- Hitzezko epaiketa esaten zaio, baina idatziz egiten da. Prozedura judizial bat da, azkarra eta merkea; kontsumitzaileen esku jarri den tresna eraginkor bat da, kopuru txikiak erreklamatzeko.
- Epaiketa zibil bat da. Zer kontatzen duzun eta zer eskatzen duzun, hori da garrantzitsua; epaileak ezingo du zure demandan kontatu ez duzun egintzarik ikertu, ez eta zuk proposatu gabeko froga edo lekukotzarik proposatu ere; ezingo du zure demandan eskatu gabeko ordainketak edo ekintzak egiteko irizpenik eman. Horrenbestez, ziurtatu gertatutako guztia kontatu duzula, eta ez ahaztu egin nahi dituzun eskaera guztiak egiteaz.
- Gorde beti agiri, faktura eta zure esku duzun guztia. Frogak dira, bai demanda estrajudizial baterako, bai Hitzezko epaiketa baterako.
- Diru-kopuru baten ordez beste zerbait eskatu nahi baduzu, erreklamatzen duzunaren arabera erabakiko da Hitzezko epaiketa edo epaiketa arrunt bidez erreklamatu.
- Hitzezko epaiketa funtsean idatziz egiten da, eta 6.000 eurotik beherako erreklamazioetan erabiltzen da.
- Erreklamazioa 2.000 euro baino gutxiagokoa bada, ez dago abokatuaren eta prokuradorearen beharrik.
- Ahozko ikustaldia aldeek eskatzen badute bakarrik izaten da, baina, adi, demanda zuk jarri eta ahozko ikustaldira agertzen ez bazara, ez duzula jarraitu nahi ulertuko da eta sortutako gastuak ordainaraziko dizkizute.
- Hitzezko epaiketa ezin da erabili abusuzko klausulek sortutako kopuruak itzultzeko eskatzeko; kasu horietan epaiketa arruntera jo behar da. Baina aurrez klausula ezdeusa dela adierazi bada, orduan jo daiteke Hitzezko epaiketara, betiere, 6.000 eurotik beherako erreklamazioetarako.
- Hitzezko epaiketara jo aurretik, auzibidetik kanpo erreklamatzea gomendatzen da, fede ona duzula frogatuko baitu horrek eta beste zenbait abantaila ere bai baititu. Notario-errekerimendu bidez, burofax bidez, KIUB batean, Kontsumobiden edo enpresan bertan egin dezakezu erreklamazioa, baina utzi idatziz jasota eta adierazi data, edukia eta zer eskatzen duzun.
- Gogoratu jaso izanaren agiria duen gutun batek ez duela edukiaren berri emateko balio. Beraz, aurretik aipatu ditugun bideetako bat erabiltzeko gomendatzen dizugu.
Hemen duzu behar duzun informazio guztia. 