Kontsumobide

Kontsumobide Aholkuak

Amaierako txostena, ibilgailuak konpontzeko tailerren ikuskapen-kanpainari buruzkoak

Helburua

Ibilgailuak eta horien ekipamenduak eta osagaiak konpontzeko tailerren zerbitzuei buruzko araudiaren xedea da kontsumitzaileek konponketa guztiak egin ahal izatea beren eskubideak errespetatuko zaizkielako berme osoarekin; horrela, gainera, segurtasuna areagotzen da, ibilgailuak egoera txarrean egoteagatik istripuak gertatzeko arriskua murrizten baita.

Hauek ziurtatzea da kanpaina honen xedea: ibilgailuak konpontzeko tailerrek araudia betetzen dutela, eta informazio egokia ematen dietela kontsumitzaileei. 

Kanpainaren nondik norakoak

Kanpaina bi fasetan egin da.

  • In situ bisitaldiak ibilgailuak konpontzeko tailerrera. Fase horretan, protokoloak aztertzen dira, eta 10 eguneko epea ematen zaio tailerrari eskatutako informazioa aurkez dezan: fakturak, gordailu-egiaztagiria eta aurrekontua.
  • Jasotako dokumentazioaren azterketa, horretarako prestatutako protokolo-atala baliatuz.

Lurralde-zerbitzuek 70 jarduketa egin dituzte. Lurralde bakoitzean dagoen establezimendu kopuruarekiko proportzioan banatu dira jarduketak lurraldeka, bai eta lurralde bakoitzeko ikuskatzaile kopuruaren arabera ere.

Guztira, 70 tailerretan egin dira ikuskapenak.

  • Araban: 16
  • Bizkaian: 30
  • Gipuzkoan: 24

Gauzatze-epea

Kanpaina hau 2019ko azaroan eta abenduan egin da. 

Emaitzak

Egindako 70 ikuskapenetatik, 46tan aurkitu dira irregulartasunak (% 65,71). 

Honako hau izan da ez-betetze nabarmenenetako bat, duen larritasunagatik:

  • Tailerrak ez dauka eraikinaren fatxadan jarrita, erraz ikusteko moduko leku batean, dagokion plaka bereizgarria (% 7,14).

Hain larriak ez diren beste ez-betetze batzuk aurrekontuarekin lotuta daude:

  • Kasuen % 38,24an, ez dago konpondutako ibilgailua entregatzeko aurreikusitako datarik, aurrekontua onartzen denetik aurrera.
  • Ez dira ageri tailerraren sinadura eta data (% 29,73).
  • Ez dira ageri erabiltzailearen onarpen-sinadura eta data (% 22,22).
  • Ez dago adierazita noiz arte izango den baliozkoa aurrekontua (% 19,35).
  • Aurrekontuari buruzko informazioak ez du betetzen aurrekontuaren hamabi egun balioduneko gutxieneko baliozkotasuna (% 17,24).
  • Ez dira adierazi ibilgailuaren marka, modeloa, matrikula eta egindako kilometro kopurua (% 13,89).

Gordailu-egiaztagiriei dagokienez, % 18,84an ez da adierazi aurrekontua edo ibilgailua entregatzeko aurreikusitako datarik, eta % 13,04an ez dira ageri tailerraren sinadura eta data.

Tailerren % 13,95ek ez dio aurretiko eta idatzizko adostasunik eskatzen kontsumitzaileari, pieza edo ekipamendu berregokituak jartzeko.

Azkenik, bisitatutako tailerren % 7,25ek ez zeukan ikusgai erreklamazio-orriak eskuragarri daudela adierazten duen horma-irudia, eta horietatik % 1,45ek ez zuen erreklamazio-orririk.

Ondorioak

Ateratako ondorioek agerian utzi dute kanpaina honetan ikusitako ez-betetze gehienak arinak direla, nahiz eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erreklamazio ugari dituen sektore bat izan.

Ez-betetzeak ikusi zaizkien tailerrei ohartarazpena egingo zaie.

Azken aldaketako data: