Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

Kontsumoko Arbitraje Sareari enpresa eta saltoki gehiago gehitzeko kanpaina berria abiatu du Kontsumobidek

Argitalpen-data: 

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak kanpaina berri bat abiatu du gaur, enpresa eta saltoki berriek Kontsumoko Euskal Arbitraje Sisteman bat egin dezaten bultzatzeko.

Kontsumoko Arbitraje Sareari enpresa eta saltoki gehiago gehitzeko kanpaina berria abiatu du Kontsumobidek
  • Ana María Sánchez Herráez Kontsumobideko zuzendariak nabarmendu du arbitrajeak konfiantza ematen diela bezeroei eta enpresek kalitatearekin duten konpromisoa indartzen duela
  • Gaur hastekoa den kanpaina hainbat sektore ekonomikotara zuzenduta dago, eta arreta berezia jarriko da saltokietan eta onlineko negozioetan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 13a.

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak kanpaina berri bat abiatu du gaur, enpresa eta saltoki berriek Kontsumoko Euskal Arbitraje Sisteman bat egin dezaten bultzatzeko. Ekimen honen helburu nagusia gatazkak modu azkarrean eta epaiketez kanpo konpontzearekin konprometitutako enpresen sarea zabaltzea da, ehun empresarialaren eta kontsumitzaileen arteko konfiantza erraztuz.

Urtero, kanpainak jarduera-sektore jakin batzuetan jartzen du arreta. Edizio honetan, sektore helburuen artean honako hauek daude, besteak beste:

  • Akademiak, ikastetxeak eta autoeskolak.
  • Bidaia-agentziak eta aisialdiko eta ekitaldietako jarduera-zentroak.
  • Etxetresna elektrikoen saltokiak eta laguntza teknikoko zerbitzuak (LTZ).
  • Eraikuntzako, konponketako, iturgintzako, elektrizitateko, zurgatzailetzako eta kristailetzako enpresa eta profesionalak.
  • Garbiketa-zerbitzuak, mezularitza eta tindategiak.
  • Establezimendu hoteldunak, ostatuak eta landetxeak.
  • Higiezinen agenteak, aseguru-agentziak, optikak, entzungailuak eta ortopediak.
  • Ile-apaindegiak, estetikako zentroak eta ibilgailuak eta bizikletak konpontzeko eta erosi-saltzeko tailerrak.
  • Altzarien, etxeko dekorazioaren, lanparen, pertsianen, leihoen eta informatikaren eta telefoniaren dendak.

Era berean, aldi honetan Kontsumobidek bereziki eragin nahi du beren jarduera komertziala online garatzen duten enpresa eta profesionalengan.

Ana María Sánchez Herráez Kontsumobideko zuzendariak tresna honen garrantzia estrategikoa azpimarratu du: "Kontsumo-gatazka baten aurrean, produktu edo zerbitzu bat saldu digunarekin desadostasuna sortzen bada, arbitrajea da kontsumitzailearentzat sistemarik onena, azkarra, doakoa eta inpartziala delako. Baina abantaila handiak eskaintzen dizkie enpresei ere; izan ere, kalitatearekin, bikaintasunarekin eta bezeroekiko konfiantzarekin duten konpromisoa indartzen du. Gomendioa zuzentzen diet enpresei arbitrajera atxikitzeko, eta kontsumitzaileei atxikitako saltokiak identifikatzen dituen bereizgarria bilatzeko".

Kanpaina aurrez aurre garatuko da hiru euskal hiriburuetan eta hiru lurralde historikoetako herri jendetsuenetan. Gaur egun, 17.000 enpresa baino gehiago dira sare honen parte Euskadin.

Zer da Kontsumo Arbitraje Sistema?

Kontsumo Arbitraje Sistema borondatezko izaera duen gatazkak konpontzeko mekanismo publiko bat da, bide judizialaren ordezkoa. Bere borondatezkotasuna atxikipenaren aurreko fasean datza soilik; izan ere, enpresak arbitrajea onartu ondoren, emandako ebazpenak edo laudoak lotesleak dira; bi aldeentzat nahitaez bete beharrekoak.