Kontsumobide

Kontsumobidek Euskal Autonomia Erkidegoan maskara saredunen marka baten salmenta geldiaraztea eskatu du

Argitalpen-data: 

Kontsumobidek Euskal Autonomia Erkidegoan banatutako maskara saredun batzuk laborategian analizatzeko eskatu ondoren, haien ezaugarriak etiketan adierazitakoarekin bat ez datozela egiaztatu du.
Iragazketa bakterianoaren efikazia % 15,3koa da, berriro erabiltzeko maskara higienikoetan UNE-0065 zehaztapenak % 90ekoa edo handiagoa izan behar duela agintzen duen bitartean.

Kontsumobideren bitartez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak maskarak aztertzeko 2 kanpaina egin ditu pandemia hasi zenetik, maskara horien etiketetan adierazitakoa zuzena ote zen egiaztatzeko. Halaber, otsailaren 12an, ostirala, Kontsumo Ministerioak argitaratutako araudi berrira egokitutako zehapen-kanpaina bat aurki hasiko duela iragarri du.

Maskara saredun edo garden gisa ezagutzen direnek eragindako zalantzaren eta haien erabilera hedatu izanaren aurrean, Kontsumobidek beste urrats bat ematea erabaki zuen kanpaina berria hasi arte itxaron beharrean, eta maskara horien lagin bat onetsitako laborategi batera igorri zuen. Laborategi horretan arnasgarritasun- eta iragazpen-baldintzak etiketan adierazitakoarekin bat datozen analizatu dute.

Analisiaren xedea zen, beraz, maskarei buruzko informazioan jasotako eta etiketan adierazitako informazioa eskatutakoarekin (UNE-0065: 2020) bat zetorren egiaztatzea. Horretarako, Iragazketa Bakterianoaren Efikazia (BFE) frogatu dute. Era berean, arnasgarritasuna aztertu dute.

Oro har, iragazketa bakterianoari dagokionez % 15,3ko efikazia ematen diote, UNE 65 arauak % 90ekoa edo handiagoa izatea eskatzen duen bitartean.

Etiketak araudia betetzen ez duela egiaztatu ondoren, Kontsumobide produktua fabrikatzen duen enpresarekin bildu da txostenaren emaitzak honi azaltzeko. Enpresa, une oro, laguntzeko prest azaldu da, eta produktua banatzailetatik eta salmenta-puntuetatik erretiratuko dute.

Kontsumobidek, aurki, azterketa-kanpaina berri bat jarriko du abian. Bertan, mota horretako maskara higienikoak ere aztertuko dituzte. Otsailaren 12an, ostirala, Kontsumo Ministerioak Agindu berria argitaratu zuen maskara higienikoak merkaturatzeko eta informazioa emateko baldintzak finkatzeko. Agindu horren arabera, enpresek 30 eguneko epea dute xedapen berrietara egokitzeko. 30 eguneko epe hori amaitu ondoren, maskaren etiketaren inguruko Kontsumobideren azterketa-kanpaina hasiko da, eta zigorrak ezartzeko ahalmena izango du.