Azken Txostena. 05/2021 kanpaina: Lore bakarraren eta mila loreen eztiaren kontrola.
Kanpainaren justifikazioa
2018ko urrian, nekazaritza-erakunde bateko ordezkariek agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarrean, eztiaren etiketatze eskasak eta erlezaintza-sektorean duen eraginak sortutako arazoak legebiltzarkideei azaltzeko. Izan ere, erlezaintza-sektore horrek 1.024 erle-ustiategi (88 profesional eta gainerako langile ez-profesionalak) eta 23.666 erlauntz zituen EAEn 2018ko urtarrilaren 1ean.
2020-06-22an argitaratu zen maiatzaren 19ko 523/2020 Errege Dekretua, eztiari buruzko kalitate-araua onartzen duen abuztuaren 1eko 1049/2003 Errege Dekretua aldatzen duena.
Horregatik guztiagatik, sektore hori ikuskatzea erabaki da, aplikatzekoa den araudia betetzen dela egiaztatzeko.
Gainera, egiaztatu da bisitatutako establezimenduetan badagoela erreklamazio-orrien gaineko kartela, eskuragarri daudela erreklamazio-orriak eta salmenta-tiketan nahitaezko datuak agertzen direla (establezimenduaren datuak eta kontzeptua).
Helburua
Kanpainaren helburua izan da azken kontsumitzailearentzako salmenta-puntuetan dagoen lore-eztia kontrolatzea. Etiketen kontrolaren bidez egiaztatu da kontsumitzaileari emandako elikadura-informazioaren betetze-maila, eta laginketaren eta kontrol analitikoaren bidez kalitate-parametroak betetzen diren ebaluatu da. Kanpainak izaera informatiboa izan du.
Kanpainaren nondik norakoak
9 ikuskapenak maiatzaren 28tik ekainaren 3ra bitartean egin ziren, baina lagin batzuen emaitzak irailean jaso dira.
Lortutako emaitzak
Egiaztapen-zerrenda duten establezimenduetako jarduerak
Ez-betetzeen % 40 antzeman dira, eta ohikoena da ez zela adierazten eztia zer herrialdetan bildu zen.
Beste ez-betetze garrantzitsu batzuk:
- Nahitaezko elikadura-informazioa ez da agertzen, gutxienez, Estatuko hizkuntza ofizialean (% 25).
- Gutxieneko iraupen-datan ez da errespetatzen eguna, hilabetea eta urtea adierazteko ezarritako ordena (% 20).
- Ez daude jasota kontserbazio-baldintza bereziak eta/edo erabiltzeko baldintzak, hala badagokio (% 20).
- Ez da ageri elikagai-enpresaren operadorearen izena edo izen soziala, elikagaiei buruzko informazioaz arduratzen dena Europar Batasunean, edo, Batasunean finkatuta ez badago, elikagaia Europar Batasuneko merkatura inportatzen duena (% 20).
- Ez da betetzen elikagaiei buruzko nahitaezko informazioa eskuragarri egoteko eta erraz ikusteko betebeharra (% 20).
- Ez da betetzen elikagaiei buruzko informazioak elikagaiaren ezaugarriei buruzko okerrik ez eragiteko betebeharra, eta, bereziki, honako hauei buruz: izaera, identitatea, ezaugarriak, osaera, kantitatea, iraupena, jatorrizko herrialde edo lekua eta fabrikatzeko edo lortzeko modua (% 20).
- Ez da betetzen elikagaiei buruzko informazioa kontsumitzailearentzat zehatza, argia eta ulerterraza izateko betebeharra (% 20).
Laginak hartu osteko jarduerak
5 ez-betetze antzeman dira guztira, eta guztiak lagin bakarrean. Hauek izan dira: erabilera/kontsumo data gaizki markatuta egon da eta gaizki azalduta egon dira erabilerari, loteari, nutrizio-etiketari eta etiketaren aurkezpenari buruzko jarraibideak.
Ondorioak
Jarduera gehienak artxibatu egin dira, baina batzuen ondorioz ohartarazpenak edo kanpo-komunikazioak egin dira.
Azken aldaketako data:



