihesteko. Lehentasunezko harpidetza-eskubideak eskuragarri egoten dira, salbu eta akziodunen batzar orokorrak baztertzen baditu.

Eskubide horiek burtsan ere kotizatzen dute, eta, beraz, zaintza-komisioak eta -gastuak sor ditzakete, hau da, produktu horiek edukitzeagatik sortzen direnak. Gainera, salerosketak ere bitartekotza-komisioak izan ditzake.

Nola ezereztu inbertsio-funts bat

Inbertsio-funtsa ezerezteak inbertitutako ondarea berreskuratzeko aukera ematen du.

Funtsa ezerezteko, agindu bat eman behar da kontratatu zen finantza-erakundean edo erakunde kudeatzailean.

Normalean, erakundeek ez dute eragozpenik jartzen funts bat ezerezteko, baina inbertsio hori marka bereko beste funts edo produktu batera bideratzen saia daitezke.

Ondare hori aktibo-mota errentagarriago batera edo seguruago batera aldatzeko aukera ere badago.

Nola erreklamatu

Erreklamazioa egin nahi baduzu:

  • Lehenik eta behin, erreklamazio bat aurkeztu behar duzu erakundearen aurrean, bezeroaren arretarako zerbitzua edo bezeroaren defendatzailea esan ohi zaienetako batean. Horrek arrazoizko denboran ebatzi behar ditu kexak eta erreklamazioak, argitaratu duen prozeduraren arabera. Arreta egokia ziurtatzeko, erakundeak gutxienez bost urtez egindako zerbitzu eta eragiketa guztien erregistroa eduki behar du.
  • Bi hilabeteko epean erantzunik jasotzen ez baduzu edo erantzuna egokia ez bada, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (BMBN; gaztelaniaz, CNMV)Inbertitzailearen Arretarako Bulegora jo dezakezu. Bulego hori arduratzen da kontsultei, kexei eta erreklamazioei doan erantzuteaz, azaroaren 16ko ECC/2502/2012 Aginduan ezarritakoaren arabera.

Finantza-txiringitoen iruzurrak

Zenbait enpresa edo pertsona inbertsio-zerbitzuak beharrezko baimenik gabe ematen saiatzen dira. Inbertsio apalak dituzten pertsonak engainatzen saiatzen diren iruzurgileak dira, errentagarritasun handiko eta arrisku txikiko aukera bakarren promesekin.

Txiringitoen itxura oso sofistikatua izan daiteke, legitimitate eta profesionaltasun itxura izan dezakete. Luxuzko bulegoak izan ohi dira, eta informazio-liburuxkak eta ondo aurkeztutako bestelako dokumentu komertzialak izaten dituzte, inbertsio-aukera oso tentagarriak proposatzen dituztenak. Engainatutako pertsonek oso gutxitan ikusten dute berriz beren dirua.

Horregatik, ez fidatu inoiz hauetaz:

  • Inbertsio bat proposatzen dizuten kontaktuak, ez baduzu aldez aurretik informaziorik eta aholkularitzarik eskatu.
  • Erabat seguruak diren edo ohikoa baino askoz errentagarritasun handiagoa duten inbertsioen promesak.
  • "Bermea", "aukera mugatua" eta "arriskurik gabe" hitzak.
  • Denbora laburrean diru asko irabazteko promesak.
  • Erabakiak azkar edo berehala hartzeko presioak.

Gogoratu: inbertsio legitimoetan ere, errentagarritasun handiak arrisku handia dakar.

Kriptoaktiboak trukerako bitarteko birtualak dira, hau da, ukiezinak dira, eta haien balioa merkatuak zehazten du. Kriptografian dute jatorria, informazioa zifratze-tekniken bidez babesten duen diziplinan.

Ziurrenik kriptoaktiborik ezagunena kriptomonetak dira. Honako erabilera hauek izan ditzakete:

  • Ordaintzeko, beste aldeak onartzen badu.
  • Balio-erreserba.
  • Inbertsio espekulatiboa.

7.000 kriptomoneta baino gehiago daude (beste iturri batzuek 10.000 inguru daudela diote), eta Bitcoina da ezagunena, baina beste batzuk ere badira, hala nola Ethereuma, Litecoina eta Chainlinka.

Kriptomoneta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bitcoinak, adibidez, ia dibisa baten antzerafuntzionatzen du; Ethereuma kontratu automatizatuak gauzatzeko erabiltzen da (kontratu adimendun edo smart contract ere esaten zaie); Litecoina, MITek sortua, zenbait arlotan ordaintzeko erabiltzen dute... Beste erabilera batzuk hauek dira: startupak finantzatzea, bilduma zaletasuna edo bideoj okoak.

Kriptomonetak birtualak dira beti, ezin dira ukitu. Eta partizipaziotan bana daitezke, eta, beraz, ez da beharrezkoa osorik eskuratzea.

Espainian, legez ordaintzeko baimenduta daude 2015etik, baina ez dago kriptomonetak ordainketa gisa onartzeko betebeharrik.

Bederatzi ideia nagusi

  • Haien balioa nabarmen aldatzen da. Asko espekulatzen da haiekin, eta inbertitutakoa galtzeko arriskua handia da.
  • Zirkulazioa mugatua da. Egia da kriptomonetetan egindako inbertsioa nabarmen handitu dela, baina oraindik ere oso mugatua da dibisa tradizionalekin alderatuta.
  • Likidezia ez da ziurra. Merkatuaren aldakortasun-maila handia dela eta, zaila izan daiteke kriptomoneta legezko txanpon bihurtzea.
  • Bermea eztabaidagarria da. Ez dago horiek babesten dituen estaturik, El Salvador eta Afrika Erdiko Errepublika izan ezik, eta horietako asko ez daude aktibo fisikoek babestuta.
  • Ez daude araututa. Ez dago horri buruzko araudirik, eta banku-araudiak ez ditu kriptomonetak jasotzen; beraz, babesgabetasun juridikoa oso handia da.
  • Zaila da kontsumitzaileen eskubideak bermatzea. Espainian inongo erakunde ikuskatzailek ez du erregistratu, baimendu edo egiaztatu ezein jaulkipenik.
  • Arazoek konponketa zaila dute. Mugaz gaindiko izaera dutenez eta inplikatutako eragileak herrialde askotan daudenez, arazoak konpontzea zailagoa da.
  • Anonimoak dira. Anonimotasuna handiagoa da banku-sistema tradizionalean baino, eta horrek legez kanpoko jardueretarako babesleku bihur ditzake.
  • Deszentralizatuak dira, eta horrek esan nahi du ez daudela erakunde eta organismo zehatzen mende. Ezaugarri horrek demokratizazio-elementu bihurtzen ditu, eta, aldi berean, desarautzea sustatzen du.

Nola funtzionatzen dute?

Kriptomonetek truke-sistema deszentralizatu gisa funtzionatzen dute, eta horrek ohiko moneten bitartekotza-beharra desagerrarazten du. Hau da, ordainketa edo transferentzia tradizional batean banku edo ordainketa-hornitzaile batek edo bik esku hartzen dute (ordaintzen duen aldea eta jasotzen duen aldea); kriptomoneten sistemarekin, ordea, bitartekariak desagertzen dira, eta transakzioak pertsonatik pertsonara egiten dira.

Orduan, nola bermatzen edo ziurtatzen da transakzioa? Segurtasuna kriptografiak eta milaka pertsonaren bermeak ematen dute; milaka ordenagailutan baieztatzen eta zigilatzen dute transakzioa. Azken horri blockchain teknologia esaten zaio.

Hori horrela, egia da pertsonen arteko trukearen alderdi teknikoan ez dagoela bitartekaririk (hala nola bankurik), baina kriptomoneten kontserbazioan badaude, bai konpainia independenteak, bai bankuak.

Arriskuak

Kriptomoneten aldakortasuna eta aritzen diren merkatuaren espekulazio handia dira kontuan hartu beharreko arriskuak. Inbertitzen duenak diru asko irabaz dezake, baina baita oso azkar galdu ere inbertitutako diru guztia.

Erregulaziorik ezak babesgabetasuna dakar. Banku-legeriak ez ditu kriptomonetak dituzten pertsonak babesten, eta txanpon birtualen jaulkitzaileek ez dute zertan ezagunak izan. Eragiketak bitarteko baten bidez egiten badira eta horrek porrot egiten badu edo desagertzen bada, Estatuak ez du inolako babesik ematen. Ez da gauza bera gertatzen bitartekoa banku bat bada; kasu horretan, eragiketak bermatu behar ditu legeak ezarritako aktibo kopuru batekin, eta, gainera, Estatuak banku tradizionalaren erabiltzaileak ere babesten ditu.

Kriptomoneta-motak

Kriptomonetaren babesaren arabera, bi mota bereiz ditzakegu:

Kriptomoneta babesdunak edo stablecoin deritzenak

Aktiboek eta egonkortze-mekanismo automatikoek babesten dituzte. Hori dela eta, jaulkitzaileek eta jabetzan dituztenek eskariaren gorabeheretara egokitu behar dute eskaintza, eta, batzuetan, lehen jaulkitzaileak esku hartu behar du. Jaulkitzen dituzten enpresa handiak, kriptoaktiboak edo aktibo fisikoak dituzten finantza-erakundeak izan daitezke babesleak. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea babes horrek ez duela arriskua murrizten.

Babesik gabeko kriptomonetak (Bitcoina, adibidez)

Haien babesa adostasun orokor batean datza, eta ez dago aktibo ukigarririk haien balioaren atzean, eta horrek aldakorrago bihurtzen ditu.

Bi kriptomoneta-mota horien adostutako merkatu-balioa hazi egin da, baina modu desberdinean. Stablecoin-en balioak gora egin du, kopuruan ere gora egin dutelako; babesik gabeko kriptomoneten kasuan, haietako askoren (Bitcoinak, adibidez) balio unitarioak gora egin du, baina zirkulazioan unitate-kopuru bera dago.

Kriptoaktiboen erregulazioa

2023ko maiatzaren 31n Europar Batasunak Markets in Crypto Assets (MICA) onartu zuen, kriptoaktiboak eta kriptomonetak arautzeko.

2022an, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (BMBN; gaztelaniaz, CNMV) urtarrilaren 10eko 1/2022 zirkularra argitaratu zen BOEn, inbertsio gisa aurkeztutako kriptoaktiboen gaineko publizitateari buruzkoa. Baina zirkular hori ez da produktu, jaulkitzaile eta bitarteko erakundeei buruzkoa, publizitatea baitu ardatz.

Bestalde, uztailaren 9ko 11/2021 Legeak (iruzur fiskalaren kontrako prebentzio- eta borroka-neurriena) betebehar batzuk ezartzen dizkie kriptoaktiboak edo kriptomonetak dituzten pertsonei.

Foru-aldundiek kriptomonetei eta horiek PFEZarekin edo ondare-zergarekin duten harremanari buruzko neurriak hartu dituzte. 2022ko maiatzaren 17an, Bizkaiko Foru Aldundiak kriptomonetak eta kriptoaktiboak dituela deklaratzera behartu zuen, ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako. Gainera, kriptomonetak edo kriptoaktiboak salerosteagatik sortutako irabaziak edo galerak ondare-irabazi gisa aitortu beharko dira PFEZaren ondorioetarako. Erabaki horiek Gipuzkoako eta Arabako foru-ogasunekin ere adostu dira.

Beste kontzeptu garrantzitsu batzuk

Blockchain

Euskaraz, bloke-kate esaten zaio, eta, agian, argigarriagoa da ulertzeko zer den. Kontu-liburu itzela da, elkarri lotutako informazio-blokeez osatua, haien segurtasuna bermatzeko enkriptatuta eta deszentralizatuta; hau da, ez daude leku bakar batean, milaka ordenagailutan baizik. Azken batean, datu-base deszentralizatu eta segurua da.

Funtsezko ezaugarrietako bat da zenbait erabiltzailek (nodo esaten zaie erabiltzaile horiei) transakzioa egiaztatzen dutela, hau da, prozesu informatiko automatikoa da. Erabiltzaile batek baino gehiagok egiaztatutako transakzioak bloke batean sartzen dira, zeinetan milaka edo milioika biltzen diren. Bloke hori zigilatu ondoren, bloke-katean integratzen da.

Informazio gehiago lor dezakezu esteka honetan eta beste honetan.

Kontzeptu horri lotuta, DLTak edo Datu-base Banatuak ditugu. Blockhain edo bloke-kateen aldean, DLTek ez dute nahitaez bloketan kodetuta egon behar.

Meatzaritza

Blokeak baliozkotzen edo zigilatzen "meatzariek" hartzen dute parte. Pertsona horiek ordenagailuak erabiltzen dituzte (berez,, ordenagailuen "etxaldeak" dira) transakzioak eragiketa matematikoen bidez baliozkotzeko. Meatzari-lanak egiten dituzten pertsonek transakzioen abisuak jasotzen dituzte, eta bloke batean taldekatzen dituzte. Eragiketa nahikoak dituztenean, zigilatzen saiatzen dira, eta eragiketa matematikoa ebaztean lortzen da. Ebazten badute, datu-blokea katean integratzen da eta haren segurtasuna handiagoa da.

Zigilatze-lan hori beste pertsona batzuekin lehian egiten da; izan ere, ebazten duen lehena konpentsatu egiten du jarduten ari den komunitate birtualak.

Blokeak zigilatzea gero eta konplexuagoa da, eta, beraz, gero eta ordenagailu indartsuagoak eta gehiago erabili behar dira. Horren ondorioz, elektrizitate-fluxu handia eskatzen da. Energia-kontsumoaren arazoa eta blockchain teknologia banaezinak dira.

Token

William Mougayar bloke-kateetan aditu eta inbertitzailearen arabera, tokena zera da: «erakunde batek bere negozio-eredua gobernatzeko eta erabiltzaileei beren produktuekin elkar eragiteko ahalmen handiagoa emateko sortzen duen balio-unitatea, eta, aldi berean, etekinak akziodun guztien artean banatzea errazten du». Hobeto ulertzeko, esan daiteke tokena kasinoetako fitxa baten edo auto txokeetako fitxa baten antzekoa dela.

Tokenak txanponak izan daitezke (bitcoina, adibidez), baina beste erabilera batzuk ere izan ditzakete, hala nola eskubide bat emateko, lan bat ordaintzeko, pizgarri bat eta abar. Sortzen dituen erakundeak erabakitzen du nola erabili eta funtzionalitatea.

Tokenetan inbertitzea bideragarria da eta onurak eman ditzake, baina arriskutsua da. Tokenak ez dira finantza-metrika tradizionaletan oinarritzen (PER, Ebidta, diru-sarrera garbiak, mozkinak...), promesetan baizik.

Token-motak:

Currency token: kriptomonetak esaten diegu. Bitcoina (letra larriz) sarea adierazteko erabiltzen da, eta bitcoina (letra xehez) kriptomoneta da.

Utility token: zerbitzu edo produktu jakin batzuk eskuratzeko erabiltzen diren tokenak dira, eta ez daude inbertsio gisa diseinatuta.

Community token: Kripto-komunitateetan soilik erabili ohi da. Oro har, onura, deskontu, hobariak eta abarretarako aukera ematen du.

Security token: finantza-irabazia lortzeko diseinatutako tresnak dira, eta arautuago daude. Inbertsio-kontratu gisa funtzionatzen dute, eta aktibo digital baten zati baten jabetza-berme gisa erabiltzen da gaur egun, baita akzio gisa ere.

Asset token: mundu errealeko objektuak ordezteko eta objektu horien merkaturatzea errazteko pentsatuta daude, alde batetik bestera mugitu beharrik gabe. Mundu fisikoko produktu merkaturagarrien artean, urrea-, jabetzak, automobilak, jostailuak edo liburuak saltzeko zein erosteko erabil daitezke.

NFT

NFT edo token ez-suntsikorrak aktibo digital bakarrak dira, eta ezin dira elkarren artean aldatu, ez baitaude bi berdin. Digitalki adieraz daitekeen guztiak NFT bihurtzeko ahalmena du: txio edo meme bat izan daiteke, edo arte-lan digitalizatu ba.

NFTeen bidez, edozein artxibo birtual bilaka daiteke erabilerarekin kontsumitzen ez den bojektu bakar eta esklusibo, benetakotasun-ziurtagiria esleituta;, horrek bermatzen du tokea duen pertsona dela pieza horren jabe bakarra.

NFT edo token ez-suntsikorrak, adibidez, arte digitaleko merkatuetan erabiltzen dira.

Aseguru kontratuetan prima bat ordaintzen zaio aseguru-entitateari, kontratuak estalitako ezbeharren bat gertatzen bada kontsumitzaileak kalte-ordaina jaso dezan jasandako kaltearengatik. Kalte-ordain hori monetarioa, errenta edo prestazio bat izan daiteke.

Espainian, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusia da aseguru-produktuen erakunde gainbegiratzailea, eta honako hauek kontrolatzen ditu:

  • Aseguru-entitateak, izan sozietate anonimoak, izan mutualitateak edo izan gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak.
  • Aseguru-bitartekariak.
  • Pentsio-funtsak kudeatzen dituzten entitateak.

Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren Erreklamazio Zerbitzuan kontsultak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura ECC/2502/2012 Aginduan arautzen da.

Klausulak izan daitezke:

Klausula zedarritzaileak. Aseguratutako arriskua zehazten dute. Asegurua zertarako den eta kontratuak zein berme estaltzen dituen eta zein ez deskribatzen dute, eta, hala, ezbeharren bat gertatuz gero, aseguru-enpresak zer betebehar dituen zehazten du: kalte-ordainaren ordainketa, konponketa edo hitzartutako prestazioak.

Klausula mugatzaileak. Aseguratutako pertsonak ezbeharra gertatu ondoren kalte-ordaina jasotzeko duen eskubidea mugatzen edo aldatzen dute. Kontratuan bereziki nabarmendu behar dira eta idatziz berariaz onartuta egon behar dute, bai baldintza partikularrak eta orokorrak jasotzen dituen polizan bertan, bai beste dokumentu batean, Aseguru Kontratuaren Legeak xedatutakoari jarraituz.

Klausula-motak: zedarritzaileak eta mugatzaileak. Klausula deusezak

Klausulak izan daitezke:

  • Klausula zedarritzaileak. Aseguratutako arriskua zehazten dute. Asegurua zertarako den eta kontratuak zein berme estaltzen dituen eta zein ez deskribatzen dute, eta, hala, ezbeharren bat gertatuz gero, aseguru-enpresak zer betebehar dituen zehazten du: kalte-ordainaren ordainketa, konponketa edo hitzartutako prestazioak.
  • Klausula mugatzaileak. Aseguratutako pertsonak ezbeharra gertatu ondoren kalte-ordaina jasotzeko duen eskubidea mugatzen edo aldatzen dute. Kontratuan bereziki nabarmendu behar dira eta idatziz berariaz onartuta egon behar dute, bai baldintza partikularrak eta orokorrak jasotzen dituen polizan bertan, bai beste dokumentu batean, Aseguru Kontratuaren Legeak xedatutakoari jarraituz.

Klausula deusezak

Garrantzitsua da azpimarratzea klausula batzuk erabat deusezak direla, eta, beraz, baliogabeak, Auzitegi Gorenaren 2010eko uztailaren 1eko epaiaren arabera. Hauek dira:

  • Kalte-ordainaren ordainketa eskatu ahal izateko, jatorrizko poliza entregatzea eskatzen dutenak, kontsumitzailea babesik gabe geratuko litzatekeelako aseguru-konpainiaren aurrean.
  • Aseguru-kontratuaren funtsezko ezaugarriei buruzko informazioa ezkutatzen dutenak, hala nola arriskuaren mugaketa eta prestazioak. Bizi-aseguruei zein ibilgailu-aseguruei eragiten diete.
  • Lehenbiziko urteetan bizi-asegurua erreskatatzeagatik zigor neurrigabeak ezartzen dituztenak, hain neurriz kanpokoak, ezen hasierako kapitalaren galera partziala ere ekar baitezake.
  • Defentsa juridikoko aseguruetan, aseguru-enpresa kontsumitzailearen defentsa-gastuak ordaintzetik salbuesten dutenak, baldin eta kontsumitzaileak epaiketa irabazten badu, eta kostuak ordaintzera kondenatzen badu. Bestela, kontsumitzaileak gastu guztiak aurreratu beharko lituzke, eta aseguru-etxeak ez luke ezer ordaindu beharko.
  • Aseguruak bere gain hartutako arriskua gertatuz gero, konpainiari kontratua bertan behera uzteko eskubidea ematen diotenak.

Primak garestitzea

Prima da kontratuaren funtsezko elementua, Aseguru Kontratuari buruzko urriaren 8ko 50/1980 Legearen arabera. Edozein aldaketa da kontratu-aldaketa, eta, beraz, aseguru-etxea eta kontsumitzailea ados badaude bakarrik izango da baliozkoa.

Aseguru-kontratua eta kontratu horren aldaketak idatziz formalizatu beharko dira.

Kontratu askok prima garestitzea aurreikusten dute; zifra zehatza ez bada, bai, ordea, zenbat garestituko den kalkulatzeko sistema automatikoa. Halakoetan, prima garestituz gero, kontratua bera gauzatzen ari da, eta, beraz, kontsumitzaileak ez du onartu behar, kontratua sinatu zuenean onartu baitzuen.

Baina badira kontratuan aurreikusita ez dauden primaren garestitzeak ere, eta kontsumitzaileak onartu egin behar ditu, gauzatu ahal izateko.

Erakundeak ezin izango du inola ere aseguru-kontratua deuseztatu kontsumitzaileak uko egiten badio kontratuan aurreikusita ez zegoen prima-garestitzeari.

Estaldura-aldi berrirako garestitu nahi bada prima, aseguru-entitateak kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago jakinarazi behar dio prima zenbat garestituko den.

  • Kontsumitzaileak prima garestitzea onartzen ez badu, erakundeak uko egin diezaioke kontratua hurrengo estaldura-aldirako luzatzeari.
  • Bi hilabeteko epea errespetatzen ez bada, erakundeak ezingo du igoera aplikatu, eta, beraz, aurreko aldiko prima errespetatu beharko du.

Aseguratutako objektua desagertzea edo kontratua azkentzea estaldura-aldia amaitu baino lehen. Estornua

Aseguratutako objektua desagertzen bada edo kontratua ezereztu egiten bada estaldura-aldia amaitu baino lehen, kontsumitzaileak eskubidea du prima gisa ordaindutakoaren zati bat berreskuratzeko.

Horri estornu deritzo, eta hainbat kontratu-motatan aplika daiteke. Adibidez, ibilgailuen aseguruetan, ibilgailuari baja ematen zaionean; edo kontsumorako mailegu batean, kapitalaren zati bat amortizatuta dagoenean. Hala ere, estornua ezin da beti aplikatu, eta kontratuan agertzen denaren araberakoa da.

Garrantzitsua da azpimarratzea aseguru-entitate batzuek kontrako zentzuan jarduten dutela: beren polizetan klausula bat txertatzen dute, adierazteko estaldura-aldian objektu aseguratua desagertzen edo eskualdatzen bada, kontsumitu gabeko primari aldi batez eutsi behar zaiola, asegurudunak zenbateko hori aplika dezan beste objektu bat aseguratzeko. Klausula horrek ez du esan nahi asegurudunaren eskubideak abusuz edo modu mugatzailean erabili direnik.

Nahitaezkoa al da aseguru bat kontratatzea mailegu bat sinatzean?

Aseguru bat kontratatzeak maileguak ematea errazten du eta, askotan, finantza-produktuen baldintzak hobetzen ditu. Hala ere, ez da nahitaezkoa.

Hipoteka bat formalizatzean soilik da nahitaezkoa sute-aseguru bat edo etxeko arrisku anitzeko aseguru bat kontratatzea.

Nola erreklamatu

Erreklamazioa egin nahi baduzu:

  • Lehenik eta behin, erreklamazioa aurkeztu behar diozu erakundeari, bezeroaren arretarako zerbitzu edo bezeroaren defendatzaile deritzen zerbitzuetan. Izapide hori ezinbestekoa da, eta ziurtatu behar duzu aipatutako sail horietako batera zuzentzen zarela, horiek baitira zure erreklamazioa bideratuko duten bakarrak. Zure idatziaren goiburuan sail horretarako dela adieraztea gomendatzen dizugu.
  • Hilabeteko epean erantzuten ez badizute edo erantzuna egokia ez bada, erreklamazioa Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusian aurkez dezakezu. Prozedura ECC/2502/2012 Aginduan dago araututa.
    • Telematikoki (aipatutako webgunean) edo paperean egin ahal izango duzu, eta idazkia Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiko Erreklamazio Zerbitzura bidali (Paseo de la Castellana, 44 -28046, Madril).
    • Horretarako propio prestatuko inprimakiak erabili beharko dituzu, eta zure identifikazio- eta kontaktu-datuak eman beharko dituzu, baita erreklamatzen duzun aseguru-entitatearen datuak, zure kexaren arrazoia, gertakarien kontaketa eta horren euskarri den dokumentazioa ere. Gainera, eta oso garrantzitsua da, aseguru-etxean aldez aurretik egindako erreklamazioaren egiaztagiria erantsi beharko duzu.

Gomendioak

  • Aztertu xehetasunez aseguru-etxearen publizitatea.
  • Baldintzak idatziz eskatu erabaki bat hartu eta kontratua sinatu aurretik.
  • Ez sinatu ulertzen ez duzun ezer.
  • Eskatu zalantzak finantza-erakundean bertan argitzeko, edo kanpoko aholkularitzara jo argi ikusten ez baduzu.
  • Gorde beti kontratuen kopiak.
  • Argi eduki zein diren kontratuen klausula guztiak.
  • Salatu abusuzkotzat jotzen dituzun klausulak.

Aseguruak (2023)

Deskargatu informazio-orria (pdf, 159 kB)

  • 50/1980 Legea, urriaren 8koa, Aseguru Kontratuari buruzkoa.
  • 3/2020 Errege Lege Dekretua, otsailaren 4koa, presako neurriena eta zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen baitira Europar Batasunaren hainbat zuzentarau honako eremu hauetan: sektore jakin batzuetako kontratazio publikoa, aseguru pribatuak, pentsio-planak eta -funtsak, tributuen eremua eta auzi fiskalak.
  • 41/2007 Legea, abenduaren 7koa, Hipoteken merkatua erregulatzen duen martxoaren 25eko 2/1981 Legea eta hipoteka- eta finantza-sistemaren beste arau batzuk aldatu, alderantzizko hipotekak eta mendekotasun-asegurua arautu eta zerga-arau jakin batzuk ezartzen dituena.
  • ECC/2502/2012 Agindua, azaroaren 16koa, Espainiako Bankuaren, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren erreklamazio-zerbitzuetan erreklamazioak aurkezteko prozedura arautzen duena.