Informazio interesgarria:

Garraioa eta turismoa

Atal honetan, kontsumoari buruz jakin behar duzun guztia aurkituko duzu gaika multzokatuta eta adibideekin, kasu errealekin eta abarrekin.

Garraioa eta turismoa

Garraioa eta turismoa

Kontsumitzaile zaren aldetik, Europar Batasuneko araudiak ezarritako eskubideak dituzu hegazkinez bidaiatzean. Noiz daude indarrean eskubide horiek? Hona hemen gako batzuk

  • Hegaldia Europar Batasunaren barruan egiten bada, enpresa zer nazionalitatetakoa den gorabehera
  • Hegaldia Europar Batasunera iristen bada Europar Batasunetik kanpotik eta Europar Batasuneko hegazkin-konpainia batek operatzen badu
  • Hegaldia Europar Batasunetik joaten bada Europar Batasunetik kanpoko herrialde batera, hegazkin-konpainia Europar Batasunekoa izan zein kanpokoa izan.
  • Konpainiak ezin izango dizu inoiz gehiago kobratu zure nazionalitateagatik edo txartela erosi duzun lekuagatik
  • Hegazkin-txartel bat erostean, zenbait eskubide dituzu hegaldia ezereztuz gero, atzeratzen bada edo gainsaltzen bada (overbooking).
EUROPAR BATASUNEKO ARAUDIA
  • 261/2004 (EE) Erregelamendua Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko otsailaren 11koa, konpentsazio arauak zehazten dituena ontziratze-ukapen, atzerapen handi eta hegaldiak bertan behera uzten diren kasuetarako, eta 295/1991 (EEE) Erregelamendua baliogabetzen duena.
  • Montrealen 1999ko maiatzaren 28an egin zen Nazioarteko Aireko Garraiorako zenbait arau bateratzekoHitzarmena berresteko agiria.
  • 1/2011 Legea, martxoaren 4koa , Abiazio Zibilerako Operazio Segurtasunerako Estatuko Programa ezartzen duena eta Aire Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003 Legea aldatzen duena.
  • Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Epaia (Bederatzigarren Sala), 2019ko uztailaren 11koa«Prozedura prejudiziala — Konpentsazio-eskubidea — Zuzeneko lotura duen hegaldia — Aireko garraiolari desberdinek operatutako bi hegaldik osatutako hegaldia — Atzerapen handia bigarren hegaldian, zeinak Europar Batasunetik kanpo baititu irteera- eta helmuga-puntuak eta egoitza hirugarren herrialde batean duen garraiolari batek operatzen baitu»
  • Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Epaia (Zortzigarren Sala), 2018ko maiatzaren 31koa «Prozedura prejudiziala — “Zuzeneko lotura duen hegaldia” kontzeptua — Estatu kide bateko aireportu batetik abiatzen den, hirugarren estatu bateko lurraldeko aireportu batean konexioa duen eta azken helmuga hirugarren estatu horretako beste aireportu bat duena»

Hegaldia ezereztuz gero dituzun eskubideak

Informazioa jasotzeko eskubidea

Hegazkin-konpainiak zure eskubideen berri eman behar dizu idatziz

Dirua itzultzeko edo ordezko garraiobide bat izateko eskubidea

Hegaldia ezereztuz gero, hegazkin-konpainiak aukera hauetako bat eskaini behar dizu

  • Dirua itzultzea: hegazkin-konpainiak txartelaren kostu osoa itzuli beharko dizu zazpi eguneko epean. Ezerezteak dagoeneko eginda dauden beste hegaldi batzuei eragiten badie, hegaldi horien gastuak ere itzuli beharko dizkizute. Gainera, abiapuntura lehenbailehen itzultzeko hegaldi baterako eskubidea izango duzu
  • Ordezko garraioa: hegazkin-konpainiak ordezko aukera bat eskaini beharko dizu zure azken helmugara iristeko, ahalik eta azkarren edo komeni zaizun beste data batean.

Arreta jasotzeko eskubidea

Zure hegaldia ezereztu bada, honako hauek eskaini behar dizkizu doan aire-lineak:

  • Behar adina janari eta freskagarri ordezko garraiorako itxaron behar den denboraren arabera.
  • Hotel batean ostatu hartzea eta hotelaren eta aireportuaren arteko garraioa aurreikusitako irteera-ordua hurrengo egunekoa bada

Konpentsazioa jasotzeko eskubidea

Ezereztuz gero konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango duzu, honako zenbateko hauekin:

  • 250 euro, 1.500 km-ra arteko hegaldietan..
  • 400 euro, Europar Batasunaren barruko 1.500 km-tik gorako hegaldietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko hegaldietan.
  • 600 euro, Europar Batasunetik kanpoko 3.500 km-tik gorako hegaldietan.

Ez duzu konpentsaziorako eskubiderik izango kasu hauetan:

  • Konpainiak gutxienez bi aste lehenago jakinarazten badu hegaldia ezereztu dela.
  • Bi aste eta zazpi egun bitarteko aurrerapenaz abisatzen badizu, eta ordezko garraio bat eskaintzen badizu, gehienez ere bi orduko lehenago aterako dena eta azken helmugara gehienez ere lau ordu beranduago iritsiko dena
  • Zazpi egun baino gutxiagoko aurrerapenaz informatzen bazaitu, baina beste hegaldi bat eskaintzen badizu, gehienez ere ordubete lehenago aterako dena eta azken helmugara gehienez ere bi ordu beranduago iritsiko dena.
  • Airelineak ez dizu konpentsaziorik eman behar baldin eta froga badezake saihestu ezin izan dituen aparteko inguruabarren ondorio dela ezereztea. Horretaz gain, konpentsazioa gehienez % 50 murriztu daiteke, baldin eta ordezko garraio batean azken helmugara bidaiatzea eskaintzen badizute, eta horren aldea ez bada honako hau baino handiagoa:
    • Bi ordu, 1.500 km-ra arteko hegaldietan
    • Hiru ordu, EB barruko 1.500 km-tik gorako hegaldietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko hegaldietan.
    • Lau ordu, gainerako hegaldi guztietan.

Hegaldia atzeratuz gero dituzun eskubideak

Informazioa jasotzeko eskubidea

Hegaldiaren atzerapena bi ordutik gorakoa bada, hegazkin-konpainiak zure eskubideen berri eman behar dizu idatziz.

Arreta jasotzeko eskubidea

Atzerapenaren iraupenaren araberakoa da eskubidea:

  • Bi ordu edo gehiago, 1.500 km-tik beherako hegaldietan
  • Hiru ordu edo gehiago, Europar Batasunaren barruko 1.500 km-tik gorako hegaldietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko gainerako hegaldietan.
  • Lau ordu edo gehiago, gainerako hegaldien kasuan.

Honako hauek eskaini behar dizkizu doan hegazkin-konpainiak:

  • Behar adina janari eta freskagarri, jarri behar dizuten ordezko garraiorako itxaron behar den denboraren arabera
  • Hotel batean ostatu hartzea eta hotel horren eta aireportuaren arteko garraioa, aurreikusitako irteera-ordua iragarritakoaren hurrengo egunean edo geroago bada.
  • Bi telefono-dei egitea edo bi mezu elektroniko bidaltzea

Dirua itzultzeko eskubidea

Hegaldiaren atzerapena bost ordutik gorakoa bada, txartelaren prezioa itzul diezazuten eskubidea izango duzu. Konpainiak zazpi egunetan itzuli behar dizu dirua, txartelaren zenbateko osoa barne. Atzerapenak dagoeneko eginda dauden beste hegaldi batzuei eragiten badie, hegaldi horien gastuak ere itzuli beharko dizkizute. Kasu horretan, abiapuntura lehenbailehen itzultzeko hegaldi baterako eskubidea izango duzu.

Konpentsazioa jasotzeko eskubidea

Hegaldiaren atzerapena hiru ordukoa edo gehiagokoa bada, konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango duzu, honako zenbateko hauekin::

  • 250 euro, 1.500 km-ra arteko hegaldietan.
  • 400 euro, Europar Batasunaren barruko 1.500 km-tik gorako hegaldietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko hegaldietan.
  • 600 euro, Europar Batasunetik kanpoko 3.500 km-tik gorako hegaldietan.

Atzerapena aparteko gorabeherek eragin badute, ez duzu konpentsaziorako eskubiderik izango. Europar Batasunean hegaldi bat kontratatu baduzu aplikatzen da eskubide hori, baita helmuga Europar Batasunetik kanpoko aireportu bat bada eta Europar Batasunekoak ez den herrialderen batean eskalak egin behar badira ere.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaien arabera, konpentsaziorako eskubideari ez zaio eragiten, ezta beste airelinea batzuek hegaldiaren zati batzuk operatzen badituzte ere, baldin eta airelineak Europar Batasunean jarduten badu eta kontratazioa bakarra bada, kasu horretan bidaia bakartzat jotzen baita nahiz eta operadore batek baino gehiagok operatzen badu.

Gainsalmenta (overbookinga) eginez gero dituzun eskubideak

Kasu honetan gertatzen da gainsalmenta: hegaldirako dauden eserleku baino txartel gehiago saltzen baditu hegazkin-konpainiak. Jardunbide hori legezkoa da, eta oinarritzen da bidaiari batzuk aireportuan azalduko ez direlako kalkuluan.

Konpainiak aurreikusten badu gainsalmenta egin duela, lehenik eta behin boluntarioak eskatu behar ditu, beren erreserbari uko egin diezaioten zenbait onuraren truke. Boluntario-kopurua nahikoa ez bada, konpainiak ontziratzea uka diezazuke zure borondatearen aurka.

Informazioa jasotzeko eskubidea

Hegazkin-konpainiak kontsumitzaile zaren aldetik dituzun eskubideen berri eman behar dizu idatziz.

Dirua itzultzeko edo ordezko garraiobide bat izateko eskubidea

Hegazkin-konpainiak honako aukera hauek eskaini behar dizkizu gainsalmenta gertatuz gero:

  • Dirua itzultzea: txartela itzultzeko eskubidea duzu atzerapena 5 ordutik gorakoa bada. Dirua zazpi egunetan itzuli behar dizute, eta txartelaren zenbateko osoa sartu. Atzerapenak dagoeneko eginda dauden beste hegaldi batzuei eragiten badie, hegaldi horien gastuak ere itzuli beharko dizkizute. Kasu horretan, abiapuntura lehenbailehen itzultzeko hegaldi baterako eskubidea izango duzu.
  • Ordezko garraioa: airelineak aukera bat eman behar dizu zure azken helmugara ahalik eta azkarren iristeko edo komeni zaizun data batean iristeko.

Arreta jasotzeko eskubidea

Honako hauek eskaini behar dizkizu doan hegazkin-konpainiak:

  • Behar adina janari eta freskagarri, eskainitako ordezko garraiorako itxaron behar den denboraren arabera.
  • Hotel batean ostatu hartzea eta hotel horren eta aireportuaren arteko garraioa.
  • Bi telefono-dei egitea edo bi mezu elektroniko bidaltzea.

Konpentsazioa jasotzeko eskubidea

Berehalako konpentsazioak jasotzeko eskubidea duzu, honako zenbateko hauen arabera:

  • 250 euro, 1.500 km-ra arteko hegaldietan.
  • 400 euro, Europar Batasunaren barruko 1.500 km-tik gorako hegaldietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko hegaldietan.
  • 600 euro, Europar Batasunetik kanpoko 3.500 km-tik gorako hegaldietan.
  • Konpentsazio horiek % 50 murriztu daitezke baldin eta ordezko garraio bat eskaintzen badizute eta horren iritsiera-orduaren eta hasieran erreserbatutako hegaldiarenaren arteko aldea ez bada honako hau baino handiagoa:
    • Gehienez ere bi ordukoa, 1.500 km edo gutxiagoko hegaldietan.
    • Hiru ordukoa, gehienez, Europar Batasunaren barruko 1.500 km-tik gorako hegaldietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko EBtik kanpoko hegaldietan.
    • Gehienez lau ordukoa, gainerako hegaldi guztietarako.

Hegazkineratzeari borondatez uko eginez gero dituzun eskubideak

Hegazkineratzeari uko egitean hegazkin-konpainiarekin adosten dituzun onurez gain, dirua itzultzeko edo ordezko garraio bat izateko eskubidea mantentzen duzu.

Fakturatutako ekipajea galtzea edo hondatzea

Ekipajearekin arazoren bat izanez gero, bete ekipajearen irregulartasun-partea berehala, hegazkin-konpainiaren mahaian, ahal dela aireportuan bertan

Berehala egitea ezinezkoa denetan, kontuan izan honako epe hau duzula parte hori aurkezteko

  • Hondatu bada: 7 egun.
  • Galdu bada edo entregan atzeratu badira: 21 egun.

Nola erreklamatu

Hegazkin-txartela

Hegaldiarekin eragozpenik izanez gero, jarraitu honako urrats hauei erreklamazio bat aurkezteko:

  • Ahal izanez gero, bete erreklamazio-orria aireportutik irten aurretik.
  • Bestela, erreklamazioa aurkeztu idatziz, hegazkin-konpainiaren bezeroaren arretarako departamentuaren bitartez..
  • Erreklamazioarekin batera aurkeztu tiketen edo fakturen kopiak, eta ziurtatu jatorrizko dokumentuak gordetzen dituzula beti.
  • Erantzunik jasotzen ez baduzu edo erantzunak ez bazaitu asetzen, erreklamazioa aurkeztu dezakezu Aire Segurtasuneko Estatu Agentzian (AESA)..Prozesu hori abiapuntua Espainian duten hegaldiei eta abiapuntua hirugarren herrialde batean duten eta helmuga Espainian duten hegaldiei aplikatzen zaie, betiere konpainia Europar Batasunekoa bada.

Bidaia konbinatua edo opor-paketea

Bidaia konbinatu batek elementu hauetako bi ditu gutxienez: garraioa, ostatua eta garraioaren edo ostatuaren osagarri ez diren eta bidaiaren zati garrantzitsu bat diren beste turismo-zerbitzu batzuk (ikuskizunak, txangoak, ibilgailu-alokairua, etab.).

Kasu horietan, jarraitu honako urrats hauei erreklamazio bat aurkezteko:

  • Hasiera batean, erreklamazioa aurkeztu bidaia kontratatu duzun bidaia-agentzian edo turismo-operadorean. Bete erreklamazio-orria.
  • Erantzunik jaso ezean edo erantzunak ez bazaitu asetzen, jo ezazu Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzara..

Lurreko garraioa erabiltzen duzunean, bidaiarien nahitaezko asegurua. da funtsezko eskubideetako bat. Aseguru horrek garraio publikoa erabiltzean gerta dakizukeen edozein gorabeherari erantzuten dio, eta helburu du garraio kolektiboetan egiten dituzun joan-etorrietan gorputzean izan ditzakezun kalteak konpentsatzea.

Autobusean

Autobus-enpresak txartela eman behar dizu, eta zuk bidaia amaitu arte gorde behar duzu. Txartelean xehetasun hauek agertu behar dira:

  • Bidaiaren abiapuntua eta helmuga
  • Txartelaren jaulkipen-data
  • Txartelaren prezioa, BEZa barne
  • Zerbitzuaren eguna

Ekipajea

30 kilorainoko ekipajea eraman dezakezu dohainik eskuko ekipajean edo autobuseko sotoan. Ez da beharrezkoa fakturatzea, eta, ekipajea galdu edo hondatuz gero, enpresak kilo bakoitzeko aurrez ezarritako zenbatekoa eman behar dizu, 14,50 euro gehienez ere. Animaliaren bat eraman nahi baduzu, kontsultatu konpainiaren baldintzak.

Atzerapenak eta ezerezteak

Autobus-konpainiak bete beharra dauka ibilbiderako ezarritako denborak. Ez-betetzeren bat gertatuz gero, erreklamatzeko eskubidea duzu, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Honako kasu hauek gerta daitezke:

  • Atzerapena ezinbesteko kasua bada eta jada zerbitzua egin nahi ez baduzu, enpresak txartelaren zenbatekoa itzuli beharko dizu, besterik ez
  • Atzerapena edo ezereztea beste arrazoi batzuengatikbada, kalte-galerengatiko erreklamazioa egin dezakezu. Dena den, zure erantzukizuna da kaltea eta haren ondorio ekonomikoak frogatzea.

Eskola-garraioa

Eskola-autobusek berariazko baimena izan behar dute jarduteko. Adingabeek eserleku banatan eseri behar dute, eta heldu bat izan behar dute lagun, gidariaz gain

Tren

Bidaia-txartela

Aldiriko zerbitzuetan informazioa zerbitzua ematen duen enpresaren izenera eta garraioaren preziora mugatu daiteke. Gainerako kasuetan, informazio hau izan behar du txartelak:

  • Garraioa egiten duen tren-enpresaren izena
  • Bidaiaren abiapuntua, helmuga eta irteera- eta iriste-ordutegiak.
  • Bagoiaren zenbakia eta esleitutako eserlekua.
  • Garraioaren prezioa, tasak barne.
  • Aseguruei buruzko xehetasunak.

Ekipajea

Enpresaren erantzukizuna 14,50 eurokoa izango da galdutako edo kaltetutako kilogramo bakoitzeko, gehienez 600 euro pertsonako (zenbateko hori urtero aldatzen da KPIaren arabera).

Atzerapenak eta ezerezteak

Bidaia atzeratzen bada, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duzu, atzerapen-denboraren arabera. Kalte-ordaina bidaiaren prezio osoaren arabera kalkulatuko da:

  • Ordubete baino gehiagoko atzerapenez iristea aurreikusten bada, eta bidaia konbinatu bat zailtzen badu, eskubide hauek dituzu:
    • Bidaian egin ez den zatia itzultzea (30 eguneko epearen barruan), bai eta atzerapenaren ondorioz jada zentzurik ez duena ere.
    • Abiapuntura lehenbailehen eramatea.
    • Bidaiarekin lehenbailehen jarraitzea, komeni zaizun egunean.
  • 60 eta 119 minutu arteko atzerapenaizanez gero, txartelaren prezioaren % 25eko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duzu.
  • Bi ordutik gorakoa badaatzerapena, kalte-ordaina % 50ekoa izango da, baita bidaia amaitu ondoren ere, betiere ez baduzu dirua itzultzea aukeratu.

2. eta 3. puntuetan sartu ahal izango zara, nahiz eta bidaia amaituta izan, betiere 1. puntua baliatu ez baduzu.

Bidaia etetea

Trenak bidaia eteten badu, enpresak lehenbailehen eman behar dizu plaza bat beste tren batean edo antzeko beste garraiobide batean.

Si te avisan de la cancelación:

  • Irten baino 48 ordu lehenago. Bi aukera dituzu: treneko edo antzeko ezaugarriak dituen beste garraiobide bateko ordezko garraio bat, edo ordaindutako prezioa itzultzea.
  • Bidaia baino 4 ordu lehenago. Ordaindutako zenbatekoa halako bi itzul diezazuten eskubidea duzu.

Taxia

Ibilgailuak

Taxia udal-legeek araututako zerbitzu publiko bat da.

Ekipajea

  • Taxiaren edukieraren eta bertan dagoen pertsona-kopuruaren araberako ekipajea eramateko eskubidea duzu.
  • Ekipajea gehienez ere 50 kilokoa izango da lau plaza arteko ibilgailuetan, eta 60 kilokoa edukiera handiagokoetan.
  • Maletategian edo gainaldean jartzeko moduko bolumena izan behar du ekipajeak.
  • Plaza guztiak beteta ez badaude, baimendutako pisua 30 kilo handitzen da eserleku huts bakoitzeko.

Bidaiari gisa dituzun eskubideak

  • Jakitea zer tarifa dituen (hirikoak, hiriartekoak eta bereziak) eta taxi-lizentziaren zenbakia zein den.
  • Ordainagiri edo faktura bat jasotzea, ibilbidearen prezioa, abiapuntua eta helmuga eta lizentziaren datuak jasotzen dituena.
  • Zure ustez egokiena den ibilbidea aukeratzea.
  • Zuretzat zein ibilgailuarentzat seguruak diren eremuetan igotzea eta jaistea.
  • Atzerakoak behar bezala jasotzea.
  • Erreklamazioak aurkeztea, behar duzunetan.
  • Leihatilak ireki edo ixtea, aire girotua pizteko edo itzaltzeko eskatzea eta irratiaren bolumenean edo beste soinu-gailu batzuetan doikuntzak eskatzea.
  • Itsu-txakurrak doan garraiatzea.

Bidaiari gisa dituzun betebeharrak

  • Ez igo ibilgailura guztiz geldituta dagoen arte.
  • Ez distraitu gidaria arrazoi justifikaturik gabe.
  • Ez egin ibilgailuaren eta bidaiarien osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeen ekintzarik.
  • Ez erre taxian, debekatuta dago eta.

Gidariaren betebeharrak

  • Eskatutako baimenak eta lizentziak izatea
  • Bide laburrena aukeratzea, beste bat eskatu ez badiozu.
  • Higiene- eta mantentze-baldintzak mantentzea.
  • Segurtasun- eta erosotasun-estandarrak betetzea, eta ibilgailuaren irisgarritasuna ziurtatzea.

Metroa

EAEn, Bizkaian baino ez du jarduten metro-zerbitzuak, Bilboko metropolialdean.

Bidaiari gisa dituzun eskubideak

Metro Bilbao SAren araudiaren arabera, metroaren erabiltzaile zaren aldetik, eskubide hauek dituzu:

  • Baliozko garraio-txartelekin bidaiatzea eta eskuko objektuak eramatea, betiere beste inori trabarik edo arriskurik eragiten ez badiote.
  • Zerbitzua eteten bada, zona guztietarako balio duen doako txartel bat jasotzea, betiere bidaia-kopuru jakin batera mugatutako txartel batekin bidaiatzen baduzu.
  • Arreta egokia jasotzea.
  • Erreklamazio-orriak eskuragarri izatea.
  • Osagarriak (bizikletak, surf-oholak, haur-kotxeak eta -aulkiak, etab.) dohainik garraiatzea, salbu eta Metro Bilbaoko langileek baimena kentzen badute unitatea saturatuta dagoelako edo beste erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko.

Bidaiari gisa dituzun betebeharrak

Metro Bilbao SAk metroaren erabiltzaile gisa duen araudiaren arabera, betebehar hauek dituzu::

  • Tren barruan zein nasan txartel baliodun bat eramatea. 5 urtetik beherakoek, eserlekurik hartzen ez badaude, ez dute txartelik behar.
  • Ez egitea honelakorik Metro Bilbaoko geltoki eta trenetan: erre, edan, jan, entzungailurik gabeko musika-ekipoak erabili, patinatu edo ekintza bandalikoak egin.
  • Baimenik gabe ez hartzea argazkirik edo bideorik, ez bada etxean erabiltzeko, jendaurrean erakutsi gabe. Kasu horretan, Metro Bilbaoko geltokietako langileen ahozko onespena behar da.

Metro Bilbaoren betebeharrak

Metro Bilbaok berriz, betebehar hauek ditu:

  • Garbitasun-, erosotasun-, argiztapen-, higiene-, ordena- eta segurtasun-baldintza egokiak mantentzea.
  • Bidaiariak adeitasunez tratatzea eta laguntza- eta informazio-eskaerei arretaz erantzutea.
  • Mugikortasun urriko pertsonek Metro Bilbaoko igogailu guztiak erabiltzeko erabateko lehentasuna dutela bermatzea.

Ibilgailuen alokairua

Ibilgailuak alokatzean, garrantzitsua da kontratuaren baldintzak berrikustea. Kontratuan honako hauek zehaztu behar dira:

  • Zure datuak.
  • Alokairu-enpresaren datuak.
  • Ibilgailuaren xehetasunak.

Kontrakoa adostu ez bada, zeuk ordaindu beharko dituzu erregaia eta isunak. Autoen alokairu-prezioak aldagarriak dira; horrenbestez, gomendagarria da alderatzea, zure beharretara ondoen egokitzen den aukera hautatzeko

Alokairu-enpresek ibilgailuaren eta alokairu-modalitatearen arabera banakatuta aurkeztu behar dituzte prezioak (eguna, astea, kilometroak, etab.). Iragarritako prezioak zerbitzuaren kostu osoa hartu behar du, zergak eta zerbitzu gehigarriak barne (adibidez, hirugarrenei eragindako kalteen asegurua).

Oro har, ibilgailuak alokatzeko enpresek 21 eta 23 urte arteko gutxieneko adina ezartzen dute zerbitzua erabiltzeko. Gainera, batzuek eska dezakete bezeroak nolabaiteko antzinatasuna izatea gidabaimenarekin.

Ordu gutxi batzuengatik egun oso bat fakturatzeak gorantz biribiltzea eta eman gabeko zerbitzu batengatik kobratzea dakar. Egun osoa kobratzen badizute, erreklamazioa aurkeztu dezakezu, klausula hori abusuzkotzat jotzen baita.

Bidaia konbinatuak

Bidaia konbinatuak honako elementu hauetatik gutxienez bi dituen pakete bat da: garraioa, ostatua eta bestelako zerbitzuak, hala nola ikuskizunak, txangoak edo ibilgailuak alokatzea. Pakete hori prezio global batean saldu behar da, eta zerbitzuaren iraupenak 24 ordutik gorakoa izan behar du, edo egonaldiko gau bat eduki behar du.

Bidaiak saltzen dituzten zenbait enpresa-mota daude:

  • Handizkariak: bidaiak antolatzen dituzte, eta agentziei saltzen dizkiete, horiek gero kontsumitzaileei eskain diezazkieten.
  • Txikizkariak: turismo-zerbitzu independenteak eta handizkariek antolatutako bidaiak merkaturatzen dituzte.
  • Handizkari-txikizkariak: bi jarduerak konbinatzen dituzte.

Online kontratatzean hartu beharreko neurriak

Internet bidezko bidaia konbinatu bat kontratatzen baduzu, zenbait neurri hartu behar dituzu:

  • Egiaztatu webgune segurua dela.
  • Ziurtatu bidaiaren erreserbak ezinbesteko informazioa jasotzen duela, hala nola azken prezioa eta bidaiaren deskribapena (datak, garraioak, ostatuak…).
  • Egiaztatu kontratuak bidaiaren baldintza guztiak jasotzen dituela.
  • Kontuan izan litekeena dela onlineko agentziak, askotan merkeagoak badira ere, malgutasun gutxiagokoak izatea eta ematen dituzten erantzunak ez izatea hain pertsonalizatuak.
  • Gorde beti dokumentu guztiak: publizitatea, kontratuak, fakturak, etab.
  • Komeni da agentzia, behintzat, Europar Batasunekoa izatea.

Kontratu aurreko informazioa eta informazio gehigarria

Kontratua formalizatu aurretik, bidaia-agentziak informazio zehatza eman behar dizu bidaia konbinatuari buruz. Informazio hori gutxienez gaztelaniaz eta, eskatuz gero, euskaraz aurkeztu behar da. Honako alderdi hauei buruzko xehetasun argiak eta zehatzak jaso behar ditu:

  • Helmugak eta garraiobideak (ezaugarriak eta mota).
  • Iraupena, ibilbidea eta bidaiaren egutegia.
  • Ostatuen eta haien kategoriaren zerrenda.
  • Prezioan sartutako txangoak.
  • Otordu-kopurua.
  • Pasaporteei/bisatuei eta behar diren osasun-izapideei buruzko informazio orokorra.
  • Bidaiaren azken prezio osoa (zergak barne) eta aukerako txangoen prezio zenbatetsia.
  • Ea hizkuntzak baldintzatuko duen zerbitzu turistikoak erabiltzeko aukera, eta zein hizkuntzatan emango diren.
  • Zenbat diru ordaindu beharko duzun aurrerakin gisa, eta prezio osoaren gainerakoa ordaintzeko egutegia, bai eta, hala badagokio, finantzaketa-baldintzak ere.
  • Bidaia egiteko gutxieneko pertsona-kopuru bat badago, adierazi egin behar dizute, bai eta arrazoi horrengatik ezereztu dela jakinarazteko azken eguna ere.
  • Balizko erantzukizunei, ezerezteei eta bidaiaren gainerako baldintzei aplika dakizkiekeen klausulak.
  • Bidaia konbinatua antolatzen duen erakundearen edo pertsonaren izena eta helbidea, eta, hala badagokio, Espainian duen legezko ordezkariarena.

Informazio horrek, idatziz ematen badizute, argi, erraz ulertzeko eta irakurtzeko moduan idatzita egon behar du.

Programa-eskaintzan jasotako informazioa loteslea da bidaia-agentziarentzat, honako bi kasu hauetan izan ezik:

  • Informazio horren aldaketak argi eta garbi eta idatziz jakinarazi badizute kontratua egin aurretik, eta aukera hori eskaintzan aipatu badute.
  • Ondoren aldaketak egiten badira, alderdi kontratatzaileek idatziz adostu ondoren.

Bidaia hasi aurretiko informazio gehigarria

Bidaia hasi baino lehen, eta, beranduenez, erreserba berresteko unean, informazio gehigarri hau eman behar dizu bidaia-agentziak, idatziz edo jasota geratzeko moduan:

  • Ordutegiak, eskalak egingo diren lekuak eta loturak: eskalen eta konexioen ordutegiei buruzko xehetasunak, baita garraiobidean edo garraiobideetan okupatu beharreko lekuaren kategoria ere.
  • Helmugako ordezkarien datuak: bidaia-agentziak helmuga bakoitzean dituen ordezkarien izena, helbidea eta telefono-zenbakia. Tokiko ordezkaririk ez badago, larrialdiko telefonoa eman behar dizute, edo egoera zailetan bidaia-agentziarekin harremanetan jartzeko balioko dizun bestelako informazioa.
  • Aukerako asegurua sinatzeari buruzko informazioa: bidaian gerta daitezkeen kontingentziak estaltzeko aseguru-kontratu bat borondatez sinatzeko aukerari buruzko xehetasunak.

Informazio egokirik eman ez zaizula uste baduzu, garrantzitsua da gogoraraztea frogaren karga kontratatu duzun enpresari dagokiola, eta enpresak eman duen informazioa egiaztatzeko behar diren frogagiriak aurkeztu behar dituela.

Kontratuaren edukia

Bidaia konbinatuaren kontratua idatziz eman behar da, hizkera argi eta ulergarrian. Bidaia-agentziak klausulen edukiaren berri eman behar dizu kontratua egin aurretik, eta, sinatu ondoren, kontratuaren kopia bat eman behar dizu.

Kontratuak honako hauek jaso behar ditu:

  • Bidaiaren helmuga.
  • Aldiak eta datak.
  • Garraiobideak: garraiobideen ezaugarriei eta kategoriei buruzko xehetasunak.
  • Irteerako eta itzulerako datak, orduak eta tokiak.
  • Ostatuari buruzko informazioa: kokapena, kategoria, ezaugarriak eta otordu-kopurua barne.
  • Gutxieneko pertsona-kopurua, bidaia egiteko eskatzen badute. Zehaztuta egon behar du zer epemuga dagoen kontsumitzaileari jakinarazteko bidaia ezereztuz gero. Gutxieneko aurrerapena: bidaia hasi baino 20 egun lehenago, 6 egun baino gehiagoko bidaietan; 7 egun, 2 eta 6 egun arteko bidaietan; eta 48 ordu, 2 egun edo gutxiagoko bidaietan.
  • Ibilbidea.
  • Prezio osoan sartutako bisitak, txangoak edo bestelako zerbitzuak.
  • Erakundearen, txikizkariaren eta, aplikatzekoa bada, aseguratzailearen izena eta helbidea.
  • Zuzeneko harremanetarako datuak, helduen laguntzarik gabeko adingaberen batek bidaiatzekotan.
  • Kaudimengabezia-kasuetarako bermatzaile den erakundearen izena.
  • Bidaia konbinatuaren prezioa.
  • Deuseztatze-gastuak.
  • Ordaintzeko moduak, egutegia eta finantzaketa-baldintzak.
  • Kontratua ez betetze guztien berri emateko (idatziz edo erregistratuta geratzen den beste edozein modutan) kontsumitzaileak duen betebeharra.
  • Erreserbaren berrespena eskatzeko epea.
  • Erreklamazioak aurkezteko moduari eta arbitrajera jotzeko aukerari buruzko informazioa.
  • Kontratua lagatzeko eskubideei buruzko informazioa.

Bidaiako mediku-asegurua kontratatzea

Aukeratutako helmugaren arabera izango da beharrezkoa edo ez bidaia-aseguru mediko bat kontratatzea:

  • Europar Batasunaren barruan bidaiatzen baduzu doan eska dezakezu Europako Osasun Txartela.
  • Europar Batasunetik kanpo daiatu behar baduzu, eta, batez ere, helmuga exotikoetara (hala nola Karibe edo Afrika), gomendatzen dizugu aseguru bat kontratatzea, osasun-laguntza eta, istripuen kasuetarako, kalte-ordainak edo aberriratzeak barne hartuko dituena.

Bidaiaren erreserba ordaintzea

Kontuan izan bidaia-agentziak bidaiaren zenbateko osoaren % 40raino eska dezakezula erreserba gisa.

Kontsumitzaileak kontratua aldatzea edo ez betetzea

Erreserba beste pertsona bati lagatzea

Zure erreserba beste norbaiti transferitu ahal diozu, betiere bidaiarako behar diren baldintzak betetzen baditu. Kasu honetan:

  • Bidaia-agentziari idatziz jakinarazi behar diozu, bidaia hasi baino 7 egun lehenago gutxienez (kontratuak epe laburragoa ezartzen ez badu).
  • Zu eta hartzailea izango zarete, batera, prezioa eta lagapenetik eratorritako gastuak ordaintzearen erantzule.

Kontratua alde bakar batek deuseztatzea

Kontratua edozein unetan ezerezteko eskubidea duzu, eta egindako ordainketak itzul diezazkizuten. Dena den, agentziak konpentsazio justifikatua eska dezake, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Penalizazioa honako hauetan oinarritu daiteke:

  • Ezereztea zenbateko aurrerapenez egin den.
  • Kostu-aurreztea
  • Ordezko zerbitzuetatik espero diren diru-sarrerak.

Penalizazioa zehaztuta ez badago, bidaiaren prezioaren baliokidea izango da, ken kostu-aurreztea, ken zerbitzuen ordezko erabilera. Penalizazioa justifikatzeko eska dezakezu.

Aparteko kausa saihestezinen kasuanpenalizaziorik gabe ezereztu dezakezu, eta itzulketa osoa lor dezakezu, baina kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

Bidaia konbinatuen erreserbetan, ezustekoen ondoriozko ezerezte-gastuak estaltzeko aseguru bat eskaini behar dute agentziek.

Kontratuaren prezioa % 8 igotzen bada, kontratua deuseztatzeko eskubidea duzu, penalizaziorik jaso gabe.

Agentziak prezioak berrikustea eta kontratua aldatzea edo ez betetzea

Eskubide desberdinak dituzu bidaia noiz aldatzen edo ezerezten den kontuan hartuta.

Prezioak berrikustea

Agentziak ezin ditu kontratuaren prezioak doitu ez badu espresuki adierazi aukera hori dagoela. Prezioen berrikuspena, goranzkoa zein beheranzkoa, zure alde egin behar da. Ezin da gorantz berrikusi irteera-dataren aurreko 20 egunetan.

Prezioen berrikuspenak honako hauetan baino ezin ditzake izan aldaketak:

  • Garraioen prezioa, erregaiaren kostua barne.
  • Zerbitzu jakin batzuei dagozkien tasak eta zergak.
  • Bidaiari aplikatutako kanbio-tasak.

Igoera % 8tik gorakoa bada, kontratua hutsaldu dezakezu penalizaziorik gabe.

Irten aurretik bidaia aldatzea

Enpresa antolatzaileak funtsezko elementu bat aldatu behar badu irten aurretik hala jakinarazi behar dizu.. Bestela adostu ezean, bi aukera dituzu:

  • Kontratua penalizaziorik gabe suntsiaraztea.
  • Aldaketa onartzea, prezio-aldaketekin.

Agentziari jakinarazi behar diozu zer erabaki hartu duzun, haiek ezarritako arrazoizko epe batean. Hala egiten ez baduzu, kontratua suntsiaraztea aukeratzen duzula ulertuko da.

Aldaketak kalitate edo kostu txikiagoko bidaia badakar, prezioa horren arabera murrizteko eskubidea duzu.

Hasi ondoren bidaia aldatzea

Baldin eta, bidaia hasi ondoren, agentziak ezin badizu eman zerbitzuen zati handi bat:

  • Konponbideak aurkitu behar dituzte bidaiarekin jarraitzeko, kostu gehigarririk gabe. Azken prezioa merkeagoa bada, aldea itzuli beharko dizute.
  • Konponbideak bideragarriak ez badira edo baliozko arrazoiengatik onartzen ez badituzu, garraiobide baliokide bat jarri behar dizute abiapuntura edo adostutako beste leku batera itzultzeko, kostu gehigarririk gabe. Behar izanez gero, kalte-ordaina eska dezakezu.

Hotelak adostutako baino izar gutxiago baditu, ahalik eta lasterren jakinarazi behar diozu agentziari helmugan. Honako hauek eska ditzakezu:

  • Adostutako kategoriako establezimendu batean ostatu hartzea.
  • Prezio-aldea itzultzea.

Bidaia ezereztea agentziari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik

Kontratua hutsaltzea erabakitzen baduzu antolatzaileak irteeraren aurretik aldaketa garrantzitsu bat jakinarazten duelako edo bidaia irteera-data baino lehen ezerezten badu, eskubide hauek dituzu:

  • Ordaindutako zenbateko guztiak itzultzea.
  • Kalitate bereko edo handiagoko beste bidaia konbinatu bat egitea. Kalitate txikiagoko bidaia bat eskaintzen badizute, aldea itzuli behar dizute.
  • Eskubide berak aplikatuko dira erreserba-berrespena lortzen ez baduzu kontratuan ezarritakoaren arabera.
  • Ezereztuz gero, eskubidea duzu kontratua ez betetzeagatiko kalte-ordaina jasotzeko. Horren zenbatekoa desberdina da ezerezte-unearen arabera:
    • 2 hilabete lehenago eta 15 egun lehenago bitartean: % 5.
    • 15-3 egun lehenago: % 10.
    • Irten aurreko 48 orduen barruan jakinarazita: % 25.
  • Ez dago kalte-ordainik emateko betebeharrik, baldin eta ezereztea honako arrazoi hauengatik gertatzen bada:
    • Izena eman duten pertsonen kopurua nahikoa ez izateagatik, eta idatziz jakinarazi bada epe hauen barruan:
      • 20 egun lehenago, 6 egunetik gorako bidaietan.
      • 7 egun lehenago, 2 eta 6 egun arteko bidaietan.
      • 48 ordu lehenago, 2 egun edo gutxiagoko bidaietan.
      • Ezinbesteko arrazoiengatik (hau da, ezohiko kanpoko inguruabar aurreikusi ezinak, erreserba gehiegi hartzea izan ezik).

Kontratua ez betetzeagatik agentziak duen erantzukizuna

Kontratua ez betetzeagatiko erantzukizuna handizkariaren eta txikizkariaren artean banatzen da, haien erantzukizunen arabera, zerbitzuak egiten dituzten edo azpikontratatzen dituzten gorabehera.

Horretaz gain, bidaia konbinatuen antolatzailea eta txikizkariak dira kontratua ez betetzeak edo behar bezala ez betetzeak eragindako kalteen erantzule, kasu hauetan izan ezik, besteak beste:

  • Kontsumitzaileari berari egoztekoa bada akatsa.
  • Hirugarren bati egoztekoa bada akatsa, akatsa ezin aurreikusizkoa edo gaindiezina den kasuetan.
  • Ezinbesteko kasuetan.

Nola erreklamatu

Bidaia konbinatuarekin arazoren bat baduzu, gomendatzen dizugu urrats hauei jarraitzea:

  • Saiatu agentziarekin akordio batera iristen
    • Saiatu arazoa agentziarekin zuzenean konpontzen.
    • Txikizkariaren bidez transmititu dakizkioke mezuak handizkariari.
    • Handizkariari zein txikizkariari jar diezazkiekezu erreklamazioak.
  • Akordiorik lortzen ez baduzu

Gomendioak

Hona hemen bidaia konbinatu bat kontratatzerakoan erabilgarriak izango zaizkizun funtsezko gomendio batzuk:

  • Gorde dokumentazio guztia: aurrekontua, egindako erreserben egiaztagiriak, kontura emandako zenbatekoen ordainagiriak, fakturak, kontratua, publizitatea, etab.
  • Aukeratu erreferentzia onak dituen eta, ahal dela, Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita dagoen agentzia bat.
  • Egiaztatu bidaia konbinatuen katalogoen eskaintzetan bidaiaren ezaugarri eta xehetasun guztiak idatziz agertzen direla.
  • Exijitu idatzizko kontratua.
  • Bidaia atzerrira joatekoa bada:

Etxebizitza bat alokatzerakoan dituzun eskubide eta betebeharrei buruz gehiago sakondu nahi baduzu, gomendatzen dizugu Kontsumobideren blogeko artikulu hauek irakurtzea: