Kontsumobide

Kontsumo ministerioak ohar batean argitu ditu Dentixen porrotak eragindako erabiltzaileen eskubideak

Kontsumo-ministerioak, autonomi-erkidegoekin adostuta, informazio-ohar bat igorri du, Dentix erabiltzen duten pertsonek zer eskubide dituzten eta enpresak hartzekodunen konkurtsoa eskatu izanak zer eskubide kaltetu dituen azaltzeko.

Laburpen gisa, honako hau azpimarra dezakegu:

  • Dentix erabiltzen duten pertsonek kontratua betetzea edo suntsiaraztea eskatzeko eskubidea dute; horretarako, beren klinikara jo beharko dute eta itxita badago zentralera jo ahal izango dute (Dentix -Dentoestétic Centro de Salud y Estética Dental, SL. Av. Ribera del Loira, 56-58 2. solairua 28042 Madril)
    Erabiltzaileek eskura duten dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute, bereziki kontratua eta jasotako eta ordaindutako fakturak.
  • Erabiltzaileek eskubidea dute eman gabeko zerbitzuengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko.
    Hala ere, ordaindutako eta eman gabeko zerbitzuak itzultzeko orduan egoera desberdinak suertatu daitezke ordaintzeko moduaren arabera eta hartzekodunen konkurtsoa eskatu izanak baldintzatuta.
  • Aldez aurretik ordaindu dutenek jakin behar dute hartzekodunen konkurtsoa deklaratzen denetik ez dela demanda zibilik onartuko, eta erreklamazio guztiak konkurtso-prozeduran ebatziko direla. Bestela esanda, beste hartzekodun gisa tratatuko dira.
  • Lotutako kreditu bat sinatu duten pertsonek Dentix enpresari erreklamatu beharko diote, dela judizialki, dela judizioz kanpo, eman gabeko zerbitzuei dagokien zatia itzultzeko eskatzera bere banku-erakundera jo aurretik. Finantza-erakundearen aldetik erantzun egokia jasotzen ez bada, Espainiako Bankura edo Kontsumobidera jo beharko da.
  • Tratamendua kreditu pertsonal batekin baina zerbitzuari lotu gabe ordaindu duten pertsonek akordio batera iristen saiatu beharko dute beren banku-erakundearekin.
  • Eragindako erabiltzaileek eskubidea dute beren historia klinikoko dokumentazio guztia eskuratzeko, eta dokumentazio hori beren klinikan edo Dentix zentralean eskatu beharko dute. Eskubideak baliaraztea beharrezkoa balitz, Datuak Babesteko Espainiako Agentziara jo beharko dute.


Oharra osorik informazio guztiarekin