Emaitzen txostena. Autozerbitzuko ikuztegien ikuskapen-kanpaina.
Justifikazioa eta helburua
Sektorearen eta frankiziatutako denden hazkundearekin 600 denda gehiago ireki dira estatu osoan, eta horrek, fakturazioa igotzea ere ekarri du. Kanpaina hau informatiboa izan da eta helburu izan du egiaztatzea hazkunde horrek ez duela eraginik kontsumitzaileen eskubideetan eta autozerbitzuko ikuztegien establezimenduetan betetzen direla kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko indarrean dauden arauak. Tiketak ematen diren ere egiaztatu da.
Kanpainaren izaera
Ikuskapen-kanpainak izaera informatiboa du.
Kanpainaren nondik norakoak
Guztira, 25 ikuskapen egin dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 3 lurraldeetan banatuta:
Autozerbitzuko ikuztegiak eskaintzen dituzten establezimenduetara joan eta kanpaina honetarako prestatutako protokoloa bete da. Era berean, establezimendu horietan kontsumitzaileei ematen zaien informazioari buruzko argazkiak ere atera dira.
Gauzatze-epea
2020ko abuztuan eta irailean egin da kanpaina.
Lortutako emaitzak
Egindako 25 ikuskapenetan ez-betetzeak egiaztatu dira, eta ohikoena izan da enpresaburuaren identitateari buruzko informaziorik ez agertzea, hau da, sozietate-egoitza, izen komertziala, helbidea eta telefono-zenbakia (% 96).
Nabarmentzekoa da, halaber, kasuen % 92an garbitzeko makinak ez zuela zerbitzuaren tiketa ematen, eta kasuen % 84an ez zegoela informaziorik erreklamazioak egiteko prozedurari buruz.
Beste ez-betetze adierazgarri batzuk:
- Eskatutako zerbitzua eman ezean, sartutako zenbatekoa ezin da automatikoki berreskuratu (% 47)
- Ez dago informaziorik onartzen dituen txanpon motei buruz (% 12)
- Ez dago azken prezio osoari buruzko informaziorik, emandako zerbitzuen zergak barne (% 8)
- Ez dago ordainketa-prozedurei buruzko informaziorik (% 4)
Ondorioak
Ez-betetze kasu guztietan ohartarazpenak bidali dira enpresek konpon ditzaten antzemandako akatsak. Beste kanpaina bat egingo da irregulartasunak konpondu diren egiaztatzeko, eta hala ez bada, zehapen-espedientea irekiko da.
Azken aldaketako data:



