Internet bidezko salmentarako webguneen ikuskapena, Covid-19ak eragindako krisialdian zehar
Justifikazioa
Covid-19ak eragindako krisialdia aukera izan zaie Internet bidezko salmentako enpresei, horien jarduera areagotu egin baita denbora-tarte horretan. Hori horrela, ikuskapen-lana ere areagotu egin behar zela erabaki zen, kontsumitzaileak babeste aldera. Oraingoan, urrutiko salmentara bideratuta dauden enpresa-webguneak kontrolatzera mugatu da kanpaina.
Helburua
Kanpainak bi helburu ditu:
- Batetik, aztertzea ea informazio egokia ematen zaion kontsumitzaileari honako hauei buruz: kontratu elektronikoa; produktuen izaera, funtsezko ezaugarriak eta prezioak; erosketa- eta kontratazio-prozedurak; ordainketa-moduak eta -prozedurak; atzera egiteko eskubidea; produktuen berme komertzialak eta salmenta-ondoko zerbitzuak.
- Eta bestetik, aztertzea ea enpresek eguneratu duten haien webguneetako informazioa, produktuak itzultzeko epeak eteteari buruz, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren arabera (COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzkoa).
Ikuskapen-kanpainak izaera informatiboa du.
Kanpainaren nondik norakoak
50 ikuskapen egin dira lurralde historiko bakoitzean (150 guztira), honako sektore hauetan:
- Arropa
- Oinetakoak
- Etxetresna elektroniko txikiak / Elektronika
- Jostailuak
- Etxerako tresnak / Etxerako hornidura / Altzariak
Gauzatze-epea
Apirilean egin da kanpaina.
Emaitzak
Ez-betetzeak ikusi dira kasuen % 98an; zehazki, 150 ikuskapenetatik 147tan.
Ez-betetze ohikoena da ez dela jakinarazi alarma-egoerak iraun bitartean etenda gelditzen zela produktuak itzultzeko epea (% 95,7).
Azpimarratzekoa da aurreko kanpainan ikusitako ez-betetze gehienek antzeko ehunekoetan jarraitzen dutela:
- Webgunean ez dute estekarik jarri auziak on-line ebazteko EBko plataformara erraz iristeko moduan (% 64,7).
- Ez dute adierazi kontsumitzaileak atzera egin eta hurrengo 14 egun naturalen barruan itzuliko dela, beranduenik ere, hark produktuen truke emandako zenbatekoa (% 42,9).
- Saltzailea gatazkak ebazteko sistema estrajudizial bati atxikita badago, edo halako sistemaren bat badu, ez du adierazi haren ezaugarriei buruzko eta sistema horretara sartzeko moduari buruzko informaziorik (% 41,7).
- Ez da jarri atzera egiteko formulario-eredurik (% 39,7).
- Ez da ageri enpresariaren saltokiaren helbide osoa, kontsumitzaileak kexak eta erreklamazioak aurkeztu ahal izateko han (% 22).
- Dirua itzultzeko moduari buruzko informazioa jarri bada, ez da adierazi kontsumitzaileak hasierako erosketa egiteko erabilitako bitarteko bera erabiliko duela enpresariak (% 21,7).
- Legezko bermeari buruzko informazioa egonez gero, ez du errespetatzen produktua entregatzen denetik aurrera bi urteko berme-epea, edo gutxienez urtebetekoa bigarren eskuko produktuetan (% 21,2).
- Ondasunei dagokienez, ez da ageri legezko adostasun-berme bat dagoela dioen adierazpena (% 21,1).
- Ez dira ageri produktuaren oinarrizko ezaugarriak ondasunetarako eta erabilitako euskarrirako neurri egokian (adibidez, eskuragarri dauden koloreak, prestazio teknikoak, taila, neurriak, etab.) (% 12,7).
- Ez dago adierazita kontsumitzaileak kontratuan atzera egiteko eskubidea duela (% 10).
Ondorioa
Ez-betetzeak nabarmenak dira, baina kontuan hartu behar da ez-betetze nagusia izan dela alarma-egoerak iraun bitartean produktuak itzultzeko epea eteten dela ez adieraztea, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuarekin bat (COVID-19ren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriei buruzkoa) eta arau hori oso berria dela.
Gainerakoan, ez-betetzeak aurreko kanpainetakoen ildo beretik doaz, eta ohikoena da webgunean ez dutela estekarik jarri auziak on-line ebazteko EBko plataformara erraz iristeko moduan.
Azken aldaketako data:



