Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

'Jostailuen segurtasuna' izeneko kanpainaren emaitzak

Helburua

Helburua izan da egiaztatzea jostailuek araudiak ezarritako markatze- eta etiketatze-betebeharrak nahiz segurtasun-betebeharrak betetzen dituzten.

Noiz egin zen

Kontrola urriaren 30etik azaroaren 10era bitartean egin zen, Kontsumobide-Euskal Kontsumo Institutuak 2017rako onetsitako urteko kanpainen planaren barnean.

Egindako jarduketak

Kanpainan, 102 protokolo-ikuskapen egin dira, hau egiaztatzeko: aurrez zerrenda batean zehaztutako betebehar guztiak betetzen dituztela produktuek. Era berean, 49 jostailu bidali dira Haurrentzako Produktuen eta Aisiaren Institutu Teknologikora (AJIU), azter ditzaten.

Kontsumobideren hiru lurralde-zerbitzuek parte hartu dute jarduketetan, eta azalera handietan, denda espezializatuetan eta beste saltegi txikizkari batzuetan egin dira. Mota guztietako jostailuak ikuskatu dira: irristailuak, gurpil-irristailuak, lerroko irristailuak, gurpil-oholak, patineteak eta jostailu-bizikletak; panpinak eta peluxeak; jarduera-jolasak; mahai-jolasak; dastamen- eta usaimen-jolasak; elikagaietan banatutako edo horietan nahasitako jolasak; kimikoak; funtzionalak; aurpegi-babesak eta kaskoak imitatzen dituztenak; jaurtigaiak jaurtitzen dituztenak; uretan erabiltzera bideratutakoak; edo haurtxoentzako sehaska, parke edo kotxe baten gainean lokarrien, elastikoen edo uhalen bidez esekitzera bideratutakoak.

Emaitzak

Guztira, hauxe antzeman du Kontsumobidek:

  • Ikuskatutako eta/edo aztertutako jostailuen % 17,9k irregulartasun motaren bat zuen.
  • Kontrolatutako gaien % 15,9k hutsak zituen etiketetan.
  • % 0,6kez zituen segurtasun-arauak betetzen.
  • % 0,6k beste baldintza tekniko batzuk urratzen zituen, segurtasunari eragiten ez zioten arren.

Gainera, bisitatutako saltegietatik bik ez zuten kartelik begi-bistan erreklamazio-orriak zituztela jakinarazteko.

Protokolo-ikuskapenetatik datu hauek atera dira etiketei dagokienez:

  • Kasuen % 7,8an, ohartarazpenen aurretik ez du «Ohartarazpena» edo «Ohartarazpenak» hitza jartzen, araudiak eskatzen duen bezala.
  • Kasuen % 5,8an, ez zen kategoriari dagokion ezinbesteko ohartarazpena
  • Kasuen % 1ean, ez ziren produktuaren erantzulearen datuak

Bestalde, laginek agerian jarri dute urraketen zati handi baten arrazoia etiketatze-akatsak direla, besteak beste, honako hauek: fabrikatzailearen helbide osoa ez adieraztea (aztertutako gaien % 18,3), helbideetako bat harremanetarako leku gisa ez nabarmentzea (% 10,5) edo «Ez da komenigarria 36 hilabete baino gutxiagoko hilabeteko haurrentzat. Pieza txikiak ditu» berariazko ohartarazpena ez jartzea.

Txostenak beste irregulartasun bereziago batzuk ere eman ditu ezagutzera: jostailu batek ez zuen Europako EE adostasun-marka eta 0-3 urteko haurrentzako ohartarazpen-ikurra ez zetorren bat arau-eskakizunekin; kasko batek ez zuen «Jostailu honek ez du babesten» ezinbesteko ohartarazpena erakusten; edo txintxirrin batek onartutako dezibelioak gainditzen zituen.

Jarduketa zuzentzaileak

Kontsumobidek neurri zuzentzaile egokiak hartu zituen antzemandako hutsak zuzentzeko:

  • Erantzulearen daturik gabeko jostailuaren kasuan, saltegiari eskatu zitzaion irregulartasuna zuzentzeko, merkatutik kentzeko edo suntsitzeko, informazio hori gabe ezin baitzen merkaturatu.
  • Institutuak EE markarik gabeko produktuaren enpresari eskatu zion EE adostasun-adierazpena erakusteko eta etiketak aldatzeko, baina enpresak jostailua merkatutik kentzea erabaki zuen.
  • Artikuluetako bat alerta-sarean sartu zen.
  • Ikuskatzaileek zerbitzu juridikoei jakinarazi zieten bi saltegi antzeman zituztela erreklamazio-orriak dituztela adierazteko kartelik gabe, erabaki zezaten ea zehapen-espedienterik ireki behar zen ala ez.
  • Gainerako ez-betetzeei dagokienez, Kontsumobidek zuzenean igorri zien jakinarazpena enpresak dauden autonomia-erkidegoei, eta egoitza EBko beste herrialde batean dutenen kasuan, AECOSANen bidez.

Ondorioak

Ez-betetze gehienen arrazoia da etiketek irregulartasun txikiak zituztela. Segurtasunarekin lotutako ez-betetze bakarra antzeman da.

Emaitzak gorabehera, kontuan hartu behar da kanpaina honetan denda espezializatuetako jostailuak ikuskatu direla, ez produktu merkeak saltzen dituzten saltegi edo bazarretakoak.

Azken aldaketako data: