Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

'Abusuzko klausulak kontrolatzea urrunetik formalizaturiko kreditu azkarren baldintza orokorretan eta kontratuetan' kanpainaren emaitzak

Helburua

Helburua izan da egiaztatzea kontsumitzaileek interneten bidez edo telefonoz formalizatzeko kreditu azkarren baldintza orokorrek eta kontratuek ez zutela legeriak edo jurisprudentziak abusuzkotzat jotako klausularik.

Lehen batean, kontrola baino ez zuen egin nahi kanpainak, baina, emaitzak ikusita, Kontsumobidek bazuen zehapen-prozedura abiarazteko aukera.

Noiz egin zen

2016aren bukaeran hasi zen, Kontsumobidek urte horretarako onartutako Kanpainen Urteko Planaren barruan, baina 2017an garatu zen.

Egindako jarduerak

Hiru lurralde-zerbitzuetako bakoitzak eskatu zien kreditu azkarren enpresa batzuei bidal ziezazkiela baldintza orokorrak eta aurreko lau hilabeteetan Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ziren pertsona fisiko kontsumitzaileekin formalizaturiko kontratu batzuk. Maileguaren zenbatekoak 200 eta 1.000 euroren artekoa behar zuen, eta itzultzeko epeak hiru hilabetekoa, gehienez ere.

Emaitzak

Kanpainak honako emaitza hauek utzi ditu:

  • Aztertutako kontratuen % 46an ageri da klausula bat, kontsumitzailea behartzen duena NANaren kopia bat ekartzera atzera egiteko eskubidea egikaritzeko. Horrek esan nahi du legeak eskatutakoez gaindiko betekizunak ezartzen zaizkiola kontsumitzaileari eskubide hori egikaritzeko.
  • Kontratuen % 46an parekatzen da ordainketa baten identifikaziorik eza ordaintzeko betebeharra ez betetzearekin, eta horrek galera ekonomikoa ekar liezaioke kontsumitzaileari (berandutza, zigorrak, eta abar).
  • Kontratuen % 46an, mailegu-emaileak egoki iritzitako kontzeptuei egozten dizkie kontsumitzaileak egindako ordainketak, eta klausula horrek urratu egiten du ordainketak egozteari buruz Kode Zibilak dakarren araubidea.
  • Kontratuen % 38an ageri dira klausula batzuk, mailegu-emailearen aldeko konpentsazioak ezartzen dituztenak mailegu-hartzaileak informazio faltsua emateagatik, betebeharrak ez betetzeagatik edo behar bezala ez betetzeagatik, baina ez da antzeko prestaziorik ageri kontsumitzaileen alde.
  • Kontratuen % 31n, mailegua itzultzeko epea zenbatzen hasten da enpresak kontsumitzaileari mailegua eman diola jakinarazten dionetik, baina kontsumitzaileak dirua jasotzen duenetik hasi beharko litzateke.
  • Aztertutako kontratuen % 31n ageri dira klausula batzuk, berandutze-interesa jartzen dutenak itundutako ordainketa-interesetik 2 portzentaje-puntu baino gorago.
  • Kredituen % 23an ematen zaio eskumena enpresari kontratua nahierara suntsi dezan, baina ez zaio ahalmen bera onartzen kontsumitzaileari.
  • Kredituen % 15ean ez da justifikatzen kostuak eta gastuak kobratzea ez ordaintzerik gertatuz gero.
  • Kredituen % 15ean ez da adierazten zein den UTB aplikagarria.
  • Kredituen % 15ean falta da informazioa luzapenen edo itzultzeko epea zabaltzearen kostuei buruz.
  • Kredituen % 15ean ageri da estipulazioren bat, kredituaren lagapena kontsumitzaileari zertan jakinarazi ez dagoela adierazten duena, edo kontsumitzaileak enpresa mailegu-emailearen aurrean erabil dezakeen defentsa mugatzen duena.

Aztertutako kreditu azkarren kontratu guztiek dute abusuzkotzat jo daitekeen klausularen bat. Hori dela eta, Kontsumobideko ikuskatzaileek aholkularitza juridikora bidali zituzten espedienteak, zehapen-prozedura ireki edo, hala balegokio, bestelako neurriren hartu behar bazen edo.

Ondorioak

Emaitzak ikusita, komeni da kontrolarekin jarraitzea hurrengo kanpainetan ere.