Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

Berrikuntza, jasangarritasuna, ibilbide profesionala, ekintzailetza eta kontsumitzaileen babesa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sarien ardatz

Argitalpen-data: 

Sailburuak turismoaren esparruko gobernantza eta indarra, merkataritzaren erronkei aurre egiteko babesa eta kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko premia azpimarratu ditu
Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sariak emateko ekitaldia Donostian egin da, eta sektoreko profesionalek hiru arloetan egindako lana saritu da bertan.

Sailburuak Sailak bultzatutako eta duela gutxi aurkeztu den Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan islatutako turismo-eredua azpimarratu du: “genero-berdintasuna, inklusioa eta tolerantzia errespetatzen duen turismoa. Besteak beste ingurumen-jasangarritasunaren, turismoa urtaro guztietara zabaltzearen, mugimenduen deszentralizazioaren eta ekoturismoaren edo industria-turismoaren sustapenaren alde egin duen industria”.

Sonia Pérez Ezquerrak, halaber, goraipatu egin du merkataritzaren sektoreko profesionalek erronka-garai honetan modernizaziorako laguntzen, digitalizazio-programen, etengabeko prestakuntzaren eta proiektu berrien (hala nola Retail Euskal Eskolaren eta Erosketa-turismo arduratsuaren) babesarekin egindako ahalegina.

Hala ere, sailburuak gogorarazi duenez, merkataritza babesteko nahitaezkoa da kontsumitzaileen sentsibilizazioa. “Tokiko erosketa prezioa baino gehiago da. Laguntasuna da, hiri-eredua da, segurtasuna da. Erosteko lekua erabakitzen dugunean, gure etorkizunerako nahi dugun gizarte-eredua aukeratzen dugu”. Hori dela eta, Sailak kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko deia egin du, kontsumo mota “kontzientea baita, gainerako pertsonak eta gure planeta errespetatzen dituena”.

Ondoren, saritutako pertsonen eta enpresen zerrenda emango dugu, kategoriaren arabera.

  • Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzeko jardunen Saria. Bilboko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB). KIUBa 1984ko abenduaren 18an sortu zen, eta 2006an ziurtatu zuen bere zerbitzu-karta. Estatuan ziurtatu zuen lehen KIUBa izan zen.
  • Kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokien Saria. Bizi Slow, Barakaldon. Dendaren kontzeptu berri honen leloa "zaindu zure burua eta zure ingurunea" da. Besteak beste, garbiketa-produktu biodegradagarriak eskaintzen ditu, ontziratu gabe. Azpimarratu beharrekoak dira hainbat elkarterekin lantzen duen lankidetza, ematen dituen informazio-hitzaldiak eta ohitura jasangarriak izaten ikasi nahi duten talde eta elkarteei eskainitako zerbitzua.
  • Aipamen berezia: Santurtziko KIUBa. Aipamen berezia eman zaio Santurtziko KIUBari, 1983. urteaz geroztik etengabe egindako jardueraren bitartez kontsumitzaileen eskubideak babesteko egin duen ekarpen handiagatik.