Xedea
Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten higiezinen agentziek eta Interneteko atariek kontsumitzaileei salgai edo alokairuan dauden higiezinen efizientzia energetikoaren berri emateko betebeharra betetzen dutela egiaztatzea izan da xedea.
Noiz egin den
2016ko azaroaren 28tik abenduaren 23ra egin zen kanpaina, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Kanpainen Urteko Planaren barruan.
Egindako jarduerak
Agentziek eta web-atariek salgai edo alokairuan dauden higiezinak sustatzeko edo horien publizitatea egiteko erabiltzen dituzten publizitate-euskarriak aztertu zituzten ikuskatzaileek.
Guztira, ehun jarduera egin ziren. Horietan, 51 higiezinen agentzien 50 erakusleiho eta 8 publizitate-liburuxka, 38 web-orrialderen edukia, eta prentsan edo agentzien lokaletan zuzenean lortu ez ziren beste liburuxka batzuetan argitaratutako 11 iragarki ikuskatu ahal izan ziren.
Arabako Lurralde Zerbitzuak hogeita hamar jarduera egin zituen; Bizkaikoak berrogei, eta Gipuzkoakoak hogeita hamar.
Emaitzak
Higiezinen agentziei dagokienez, erakusleihoak nahiz beren lokaletan har zitezkeen publizitate-liburuxkak ikuskatu ziren.
- Erakusleihoak:
- Aztertu ziren agentzietako erakusleihoen % 86k ez zuen araudia betetzen. Agentzien erdietan baino gehiagotan, ez zen higiezinen efizientzia energetikoaren etiketa aipatzen. Eta, herenean ia, aipatu aipatzen zen, baina "prozesuan" edo "izapidetzen" zegoela adierazten zen.
- % 14k zati batean betetzen zuen araudia: efizientzia energetikoaren etiketa erakusten zuten, baina etiketak ez zuen bat egiten legezko ereduarekin. Batek ere ez zeukan erregistro-zenbakia, eta, batzuetan, kontsumoari eta igorpenei buruzko datuak falta ziren. Gainera, batek ere ez zuen adierazten bereizgarria eraikin-proiektu amaituari edo jada bazegoenari buruzkoa ote zen.
- Publizitate-liburuxkak: % 75ean ez zen etiketarik ageri eta besteetan bereizgarriak ez zuen bat egiten legezko ereduarekin, kalifikazio-letra bakarrik jasotzen baitzuen.
Hau erakutsi zuen Interneten ikuskatu ziren higiezinen atarien azterketak:
- Weben % 21ek higiezin guztietan edo batzuetan erakusten zuten etiketa, baina ez zuten legezko eredua erabiltzen. Batzuetan, igorpenei eta kontsumoari buruzko datuak falta ziren. Batek ere ez zuen betetzen erregistro-zenbakia zehazteko edo kalifikazioa eraikin-proiektu amaituari edo jada bazegoenari buruzkoa zen zehazteko betebeharra.
- Orrialdeen % 24an, ziurtagiria "izapidetzen" ari zela jartzen zuen, edo ez zegoela efizientzia energetikoari buruzko daturik.
- Atarien % 55ean, ez zen etiketa ageri, eta ez zen aipatzen beharrezkoa zenik ere.
Prentsako eta agentzietan zuzenean eskuratu ez ziren beste liburuxka batzuen iragarkietan, publizitatea aztertu ahal izan zen.
- % 82k ez zuen efizientzia energetikoaren etiketa aipatzen.
- Gainerako % 18an, kalifikazio energetikoa ageri zen, baina ez erregistro-zenbakia edo kalifikazioa eraikin-proiektu amaituari edo jada bazegoenari buruzkoa ote zen.
Ondorioak
Emaitzek diotenez, komeni da etorkizuneko kanpainetan edo aldizkako ikuskapenetan efizientzia energetikoaren etiketa dagoen ala ez kontrolatzen jarraitzea.