Kontsumobide

Etxebizitza alokatzeko laguntzak, Covid-19a dela eta

Argitalpen-data: 

Alokairua ordaintzeko luzamendua, errentatzailea enpresa bat edo 10 etxebizitza baino gehiago dituen jabe handi bat bada. 

Kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonek errentaren ordainketa ohiz kanpo eta aldi baterako geroratzeko eska dezakete, 2020ko maiatzaren 2a baino lehen.  Higiezinaren jabeak –pertsona zein entitate– 7 egun ditu eskaerari erantzuteko; bi aukera hauek ditu:

  • Errenta % 50 murriztu, alarma-egoerak irauten duen bitartean.  Kalteberatasun ekonomikoa zenbatekoa den ikusita, alarma-egoera amaitu eta 4 hilabetera arte luza daiteke epea.
  • Errenta ordaintzeko luzamendua egin, zeina alarma-egoera amaitu eta 4 hilabetera arte luzatu ahal izango baita eta hilero egin behar baita. Behin epea amaituta, ordaintzeke dagoen errenta gutxienez 3 urtean zatikatuko da, eta ordaindu gabe geratu diren zenbatekoak modu horretan ordainduko zaizkio errentatzaileari. 

Alokairua ordaintzeko luzamendua, errentatzailea ez bada enpresa bat edo jabe handi bat. 

Halakoetan, maizterrak eska dezake, maiatzaren 2a baino lehen, errenta aldi baterako aldatzeko; alegia, geroratzeko edo partzialki barkatzeko. Jabeak edo errentatzaileak 7 egun izango ditu eskaerari erantzuteko edo beste aukera batzuk proposatzeko. 

Akordiorik egin ezean, errentaria laguntza iragankorren programan sartu ahal izango da.  

Alokairua ordaintzeko laguntzak. 

Bat-batean kalteberatasun ekonomikoko egoeran geratu diren pertsonek gehienez 900 euroko laguntzak jaso ahal izango dituzte, errentaren % 100era iritsi arte. Mailegua ordaintzeko ere eska daiteke laguntza, baldin eta errentari aurre egiteko kontratatu bazen. 

Eusko Jaurlaritzaren alokairurako laguntzak. 

Eusko Jaurlaritzak dekretatu du ezen, apirilean eta maiatzean (ekainera luza daiteke), alokairua ordaintzetik salbuetsita egongo direla etxebizitzen parke publikoko edo hura osatzen duten programetako (Gaztegune edo Bizilagun) maizter kalteberak.   Salbuetsita egongo dira, halaber, kudeaketa publikorako lagata dauden titulartasun pribatuko etxebizitzetako maizterrak. 

Eusko Jaurlaritzari edo errentatzaileari aurkeztu behar zaio eskaera, kalteberatasuna egiaztatzen duen dokumentazioa erantsita. 

Alokairu-kontratuaren ohiz kanpoko luzapena. 

Alarma-egoerak irauten duen bitartean eta hura amaitu eta bi hilabeteko epean errentamendu-kontratua mugaeguneratzen bada, 6 hilabetera arteko ohiz kanpoko luzapena eskatu ahal izango da, eta errentatzailea behartuta egongo da hura onartzera. Kontrakoa adosten ez bada behintzat, luzapenak ez ditu kontratuaren gainerako baldintzak aldatuko. 

Zer da «familia-unitatea»? 

Hauek dira familia-unitateko kideak: zorduna; haren ezkontidea –legez bananduta ez badago– edo izatezko bikotekide gisa inskribatuta dagoena, eta etxebizitzan bizi diren seme-alabak –edozein adinekoak, baita tutoretzan, zaintzan edo familia-harreran bizi direnak ere– eta haien ezkontideak –legez bananduta ez badaude– edo izatezko bikotekide gisa inskribatuta daudenak, etxebizitzan bizi badira. 

Nor dago kalteberatasun ekonomikoko egoeran? 

  1. Errenta ordaindu behar duten eta langabezian, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean edo lanaldi-murrizketan dauden pertsonak –zaintza-arrazoiengatik edo antzekoengatik–, baldin eta horren ondorioz diru-sarreretan galera nabarmenak izan badituzte eta, gainera, luzamendua eskatu aurreko hilabetean diru-sarreren muga hauetara iritsi ez badira:
    • IPREM x 3. Muga hori 0,1 aldiz handituko da, eskatzailearen kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko; 0,15 aldiz, familia gurasobakarren kasuan. Halaber, 0,1 aldiz handituko da, familia-unitatean dagoen 65 urtetik gorako pertsona bakoitzeko.
    • IPREM x 4, % 33tik gorako desgaitasuna izanez gero, edo mendekotasuna, edo lanerako ezintasuna eragiten duen gaixotasuna.
    • IPREM x 5, hipoteka-zordunak garun-paralisia, gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala badu, gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-gradua onartuta; desgaitasun fisikoa edo sentsoriala badu, gutxienez ehuneko 65eko desgaitasun-gradua onartuta; edo gaixotasun larria badu, zeinaren ondorioz egiaztatuta baitago gaixoa edo haren zaintzailea ezinduta dagoela jarduerak egiteko.
  2. Errenta-luzamenduaren xede izan kuota guztiak eta oinarrizko gastuak eta hornidurak [1] batuta lortzen den zenbatekoak gutxienez familia-unitateko kide guztien diru-sarrera garbien % 35 izan behar du (Eusko Jaurlaritzaren laguntzen kasuan, % 30).
  3. Ezin da eduki bigarren etxebizitzarik Espainian (baldintza hori ez da bete beharko, frogatzen bada ezin dela etxebizitza hori erabili bananduta edo dibortziatuta egoteagatik, jabeari ez dagozkion arrazoiengatik, desgaitasunak eragindako irisgarritasun-arazoengatik, edo etxebizitza jaraunspen bidez eskuratu eta haren zati alikuota edukitzeagatik). 

Kalteberatasuna egiaztatzea. 

  1. Langabezia-ziurtagiria, non adieraziko baita langabezia-prestazioen edo -subsidioen kontzeptuan zenbat diru jaso den hilean.
  2. Autonomoa izanik jarduera eten bada, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoko organo eskudunak egindako ziurtagiria, interesdunak deklaratutako jarduera-etetearen gainekoa.
  3. Etxebizitzan zenbat pertsona bizi diren egiaztatzeko:
    • Familia-liburua, edo izatezko bikotea osatu izanaren egiaztagiria.
    • Etxebizitzan erroldatuta dauden pertsonen errolda-agiria, egiaztagiriak aurkeztu diren uneari eta aurreko sei hilabeteei dagokiena.
    • Desgaitasuna, mendekotasuna edo lanerako ezintasun iraunkorra deklaratzen duen agiria.
  4. Ondasunen titulartasuna egiaztatzeko:
    • Indizeen Erregistroaren ohar soila, familia-unitateko kide guztiei buruzkoa.
  5. Zordunaren erantzukizunpeko adierazpena, nahikoa baliabide ekonomikorik ez duela jotzeko baldintzak betetzeari buruzkoa.
  6. Dokumentaziorik ezean, erantzukizunpeko adierazpena aurkez daiteke, eta han justifikatuko da espresuki zergatik ezin izan den dokumentazioa aurkeztu –arrazoiek osasun-krisialdiarekin zerikusia izan behar dute–. Aurkeztu gabe geratu diren dokumentuak alarma-egoera eta haren luzapenak amaitu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.

 

________________________________________________________________________________________________________________

[1] Oinarrizko gastuak eta hornidurak

  • Elektrizitatea, gasa, berokuntzarako gasolioa, txorrotako ura, telekomunikazio finko eta mugikorreko zerbitzuak eta jabeen erkidegora egin behar diren ekarpenak, baldin eta ohiko etxebizitzari dagozkionak badira.