Ostalaritzako prezioen eta erreklamazio-orrien kontrola izeneko kanpainaren emaitzak
Helburua
Helburua izan da ostalaritza-lokalek betebehar hauek betetzen dituzten ala ez egiaztatzea:
- Janariaren eta edariaren prezio guztien berri ematen dute.
- Prezioa BEZa barne erakusten dute kartetan, zerrendetan edo beste euskarri batzuetan, eta ez dute «merkatuko prezioaren arabera» nahiz antzeko adierazpenik erabiltzen.
- Terrazan hartutakoaren prezioa igotzen den adierazten dute.
- Erreklamazio-orriak
Ez-betetze hauek zehagarriak dira: erreklamazio-orririk ez izatearen, BEZa prezioen zerrendan ez sartzearen edo «merkatuko prezioaren arabera» jartzearen ondoriozkoak. Gainerakoek informazio-izaera dute.
Noiz egin zen
Kontrola martxoaren 12tik 23ra bitartean egin zen, Kontsumobide-Euskal Kontsumo Institutuak 2018rako onetsitako urteko kanpainen planaren barnean.
Egindako jarduketak
Guztira, kanpainan 226 jarduketa egin dira: 50 Araban, 65 Gipuzkoan eta 111 Bizkaian. Horietan parte hartu dute Kontsumobideren hiru lurralde-zerbitzuetako langileek eta Gasteiz, Bilbo, Portugalete, Muskiz, Erandio eta Irungo Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoetako (KIUB) langileek.
Emaitzak
Lokalen % 26,6k ez zuen betebehar zehagarrietakoren bat bete kanpainan:
- Lokalen % 8,4k kartako prezioak BEZik gabe erakusten zituen.
- Lokalen % 6,7k menua BEZik gabe erakusten zuen.
- Lokalen % 3,1ek hau erakusten zuen kartan: «merkatuaren araberako prezioa» edo antzeko erreferentziaren bat.
- Lokalen % 0,9k hau erakusten zuen menuan: «merkatuaren araberako prezioa» edo antzeko aipamenen bat.
- % 16,4k ez zuen kartelik begi-bistan jendeari erreklamazio-orriak eskuragarri zeudela informatzeko.
- % 8,4k ez zuen erreklamazio-orririk.
Janariaren eta edarien prezioaren informazioari eta terrazan hartutakoaren prezio-igoerei dagokienez, datu hauek atera dira ikuskapenetatik:
- Aztertutako establezimenduen % 53k ez zuen inon adierazten alkoholdun konbinatuen prezioa.
- % 79k adierazten zuen, bai, edariren baten prezioa, normalean ardoarena.
- % 33k ez zuen pintxoen prezioa adierazten; ehuneko hori % 61eraino igo zen Araban.
- Terrazadun lokalen % 3k bakarrik adierazten zuen hartutakoa garestiagoa dela kanpoan.
Ondorioak
Ez-betetzeen kopuruak adierazten du gomendagarria dela datozen ekitaldietan kanpaina berriz egitea, kontsumitzaileei edarien eta janariaren prezio guztien berri ematearen betebeharra nabarmentzeko eta, hala badagokio, irregulartasunak zehatzeko.
Azken aldaketako data:



