Kontsumobide

'Arrain freskoaren etiketatuaren kontrola' kanpainaren emaitzak

Xedea

Arrain freskoaren etiketatuak araudian eskatzen den nahitaezko informazioa jasotzen duela egiaztatzea izan da xedea.

Horretaz gain, trazabilitate-datuak egiaztatu dira, indarreko araudiarekin bat egiten zuten ikusteko.

Noiz egin den

Kontrola 2018ko ekainaren 12tik ekainaren 26ra bitartean egin da.  Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailaren mendeko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuarekin batera egin da kanpaina. 

Egin diren jarduerak

Arrandegien eta supermerkatuen artean, 85 establezimendu ikuskatu dira: 18 Araban, 38 Bizkaian eta 29 Gipuzkoan. Legatza, hegaluzea eta antxoa ikuskatu dira, eta, tokiren batean halakorik egon ez bada, itsas zapoarekin eta sardinarekin osatu da kontrola.

Kanpaina bi fasetan garatu da: bata informatiboa izan da, eta bestea zehatzailea. Halaber, bi protokolo jarraitu dira: bata Kontsumobiderena, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuarena bestea.

Emaitzak

Urraketa ugari hauteman dira: 183 urraketa, aztertutako 252 arrainetan. Horietatik, 45 Araban hauteman dira, 65 Bizkaian eta 73 Gipuzkoan, azken hori izaki urraketen ehuneko handiena duen lurralde historikoa.

Honako arlo hauetan atzeman dira urraketak: ekoizpen metodoan (% 50,79), izen zientifikoaren adierazpenean (% 47,62) eta harrapatze- edo hazte-eremuaren adierazpenean (% 48,48).

Erreklamazio-orriekin zerikusia duten urraketak gailentzen dira: 26 establezimenduk ez zeukaten erreklamazio-orririk, eta 22k ez zeukaten informazio-kartelik begien bistara.

Ondorioak

Lurralde historikoen arabera, desberdintasunak atzeman dira urraketa-mailan: Araban eta Gipuzkoan % 84 ingurukoa da, eta Bizkaian zertxobait txikiagoa, % 58koa.

Kanpainaren lehenengo faseko zigorretan ere, aldeak daude: Bizkaian % 4,46, Gipuzkoan % 48,72 eta Araban % 61,11.

Horrenbeste urraketa atzeman dira, ezen datozen urteetan berriro egin beharko baita kanpaina.

Azken aldaketako data: